Euskara eta lana
Petra Elser
Itzultzailea
Azken bost hilabeteetan gaztelania hutsean funtzionatzen duen enpresa batean lan egin ondoren, eta horri buruz nire ondoeza aipatuz, asko harritu nintzen zeintzuk ziren nire ingurukoen komentarioak: «A, baina hori horrela da...», «Normal...», «Ordaintzen dizuten bitartean ...»... edo sorbalda altxatu, besterik gabe, hor ezer egitekorik izango ez balitz bezala.
Erreakzio horiek, izan ere, ez ziren euskara bost axola zaien pertsonenak izan, baizik eta, besteak beste, urte askotako euskararen aldeko militanteenak edo euskararen normalizazioan lan egiten dutenenak.
Egunero zortzi ordu, nik hautatu ez eta erabiltzeko ohiturarik ez daukadan hizkuntza batean aritzea gero eta jasanezinago egin zitzaidan neurrian, gero eta harrigarriago egin zitzaizkidan komentario edo indiferentzia horiek. Konturatu nintzen guztiz barneratua eta sustraitua dagoela euskara eta lana bereizteko jarrera bat: hau da hau, eta hori da hori. Edo alemanez, gaur egun nire bigarren hizkuntza den horretan esango nukeen moduan: Bier ist Bier und Schnaps ist Schnaps. Garagardoa garagardoa da, pattarra pattarra da. Ez nahastu gauza bat bestearekin.
Lan mundua, dirudienez, ez da euskararen territorioa. Hor, dirudienez, beste faktore batzuk nagusitzen dira: betebeharra, egonkortasun ekonomikoa... edo, agian, barneratutako zapalkuntza edo etsipena, besterik gabe.
Baina, ez al da hizkuntza gure bizitzaren parte garrantzitsuenetako bat, besteekin harremanetan sartzeko atea, gure iritziak, sentimenduak, jakinduria eta profesionaltasuna adierazten dugun tresna? Eta ez al da harrigarria, hori guztia egunero zortzi ordu gurea ez den hizkuntza batean egitea?
Edo, akaso, euskara teknikaria, irakaslea edo, asko jota, funtzionario izan behar da, euskaraz lan egiteko?
«Normaltasuna» irizpide erlatiboa da, kontuz erabili behar dena, baina elkar ulertzeagatik «normaltzat» hartzen badugu inguruko beste hizkuntzen parean izatea, sinpleki esan dezakegu hau ez dela normala. Ez egoera bera, baina, are gutxiago, egoera hori «normaltzat» jotzea.
Stockholmeko sindromea deitzen duten antzeko zerbait, non bahituak bahitzailearekin identifikatzen diren.
Harridura honen baitan, irakurri nuen BERRIAn, duela aste gutxi, Imanol Miner euskara teknikariari egindako elkarrizketa. Hortxe deskribatzen du berak auto-kolonializazio mekanismo hori, eta konparatzen du egoera askotan gizarteko bigarren mailan egotea pairatu dutenekin: emakumeok, beltzak, homosexualak... Giza talde horiek, bide luzea egin ondoren, bere egoeraz jabetzea lortu dute eta horri buelta ematea.
Iruditzen zait lan sektorea dela euskaldunok kanporatze handiena pairatzen duguna, eta, aldi berean, zalantzan gutxien jartzen duguna. Hainbat artikulu irakurri ditugu, azken asteetan, euskara elkarteen gogoeta prozesuari buruz, etorkizunari begira erronkak zein diren aztertuz. Miner-ek ere aipatzen duen bezala, orain arte askoz gehiago (eta gehiegi) zentratu dira euskara elkarteak udalerri eta auzoaren ideian. Ondorioz, ekintza-eremua, askotan, aisialdi edo militantziaren mugen barnean geratzen da.
Aldi berean, gizartean, lanaren eta euskararen arteko lotura positiboa lortu eza, jende askorentzat euskara eta lanaren arteko asoziazioa lanpostu jakin bat lortzeko gainditu behar den hizkuntza profila da, lanpostua lortuz gero, hori guztia ahalik eta azkarren ahazteko, azterketa eta euskara bera.
Guztiz bide egokia iruditzen zait, beraz, euskara elkarteek beren hausnarketa prozesuan beste sektore eta beste eremu batzuei, lan eremuari edo etorkinen egoerari besteak beste, arreta gehiago jartzea.
Eta, berriro, Imanol Minerren hitzekin bat eginez, horizonte berriaren bilaketa horretan, hiztunaren jabetzea eta auto-antolamendua da giltzarria.
Hiru elementu behar ditu, nire ustez, jabetze horrek: kontzientzia, tresna eta babesa. Ordena horretan eta bizitzaren eremu guztietan, lanarena barne.
Zer gertatuko litzateke, Kilometroak eta antzekoetara joaten diren milaka lagunek, bat-batean, beren lanpostuetan euskara erabiliko balute? Eta hori hain bat-batean posible ez balitz, hortxe bertan pauso sendoak emango lituzkete, euskara bere laneko hizkuntza izateko? Lankide eta kolaboratzaile euskaldunen artean, lana euskaraz egingo lukete, hiztegi egokiak sortuz, formakuntzak euskaraz emanez, webgunea euskaraz eskainiz, enpresa zuzendaritzari pausoak aurkeztuz eta falta diren eskubideak salatuz?
Hori egiteko, noski, ez da hutsetik abiatu behar. Badira esperientziak, eta hemen, ideia nagusia ulertzeko gauzak gordinki esan arren, badira ofizio batzuk mendeetatik euskaraz funtzionatzen dutenak, eta bai enpresak euskaraz funtzionatzen dutenak eta hainbat urtetako esperientzia dutenak enpresen euskalduntze prozesuan. Eta momentu honetan, badago arriskua, hizkuntza politikaren aldaketa dela medio, sektore batzuetan (Hezkuntzan, Osakidetzan, Administrazioan...) urteetan lortutakoa berriro galtzeko.
Baina urte hauetako esperientziak ere erakutsi du soluzioa ez datorrela politikatik soilik. Legeak eta planak dira tresnak eta babesa, eta beharrezkoak eta lagungarriak dira, baina abiapuntua da hiztunaren kontzientzia. Hiztun heldua, kontzientea, segurua eta baikorra.
Eta hiztun kontziente horrek bilatzen ditu behar dituen tresnak, eta ematen eta bilatzen du babesa, elkarte, organismo eta erakunde guztien aldetik. Baina ez bizitzaren eremu horretarako «erreserbatu» direnetan, baizik eta bizitza berarentzako, bizitzaren osotasunean, lan orduak eta lan ibilbidea barne.
Dena daukagun hiztunak gara, eta euskara erritmoz, jakinduriaz eta aberastasunez bete-betean bizitzen eta partekatzen badugu, hiztun kontziente gehiago erakartzen dugu naturalki. Edozein lekutan eta edozein momentutan, horretarako moralezko konpromisorik eskatu beharrik gabe.
Edo nire bigarren hizkuntzako poetak, Bertolt Brecht handiak, esan zuen moduan: Wer seine Lage erkannt hat, wie sollte der aufzuhalten sein? «Bere egoera antzeman duena, ez dago geldiarazterik».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
