Iruña-Veleiako grafologia azterketez
Roslyn M. Frank
Doktorea eta AEBetako Iowako Unibertsitateko irakaslea
Badira urte batzuk Iruña-Veleiako auziak jakin-mina piztu zidala; arreta handiz jarraitu ditut gertakizunak, prentsaren zein Interneteko foroen bitartez. Hasieran, «ezohiko grafitoei» buruzko lehen albisteak zabaldu zirenean, oso interesgarriak eta inportanteak iruditu zitzaizkidan aurkikuntza arkeologiko horiek, alderdi anitzetatik, gainera, eta kontu handiz aztertu beharrekoak zirela pentsatu nuen. Baina xehetasunei ez nien gehiegi erreparatu hasiera hartan, lanak, familiak eta beste eginkizun batzuek harrapatuta nindukatelako.
Pentsatzen nuen, denborarekin, aurkikuntzei buruzko informazio gehiago agertuko zela eta eztabaida ere piztuz joango zela, horren zantzuak nabarmenak baitziren 2006ko bukaera aldera. Berehala jabetu nintzen polemika handitzen eta gogortzen zihoala, 2008ko azaroaren 19an gailurra jo zuen arte, egun horretan, ustezko «ahobetekotasun zientifikoan» oinarrituta, erabaki baitzen piezak faltsuak zirela; are gehiago, faltsifikazio berriak zirela, aurkitu ziren garaitsukoak.
1970eko hamarkadan hasi nintzen euskara ikasten, eta harrezkero interes handiz jarraitzen dut berari lotutako guztia. Aurkikuntzen inguruko eztabaida gertutik segitzen hasi nintzen, batez ere Arabako Foru Aldundiak aztarnategia itxi eta haren zuzendari Eliseo Gilen aurka kereila jartzea erabaki zuenez geroztik. Poliki-poliki, gertatutakoak ezagutuz joan nintzen, eta baita, halako batean, zeintzuk ziren Lurmeneko zuzendariaren eta haren taldearen aurkako neurriak abiarazi zituzten balizko frogak ere.
Arabako Diputazioak bere erabaki larria hartu eta ia urtebetera, El Correo-k (11-21-2009) argitaratutako erreportajearen bidez jakin nuen grafologia azterketa lan bakar batean oinarrituta jarri zuela kereila diputazio horrek Eliseo Gilen aurka. Oso txosten laburra zen, hogei bat orrialde besterik ez faltsifikazioa frogatzeko, Interneten kontsultatu ahal izan nuena, handik egun gutxira. Txostenak hedabideetan izandako islaren eraginez lehenik, eta txostena bera irakurrita, gero, ondorengoaz jabetu nintzen: komun erromatar baten estalkiaren errepikan agertutako letra batzuen eta aztarnategian aurkitu ziren grafitoetako beste batzuen artean omen dagoen antzekotasunean oinarritzen zela txostena. Beste modu batera esanda, letrina hori bihurtu zela froga material nagusia Gilen balizko erruduntasuna frogatzeko.
Gaiaren larritasunaz jabetuta, nire harridura handituz joan zen jakin nuenean Arabako Diputazioak, lehen kaligrafia azterketa hori ez zela erabakigarriegia ikusita, beste bi azterketa lan eskatu zituela, ondorio indartsuagoak lortu nahian, dirudienez. Prentsaren bidez izan dugu bi lan horien berri, esan beharra baitago artikulu hau idatzi zenean txostenak defentsaren eskuetara heldu gabe zeudela.
Letrinak eta haren gainean egindako txosten kaligrafikoek jokatzen zuten oinarrizko paperaz jabetuta, gaia sakon ikertzea eta azterketa lan horien emaitzek izan zezaketen froga balioa aztertzea erabaki nuen. Ehun orritik gorako lana izan da ikerketa horren emaitza (Informe sobre los peritajes grafológicos de Iruña-Veleia), Gasteizko 1. Instrukzio Epaitegian entregatu berri dena eta www.sos-veleia.org eta www.veleia.com guneetan edonork kontsulta dezakeena, ahalik eta gardentasun handienaz jokatu nahi izan dugulako. Zera esan nahi dut, oraingo honetan, azterlan berri baten albistea aldi berean ematen zaiola prentsari eta haren berri izan nahi duen edonori, Interneten ipiniz, horrela mundu guztiak aukera izan dezan plazaratzen diren argudioen balioa epaitzeko.
Orain arte egindako azterketa lan guztiak errepikaren letra eta marrazkiak alderatzen dituzte grafitoetakoekin. Baina auzitegian balio duen kaligrafia azterketa egin ahal izateko bi elementu dira ezinbestekoak: lagin «zalantzarik gabeko» bat, eta «zalantzazko» beste bat. Lehena idazlearen letra laginak hartuz lortzen du adituak, gero sinadura edo agiri zalantzazkoekin alderatu ahal izateko. Alderaketak ez du inolako baliorik, zalantzarik gabeko idatzi gorputz hori ziurtatuta izan gabe. Eliseo Gilek onartu du marrazkiak berak egin zituela, baina errepikako inskripzioak nork egin zituen ez dela gogoratzen esan du. Hala ere, AFAkoek eta kaligrafia adituek ez dute haren kaligrafia laginik hartu. Horregatik, frogatu gabeko ekintzaren ondorio den premisa batetik abiatzen dira, hau da: errepikako grabatuak esku bakarrarenak direla. Eta nahiz eta ustezko egilearen letraren lagin zalantza gabeko bat ez eskuratu, grafologoek esaten dute Gilek egin zituela letrinako grabatu guztiak, berak lan kolektiboa izan zela baieztatzen duen bitartean.
Horregatik, egin gabeko kaligrafia azterketan oinarritzen da diputazioaren premisa, errepikako grabatuak esku bakarrak egindakoak direla frogatu behar baita lehendabizi. Eta premisa horri balioa emateko grabatuen grafologia azterketa egin beharko litzateke, esku bakarraren edo gehiagoren lana den erabaki ahal izateko. Grafologia adituek ez zuten horrelakorik egin beren azterketan; nire kontra-txostenean, ostera, egin da, eta emaitza Gilen bertsioaren aldekoa da: frogatuta geratzen da errepika lan kolektiboa dela, eta esku batek baino gehiagok hartu zutela parte. Gainera, berriro ere demostratu gabeko hipotesi batetik abiatzen dira adituak, errepika didaktikoaren eta grafitoen arteko lotura frogatuta balego bezala, eta baita grafitoak esku bakarrarenak direla ere.
Kontra-txostenean laburbilduta datoz atera ditudan ondorioak, honako hauek, besteak beste: lehen txostenak froga balio eskasa duela, eta berriagoek ere bai, itxura guztien arabera, premisa berberetatik abiatzen direlako, oso premisa eztabaidagarriak eta juridikoki ahulak; zalantzarik gabeko laginik eta metodologia zientifikorik ez dutela erabili, beste ahultasun edo irregulartasun batzuekin batera. Zehaztasunak txostenean aurki daitezke. Horrela gauzak. Nahi nuke nire azterlana, interesgarria izateaz aparte, lagungarria ere izatea Iruña-Veleiako auzian egia nagusitu dadin.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
