Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:28

IRITZIA;2010-02-18;Zuzendariari. Usurbildarrek bai; besteok zergatik ez? Autolesioak? Bai zera! Agurra Mikel Aranari

Zuzendariari

Usurbildarrek bai; besteok zergatik ez?

Otsailaren 27an eta 28an usurbildarrek erabaki ahal izango dute Usurbilgo hondakinen bilketa nola egingo den, herri galdeketa bidez. Urtebete izan dute gaikako bilketa mota berri bat probatzeko, eta orain, edukiontzien bidezkoa eta atez atekoa ezagutu ondoren, bata ala bestea egokiagoa den bozkatuko dute; eta Udalak emaitza errespetatzeko hitza eman du.

Gauza bera mila aldiz eskatu da Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan hainbat gai direla eta, azkenekoak bakarrik aipatzen diren arren: AHTa, Zubietako errausketa planta, Pasaiako kanpoko portua. Agintarien erantzuna beti berdina izan da: adostasun handia dago, gutxiengo zaratatsua da, betikoak dira, Batzar Nagusietan edo Legebiltzarrean gehiengo osoz onartu da... baina inoiz ez dute onartu gai baten inguruan zuzenean herritarrei galdetzea.

Herriaren ordezkariak baldin bazarete, zergatik halako beldurra herriak eskatzen duenean herriarekin eztabaidatzeari eta herritarrei galdetzeari? Herritarrok benetako parte-hartzea eskatzen dugu, agintari eta enpresa handien artean gure herri txiki hau erabat kutsatzen, suntsitzen eta hormigoitzen ari zaretela ikusten baitugu eta oso kezkatuta gaude.

Ez dakit zer emaitza aterako den Usurbilgo galdeketan, baina ziur nago Udalak pauso handia eman duela usurbildarrak kontuan hartuz hondakinen kudeaketaren inguruko galdeketarekin.

Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, denok hain demokratak zaretenok, noiz jarraituko diozue Usurbil izeneko herri txiki baten ereduari? Gaiak ez zaizkizue falta.

Juan Miguel Galatas.

Donostia.

Autolesioak? Bai zera!



Ez da erraza une honetan sentitzen dudana azaltzea; samina, amorrua, ezintasuna, tristura, samindura... asko dira burura datozkidan hitzak, eta guztiak labur geratzen dira.

Joan den larunbatean, Torturaren Aurkako Egunean bertan, lagun eta euskara taldekidea dudan Ibai Beobide atxilotu eta ordu gutxira Donostiako ospitale batera eraman zutela jakin nuen.

Guardia Zibilak emandako informazioaren arabera, Ibaik berak zauritu zuen bere burua, polizia-autoaren aurka joz. Poliziak edozer esan, sasi-hedabideek zabaldu, eta guk, sinetsi behar? Gezurra hedatu, eragina bermatu!

Herri honetan, zoritxarrez, ez dira gutxi Poliziaren tratu txarra jasan dutenak, atxiloketaren unetik hasi, Madrilerako bidean eta polizia-etxeko egunetan, tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioaren pean.

Orain, berriz, Ibai da polizien esku beltzetan dagoena. Hori dela eta, batetik, elkar-tasuna adierazi nahi diet Ibairi eta bere senide eta lagunei, eta, bestetik, Ibaik jaso dezakeen tratuagatik sumindura azaldu.

Azkenik, galderak egitea hain gustuko duen Rubalcaba Espainiako Barne ministroari honakoa galdetu nahi nioke: zertarako behar du inkomunikazioa torturarik aplikatzen ez duen estatu batek?

Ibai, gurean behar zaitugu berriro San Inazio euskaldunaren aldeko lanean, kukainaren antolaketan, itsasadarrean arraunean, bertso bazkarietan gai-jartzaile, taloak egiten eta ardi jana prestatzen.

Bitartean, eutsi gogor, maite zaitugu eta.

Laster arte.

Kristina Gorostidi.

Bilbo.

Agurra Mikel Aranari



Ezker Batuak aurreko Eusko Jaurlaritzan izandako parte-hartzea alderdi barnean dituzten gaixo guztien jatorritzat hartzen dute. Horrela agertzen dute behintzat komunikabideetan. Baina niri, EBren bozkatzaile posible izanik, ondorengo puntuek atentzioa ematen didate:

1. Barne labankada eta borroken irudia -eta errealitatea-. Hitz egin beharko genuke, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Omer Okeren irteeraz EBko militanteek filtratutako informazioa oinarri izanik?

2. Zenbait gizarte mugimendutan jokatutako rola instrumentalizatzailea izan da. Hitz egin beharko genuke, adibidez, SOS Arrazakeria Harresiak Apurtuz-etik irten-kanporatzeaz?

3. Oraingo gobernuan Ezker Batuko bazkideek duten parte-hartzea.

Nik uste, zintzoki, honek ere barne hausnarketa beharko lukeela.

Kepa Otero Garcia.

Irakaslea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia