Euskal bakea
Patxi Zabaleta. Jon Abril. Rebeka Ubera.
Aralarreko kideak
Euskal Herriak, euskaldunok, erabaki historiko bat eta keinu adierazgarri bat behar dugu, bakearen protagonistak izatea. ETA erakundeak bakea zor dio Euskal Herriari, eta ez Espainiako estatuari ez bestelako estatu edo erakunderi. ETAk Euskal Herriari egin behar dio, modu esklusiboan eta alde-bakarrekoan, bakearen ordainketa.
Keinu adierazgarriak eta erabaki duinak dira zilegitasun soziala ematen dutenak. Euskal bakea eskuratzea beharrezkoa da; lehenengo eta behin, justiziagatik, baina baita baskoien herri europarrak, Euskal Herriak, duen aldarrikapen politikoen birtualtasunagatik ere.
Bakea ez digu inork oparituko euskal herritarroi. Bakea irabazi egin behar dugu, historiak ere irakasten digulako askatasuna eta justizia irabazi beharrekoak direla.
Julen Madariagak ondo adierazi zuen bezala, ETA arrazoi politikoengatik sortu zuten, eta bere jarduna arrazoi politiko hutsengatik eten behar dute.
Euskal bakeak ekimen bat, bultzapen bat, enbido bat esan nahi du. Euskal bakeak esan nahi du ETAk borroka armatua erabaki alde bakarrekoz etetea, eta behin betikoa eta egiaztagarria izatea. Gainera, kalte-ordainik edo baldintza politikorik gabekoa izan behar da.
Gure herriaren duintasunak eskatzen du Loiolakoaren ereduko prozesuak sortutako itxaropenak albo batera uztea. Itxaropen hori, inoiz existitu bada, agortutzat, zaharkitutzat eman behar da. Ez bakarrik birtualtasun demokratikorik ez daukalako, baizik eta bertan parte hartu zutenen artean elkarrekiko errespeturik eta leialtasunik ez zelako izan.
Edozein lorpen edo aurrerapauso politiko edo balizko prozesuren bat ez litzateke demokratikoki onargarria izango, ezta sozialki gobernagarria ere. Gainera, balizko lorpen politiko hori ez litzateke baliagarria ez onuragarria izango, gure herriaren aldarrikapenen muga bihurtuko litzatekeelako. Armak uztean oinarritutako aldarrikapena baino aurrerago doan beste aldarrikapen bat nola arrazoitu genezake? Historiak eta politikak erakusten digute, gure historian bertan dauden adibideekin, esaterako, bazterketan edo prozeduran oinarritutako aldarrikapenak ikuspegi osoagoa oztopatzen duela. Horregatik balizko prozesu baten aurkako eta alde bakarreko armak uztearen aldeko gure jarrera, horixe baita euskal bakea.
ETA bezalako mugimendu bat bide polizialetatik gelditzea ezinezkoa dela sinetsita gaude. ETAko kideen jatorria zein motibazio pertsonalak izaera eta osagai politikoak dituzte.
Baina epe soziala amaitzen ari dela jakin behar dugu. Euskal bakeak epea eta amaiera dauka.
Pentsamolde zibila gure gain hartzeko desafioa gainditzean datza aldaketa kopernikarra. Gaitasun militarra, erantzuteko eta berriz antolatzeko gaitasuna erakusteko amarruan ez erotzean. Horixe da, hain zuzen, izan diren Rubalcaba guztiek jarritako amarrua. Estatuak amortizatua dauka ETAren borroka armatua, eta, beraz, ekintza armatu bakoitza onuragarria da estatuarentzat.
Euskal bakeak Euskal Herriko gizartearen eskuetan jarriko luke zilegitasun osoa, sufrimendua pairatu dutenen gogobetetze osorako, hau da, biktimen benetako gogobetetze humano bakarra eta normalizazioa eta amnistia aldarrikatzeko eskubidea, beste lurralde eta herri batzuetan egin ahal izan duten bezala.
Bakeak ate asko irekiko dizkigu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere. Herri bezala ditugun nahiei eta eskariei ez diezaietela estatuek aitzakiarik bilatu bake faltan. Arrazoi demokratikoen defentsa ezin du indarkeriak zikindu. Eta herri bezala ditugun eskariak, gure etorkizuna guk geuk erabakitzeko eskubidea, alegia, zilegitasun eta aitortza handiagoa jasoko du. Gehiengoak biltzen lagungarri izango zaigu. Giza eskubideen ikuspegitik onartezina da indarkeria, eta gure borroka nazionala garatzeko oztopo.
Bereizi egin behar dira bakegintza eta akordio politikoa. Orain arteko esperientzietatik hori da hartu behar dugun ikasgai nagusia. Akordioa denboran iraunkorra eta egonkorra izatea nahi badugu, eztabaida politikoa ordezkari politikoen esku utzi behar da, hauei baitagokie elkarbizitzarako akordio berri bat lortzea. Inor baztertu gabe. ETAk estatuarekin negoziatu beharreko bakarra presoen, desarmearen eta biktimen erreparazioa dira. Ez besterik.
Eta, horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketaren balioa azpimarratzen jarraitzea. Elkarrizketa da munduko edozein gatazkaren konponbiderako tresna bakarra. Gure gizartean elkargune berriak eraiki eta bake iraunkorra bermatzeko bitartekorik eraginkorrena da. Euskaldunon hitza da bakea.
Euskal bakea proposatzen dugu 2011ko Aberri Egunerako eztabaidagai bezala. Mezua da garrantzitsuena. Eta mezuaren barruan edukia da garrantzitsua, argazkien, esloganen eta itxuren gainetik. Baldintza gabeko bakea nahi ote dugun da benetako eztabaida, bakeari ezin diogulako baldintzarik jarri.
Zutik jartzeko ausardia da euskal bakea, baina ez geldirik egoteko, baizik eta Altsasun abiatutako bidea amaitzeko. 1977ko Altsasuko Mahaian.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
