Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:22

IRITZIA;2010-02-09;Komunismoaren aurkako Pragako adierazpena

Komunismoaren aurkako Pragako adierazpena

Hasier Agirre

Hizkuntz normalkuntzarako teknikaria

2009ko urriaren 29an Europako Kontseiluak Berlingo harresia eraitsi ondoreneko komunismoaren aurkako lehen adierazpena egin zuen, Pragan. Interneten sartzea nahikoa da albisteak ez zuela gurean hautsik harrotu konturatzeko. Berandu samar bada ere, adierazpenak biltzen dituen bi puntu aipatu nahi nituzke, labur antzean.

Pragako deklarazioak gizakien kontrako krimenen errudun jotzen du komunismoa. Nazionalsozialismoarekin alderatzen du! Hona zer dioen, esaterako, zortzigarren puntuan: «Nazionalsozialismoak eta komunismoak, gizakiaren aurkako krimen izugarriak direla-eta, antzekotasunak dituztenez...». Komunismoa da gaitza, Pragako konferentziagileen ustetan, eta ez kasuan kasuko sistema komunista edo agintari komunistak! Hamargarren puntuan, ordea, agerian geratzen da aurrekoarekiko kontraesana: «Ideologia komunista, Europan eta Asian, asmo espantsionistak zituzten inperialistek baliatu dutenez...». Tira, gaitz erdi, 10. puntu horretan ez zaie ahaztu esaldiari subjektua jartzea (inperialistek).

Aurki iezadazu, irakurle, onena izanik ere, subjektuek kakaztu gabeko ideologia bakar bat. Alferrik zabiltza, ez dago eta! Ez al da aspaldian oso modan jarri piano-jolea kaskarra delako pianoari errua botatzea?! Bidezidor arriskutsua iruditzen zait. Zein ideologia ez genuke gaitzetsi behar konferentziagileen azalpenetan oinarrituta?

Nazionalismoaren erruz ere odol ugari isuri da. Logika horrekin, alderdi abertzaleak ere gaitzetsi egin beharko dira (hau bitxia litzateke benetan, beren burua nazionalistatzat agertzen ez duten alderdiak baitira, batzuetan, horretara emanenak).

Demokraziak ere ez al dauzka eskuak odolduak Espainian bertan? Hala-moduzko subjektuen eskuetan dabil demokrazia bera ere, hainbat herritan. Zenbat odol isuri da AEBen demokraziaren eraginez? Ez al litzateke demokrazia gaitzetsi behar? Elizak eta erlijioak ere ez al lirateke gaitzetsi behar? Zeren izenean isuri ote da fedearen izenean adina odol?

Ideien globalizazioa, orokorkeria, ezarri nahi digute. Europako Kontseiluaren asmoa alderdi komunistak legez kanpo uztea dela diote batzuek. Neuk ere susmo txarra hartzen diet gaitzespenezko aurre-prestaketa horiei. Zer ote dator?

Baina, adierazpenera bueltatuta: nola arraio pareka daitezke, edukiz, nazionalsozialismoa eta komunismoa? Nazionalsozialismoak mamia bera du ustela, justifika ezina, subjektu onenaren eskuetan erorita ere inoiz ez da parte onekoa izango. Zarko Petan aforismogile esloveniarraren (komunistek giltzapetua, portzierto) aforismo hau irakurri besterik ez dago adierazi nahi dizuedana ulertzeko: Komunismoa oso ideologia ona zen komunisten eskuetan erori zen arte. Nazionalsozialismoaren kasuan balio al du esaldi horrek? Ezezkoan nago. Zein ideologiak ez dauzka eskuak odolduak?

Egia da Europa Ekialdeko sistema komunistek gizakiaren aurkako krimenak egin zituztela, eta egia da, era berean, kasu askotan komunista izanak jarraitzen dutela boterean, beste sigla batzuen pean. Franco hil ostean ere horixe gertatu zen hemen baina Europak ez zuen ipurdia asko mugitu. Nazien kasuan, ordea, ez da hori gertatu. Epaituak daude, eman zitzaien merezi zuten ordaina. Horren aurrean ezin dira begiak itxi, horretan bat nator konferentziagileekin, eta bihoakie nire elkartasuna sistema komunisten pean sufritu duten guztiei. Gaitzetsi dezagun beldurrik gabe stalinismoa, edo titismoa, edo beste edozein agintari komunista. Aldera ditzagun, nahi baduzue, Hitler eta Stalin, lehena nazionalsozialismoaren izenean bezain ankerra izan baitzen bigarrena komunismoarenean. Baina komunismoa eta nazionalsozialismoa, ideologia gisa, maila berean jarri? Marxen ideia eta helburuak Rosenberg batenarekin parekatu? Ez zait bidezkoa iruditzen.

Espainiara errepublikanoen, hots, alde zuzenaren defentsan boluntario etorri ziren hainbat eta hainbat atzerritar (frantziar, errusiar, britainiar edo jugoslaviarrak...) komunista zintzoak ziren, gizakiaren berdintasunean sinesten zutenak. Horrexegatik akabatu zituen Stalinek, hain zuzen ere, egiazko komunistak zirelako. Francoren mesedetan ibili ziren alemaniar eta italiarrek, ordea, zertan sinesten zuten? Super-gizakian? Faxismoan? Europa iparraldeko arrazaren nagusitasunean?

Mikis Theodorakis greziar abeslariak dio Europako Kontseiluak legez kanpo utzi nahi dituela etorkizunean alderdi komunistak, traza hori hartzen diola, eta Guantanamon gertatzen direnak, horratik, isildu eta babestu egiten dituela. Ez du arrazoirik falta.

Politikak (justiziak zer esanik ez) ez lituzke hainbeste bidezidor hartu behar. Neoliberalismoak gizabanako jakin batzuen eskubideak urratzea egozten die sarri komunismoari edo nazionalismoari, artaldekerian erortzea, baina bi ideologia horietako pertsona guztiak zaku berera sartzen dituenean horixe egiten du berak ere. Zinez taktika eragingarria, baina justua izatetik oso urrun dagoena. Indarraren morala.

Ez dut Pragako adierazpena izenpetzeko asmorik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia