Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:23

IRITZIA;2010-02-11;Errausketaren aurka

Errausketaren aurka

Jose Luis Paulin Seijas

Sendagilea, Oiartzun ke? taldeko kidea

Orain dela zazpi urte, Jaitzubian errauste planta bat jartzeko asmoa zela-eta, Oiartzungo herritar talde batek Oiartzun ke? taldea antolatu genuen. Berehala, hiriko hondakinak kudeatzeko osasunerako aukerarik okerrena izan zitekeela ikusi genuen. Txingudiko osasun langileek urte bete lehenago egin zuten manifestua ezagutzen genuen. Idazkiak Gipuzkoako ia 500 sendagile eta erizainen sinadurak jaso zituen. Manifestu hori Oiartzungo errealitatera egokitu genuen, eta Oiartzungo osasun arloko ia 50 lankideren sinadurak lortu genituen -sendagileak, erizainak, botikariak eta albaitariak-. Osasun langile horiek Oiartzunen bizi edota lan egiten dute. Manifestuaren ondorioak ez dira iritziak, nazioarteko ikerketa zorrotz zientifikoetatik hitzez hitz atera baitira. Jakina, bibliografia bat daukagu.

Orain, gure herrian hiriko hondakinak kudeatzeko hurrengo eredua (atez ateko bilketa) eta Administrazioaren aukera (errausketa) eztabaidan daudenez, gure manifestua berriro plazaratzea egokia dela uste dugu Oiartzungo herritarrek ezagutu dezaten.

«Oiartzungo osasun langileak errausketaren aurka:

1.- Erreusak arrisku egiaztatua eta agerikoa dakarkio eraikin horien inguruan bizi diren pertsonen, animalien eta landareen osasunari. Medikuntza arloko ikerketa zientifiko zorrotzenen arabera, zaborren errausketarekin -gasekin eta hondakinekin- zerikusia duten patologien kopurua nabarmen handitzen da 10 km-rainoko tartean.

2.- Zaborrak erraustean, dioxinaz, furanoz eta metal astunez osatutako gasak sortzen dira, baita hondakin solido oso toxikoak eta ezagutzen ez diren beste batzuk ere.

3.- Dioxinak eta furanoak minbizi sortzaile dira: hainbat organotan minbizia sortzeko gaitasuna duten elementuak dira. Oso gai egonkorrak eta suntsitzen zailak dira, eta biometaketaren bidez landare, animalia eta gizakiaren gorputzean pilatzeko joera dute.

4.- Dioxina eta furanoen kopuru baxuenek ere kalteak sortzen dituzte: ez dago kalterik eragiten ez duen gutxieneko mailarik.

5.- Haurrak dira arrisku handiena dutenak, horiek igaroko baitute denbora gehien gai kaltegarrien eragingunean. Kaltea gertatu eta handik urteetara hasiko dira ondorioak sumatzen. Eta ordurako berandu izango da... baita errauste planta ixten bada ere.

6.- Errausketatik sortutako metal astunek -merkurioak, kadmioak...- kalte konponezinak eragiten dituzte nerbio sistema zentralean, eta patologiak sor ditzakete umekietan.

7.- Dioxinen eraginpean dauden landareetan, airean baino 85.000 bider dioxina gehiago meta daitezke.

8.- Lurzoruan eta janari kutsatuekin elikatutako ganaduan konposatu hauen kontzentrazio altuak pilatzen direla ikusi da, bai kontsumitu beharreko haragian, baita esnean ere.

9.- Dioxinak oso disolbagarriak dira gantzetan. Hori dela eta, bizidunen ehunetan pilatzen dira, eta katea trofikoan gora, azkeneko mailako indibiduoek airean dagoena baino milioika aldiz kontzentrazio altuagoak pilatzen dituzte.

10.- Gure familiak eta gaixoak izadian berez ez dauden eta errauste planta batean zaborra erretzearen ondorioz sortzen diren gaiek eragin ditzaketen arrisku larriez ohartarazteko ardura dugula uste dugu.

Ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak, Oiartzungoak eta bereziki gure seme-alabak, minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketatan erreferentzia izaterik, munduko beste toki batzuetako biltzarretan eta foroetan halako eritasunen adibide gisa jartzeko».

Arrazoi hariengatik guztiengatik, Oiartzun ke? taldetik eta Gipuzkoako errausketaren aurkako koordinadoratik, duela denbora luze, atez ateko bilketaren aldeko apustua egin genuen egokiena izateagatik. Izan ere, birziklatze eta berrerabiltze mailarik altuena lortu duen aukera dela egiaztatu du, materia organikoa -hiriko hondakinen kudeaketan arazo iturri handiena- modu egokian kudeatzen du, osasunarekiko eta ingurumenarekiko adeitasunezko aukera da. Eta, gainera, beste estamentu batzuk ahaztu gabe, geure kontsumoaz, erabileraz eta eragiten ditugun hondakinez kontzientziatzen gaitu.

Badakigu herrian, atez ateko bilketarekiko iritzi ezberdinak daudela, agian, aukera berriak sor ditzakeen arazoen beldur, aldaketa dela eta. Baina, egia da aldaketarik gabe baditugula dagoeneko arazoak eta Administrazioaren aukerak, errausketarenak, arazo larriagoak sortuko dizkigula guri eta gure seme-alabei.

Nahiz eta Jaitzubiko errauste planta ez eraikitzea lortu genuen eta gure herrian hondakinen kudeaketa modu ekologikoenean hasiko dela ematen duen, ezin dugu ahaztu administrazioak aurrera jarraitzen duela Zubietan errausketa planta bat eraikitzeko asmoarekin. Oiartzunek errausketaren efektu kaltegarrien menpe jarraituko luke, eta herrian atez ateko bilketa jartzeak ez gaitu errausketaren kalteez babesten. Horregatik, eredu izateko borrokatzeaz gain, errauste planta ez eraikitzeko ere borrokatu behar dugu, ez hemen ez inon.

Horregatik, esaldi batekin, Soriako herrixka bateko sarreran irakurritako batekin bukatzea gustatuko litzaidake: «Bizitza leku arriskutsua da, ez gaizkia egiten duten pertsonengatik, gertaerei eserita begiratzen dietenengatik baizik».

Parte hartu: errausketarik ez, ez hemen, ez inon!

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia