Bakean biziko gara, bakean uzten gaituztenean
Josu Iraeta
Idazlea
Azken berrogei urte hauetan bizi izan ditugunak adierazten digu - nahiz helburuak zehazten lagundu-, konfrontazioa eta zatiketak norentzat diren mesede. Ikusi besterik ez dago nork eta nolako helburuekin kudeatzen dituzten Carlos III eta Ajuria Eneko jauregiak. Baita boterea eskuratzeko zer-nolako indar metaketa bitxiak gauzatzeko gaitasuna erakusten duten ere. Baina esperientziak esaten digu ere, beti izan ditugula etsai indartsuak aurrez aurre. Ez baita gaurkoa Paris eta Madriletik jartzen diguten amu zitala: demokraziaren bizi gara, instituzioak inpartzialak eta demokratikoak dira. Instituzioetatik askatasuna lor dezakegu. Gure herriaren biziraupenerako gaindiezinezko muga Federalismoa da. Guk daramagun erresistentzia da bakea oztopatzen duen bakarra, eta abar.
Baina egia beste bat da; gobernuak alderdien oligarkiak erabakitzen dituztela, eta parlamentuak ez direla erabakien gune nagusia, ezta benetako eztabaidaren aretoa ere. Horretaz asko ikasi duena Ibarretxe jauna da; galdetu berari.
Alferrik ari dira, diskurtso hori zaharkitua eta gezurrez hornitua dago. Hedabideen laguntzarekin urteak daramate gerra ideologikoa sakonduz. Egia baita ideologia eta psikologia garrantzi handiko tresnak direla asimilazio prozesuan. Horretaz gogora dezagun Thomas Hobbes filosofo ingelesak zioena: «Force, and fraud, are in war the cardinal virtues» - Indarra eta iruzurra, gerra guztien bertute kardinalak dira-.
Bai Frantziak, bai Espainiak, diskurtsoa aldatzen ez duten arte, hauei muzin egin eta nahiago dut AEBtako 28. garren presidentea zelarik, Thomas Woodrow Wilsonek, 1918an esandakoari heldu. Europan nazioarteko bakea lortzen lagunduko zuelakoan, autodeterminazio eskubidearen arrazoi eta edukiak plazaratu baitzituen, nahiz egia izan juridikoki indarrean 1976an sartu zela.
Ez dago esan beharrik erabaki horren esanahia, garrantzi handikoa eta sakona dela, mundu osorako noski, baina bereziki Euskal Herria bezalako herri zapaldu eta estaturik gabekoentzat. Honek esan nahi du, jasaten dituzten-ditugun legediak, instituzioak, administrazioak, egitura politikoak, militarrak, kulturalak, sozialak, administrazioa, eta abar, deslegitimaturik daudela, autodeterminazioaren eskubidea gauzatzea debekatzen zaien-zaigun bitartean. Zergatik? Herrien autodeterminazio eskubidea demokraziaren, bakearen eta instituzio guztien hastapen eta iturri delako.
Beraz, Estatuak herriari burujabetza ukatzen dion bitartean, armada edo beste indarkeriak erabiliz, ez dago demokraziarik eta uko egiten dio bakeari.
Euskal Herrian dugun egoera ustelkeria hutsa da. Euskal gizarteari egiten zaion iruzur nardagarria besterik ez da. Hemen gertatzen ari denak ez du zer ikusterik ez justiziarekin ez demokraziarekin. Errealitate politikoa desitxuratzeko asmatutako maniobra besterik ez da. Ez dago zalantza izpirik
Horrela, ustelkeria politikoen lokatzez leporaino daudenak, eta nahiz hautesle sostenguak behar adina indarrik ez, dirua eta boterea kudeatzen ari dira. Harro, demokraziaren zaindari balira bezala. Beti daude dirua dagoen tokian. Dirua baita beraien elikadura nagusia. Asebeteta daudenean neurririk gabe gastatzeko, eta gosez daudenean, harrapatzeko.
Baina egindako iruzurrak ez du beraiek uste bezain luze iraungo. Lehen ere ikasita gaude, ia hiru hamarkada espetxean, terrorista izendatuz zigortu zuten gizonari, nola sistema berberak, Bakearen Nobel saria eskaini zion, mundu guztiaren aurrean.
Konfrontazioa saihestu nahian edo, askotan erantzunik gabe uzten ditugu, ozen eta batere lotsarik gabe, gezurrez beteriko hitz potolo bezain maltzurrak entzuten ditugunean. Egia baita berdinen arteko partaide izan gaitezkeela, baina nazio inposatzaileko kide garela onartzen dugun neurrian.
Alde horretatik, Nafarroan, Corellako seme kutunak betidanik esan digu nafarrak espainolak garela, baina Baskongadetan, duela gutxi Lopez jaunak berak uxatu zituen -zituenari noski- zalantza guztiak. Nortasun euskaldun edo espainiarra aurrez aurre jarri ziotenean Gasteizko Parlamentuan, gaztelania ederrean esan zuen: «Me gustan los peces de colores».
Ez naiz hori zalantzan jarriko duena. Onartzen dut arrain koloretsuak dituela gustuko, zergatik ez? Baina argi daukat, soilik bi kolorekoak; horia eta gorria.
Horrelako ika-mikak, betiko folklorea da, ez du batere mamirik. Ibilbide argia eta ezaguna da, ez dago zalantzarik. Duela gutxi joandako mendearen bigarren hamarkadan, EAJk abertzaletasun aztarna guztiak baztertu eta Ramon de la Sota, Castro Urdialesen jaiotako eskuindar ospetsuaren oinarri politikoak besarkatu zituen. Geroztik Euskal Herriaren askatasunari amore eman eta herri honetan dauden instituzioak gobernatzeko erakunde politiko profesionala dugu, ez besterik.
Denboraren poderioz eta barruko liskar ideologikoak behartuta, Eusko Alkartasuna sortu zen. Eta duela hilabete gutxi, arrazoi berberagatik, beren burua «nacionalismo institucional» bezala definitzen dutenak, poliki bai, baina EAJra itzultzea erabaki dute.
EAJren politika egiteko era ez baita gaurkoa, ez dute bere betiko gidoia aldatu; Madriletik adostasun mezua jasotakoan bakarrik azken urratsa: elkarkidetza nola eszenaratu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
