Jira
Xabier Lekuona
Miel Otxin editore
Sardina ehortzita, kazetari mozorroa kendu beharko dute gaurtik aurrera ETBko adituek. Betekada izan dut inauterietako txunpa-txunpa musikarekin, mozorro eta zomorroekin, eta betekada Astelenitako teleberriarekin. Zabaltzeko, eguraldia. Esklusiba. Eta gero politika, nola ez. EAJren txanda oraingoan, Urkullu kexu. Eta berehala betekada: erantzuna eman dio Mendia sailburu eta bozeramaileak. Eta ondoren Urgell agertu da, eta ondoren Zabaleta, eta ondoren Agirre, eta fusilamendua amaitua zegoela uste nuenean, Unzalu atera digute. Bost sailbururen tarteak, bata bestearen atzetik. Komunikazio bulego enpatxua.
Hurrengo albistea Petronorreko langileen dolu eta protesta izan da. Lan istripuz hildako 50 urteko lankidearen heriotza salatzeko. Gai hori ez da Enplegu sailburu Zabaletaren gaia, hori ez da Industria sailburu Undaren gaia. Hitza ez emateagatik, ez diete ezta langileei eman ere. Tolosako inauterietako espirituarekin bat egin du editore andereñoak, konplexurik ez, dena libre, gora inauteriak!
Lantzen Miel Otxin hor aritzen da bereak eta bi egiten. Azkenean, urtero harrapatu eta erre egin dute herritarrek. ETBko Miel Otxin legegintzaldika aritzen da. Batzuetan lau urtekoak dira, beste batzuetan laburragoak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
