Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:22

IRITZIA;2010-02-06;Nekazaritza, hitzetatik ekintzetara

Nekazaritza, hitzetatik ekintzetara

Patxi Aierbe. Aralarreko Gipuzkoako batzarkidea

Nekazaritza, hanbait arrazoi tarteko, gain behera datorren sektorea da azken urteetan. Hori gutxi ez eta azken krisiak erabat lur jota utzi du. Azken hamarkadetan aldaketa handiak gertatu dira sektorean, bai ekoizpenari dagokionez eta baita lanpostuen galera etengabean ere, baina azken krisiak, gure nekazariek ekoiztutako produktuen eskaria gutxitzeaz gain, prezioetan beherakada handia ekarri du. Eustat erakundearen arabera, nekazaritza jarduera barne produktu gordinaren %1 da eta, lanpostuei dagokienez, Gipuzkoako biztanleen %1,8 dira nekazariak, nahiz eta portzentaje hori asko handitzen den sektorearen inguruan mugitzen diren bestelako jarduerei kasu eginez gero -kudeaketa etxeak, harategiak, hiltegiak, albaitariak...-.

Gipuzkoako Lurralde Historikoak dauzkan ia 200.000 hektareetatik %65,1 basoa da, %24,1 belardia eta %2,2 labore lurra eta fruta arbola; gainerako lurrak, %8,6, urbanizatutako lurrak dira. Gure herrialdearen lehen sektorearen jardunaren ondorioz, paisaia eta antolaketa modu orekatuan eraldatzea ahalbidetzen da. Bestalde, gure lurra artifizialtzeko prozesua gertatzen da beste jarduera ekonomikoen presiogatik; maila horretan Europako batez bestekoa hirukoizten dugu. Nekazaritzak daukan garrantzia, ordea, ekonomiatik haratago doa, eta ezin dugu ahaztu baliabide naturalei lotuta dagoela bere jarduna, eta jardun horren desagerpenak edo aldaketak gure ingurumenean ondorioak izango lituzkeela, gaur dugun egoera arrisku larrian jarriz.

Nekazaritzaren datu orokorrek ere gabezia nabarmena adierazten digute. Gutxi gorabehera 9.500 baserritatik, Nekazaritza Ustialekuen Erregistroan alta emanda daudenetatik, 2.854tan pertsona bakarra dago dedikazioarekin; titularraren batez besteko adina 56 urtekoa da; eta %65ek baino gehiagok 55 urte gainditzen dituzte. Azpimarragarria da egoera horren guztiaren ondorioz urtean baserrien %5-10ek aktibitatea uzten dutela.

Gipuzkoak ekoizten dituen produktuek kostu altuak dituzte daukagun lurraldeak, orografiak, baserri ereduak... baldintzatuta. Sektoreak zailtasunak dauzka, nahiz eta diruz lagunduta egon eta, gainera, merkatu globalean ezin dira lehiatu. Esne sektorea da ezbairik gabe kaltetuenetakoa, azken bi urteotan ia %40 jaitsi da esnearen salneurria, eta horri produkziorako gaiek -pentsu, erregai...- gora egin dutela gehituz gero, itxaropenerako izan zitezkeen zirrikituak lurperatuta geratzen dira.

Esnearena ez da lehengaien igoerak kalte egin dion arlo bakarra. Haragi ekoizpenaren arloan ere bete-betean harrapatu zituen, eta azken hiru hamarkadetan prezioa ia geldituta dagoela kontuan hartzen badugu, ez da hobea haien egoera. Arlo horretan bitartekarien eragina agerikoa da oso. Adibidez, baserritarrak kiloa 3,27 euroan saltzen du, baina herritarrak 15,09 euro ordaintzen du kiloko. Horrek adierazten digu bitartekarien esku geratzen dela azken prezioaren %400. Beraz, baserritarrak ez du jasotzen kontsumitzaileak ordaintzen duenaren laurdena baino.

Artzaintzari dagokionez, gaztagileak dira errenta hobeak ateratzen dituenak, salmenta zuzena egiten dutelako. Aldiz, zentralera esnea saltzen duten ustiategiak nahiko larri dabiltza. Azken urteotako arkumearen prezio baxuak direla eta, salmenta horiek gero eta pisu gutxiago dute ustiategietan; horren ordez, esnearen alde egin dute, errenta handixeagoa duelako.

Gipuzkoako barazkigintzaren ekoizpena, kasu askotan, abeltzaintza jarduera nagusi daukaten baserrien osagarri da, batik bat autokontsumorako baratze eta fruta arbolekin. Barazkigintza eta ardogileak dira azpi sektore garrantzitsuenak: guztira 300 lanpostu inguru dira, eta 44 milioi euroko ekoizpena dute. Salmenta zuzenari eutsi behar diote kanpoko produktuekin prezioan lehiatzeko modu egokiena delako. Baina badute mehatxu zuzen bat: merkatuaren pribatizazioa maiorista gutxi batzuen eskuetatik eta erosketako zentro handien alde. Aipamen positiboa merezi du, bestalde, azken urteetan kasu askotan garrantzia hartzen ari den ekoizpen ekologikoak.

Profesionalizazioen beherakada sektorearen baitan, errentagarritasun eskasa, esku lan beharra, inbertsio handiak instalazioetan, komertzializatzeko bitartekarien monopolioa, diru laguntzen murrizketa... hori da Gipuzkoako nekazaritzaren argazkia, eta etorkizunak ez dakar berri onik. Europako Nekazaritza Politika Bateratuak (PAC) 2015etik aurrera merkatua liberalizatzea proposatzen du, gure nekazarien kalterako, beren lehiakortasuna murriztuko duelako, eta berriro ere industria agroalimentario handien mesederako. Testuinguru horretan egiten ari diren urratsen ondorioz, sektorearen iraupena kinka larrian dago. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aldeko apustu sendoa ez badugu egiten, neurtu ezinezko kalteak izango ditu, bai lurralde orekatua lortzeko aldera, bai kalitatezko elikadura baterako osagarriak lortzeko aldera, bai ekonomiari eta kulturari aberastasuna gehitzeko aldera eta, nola ez, ingurumena behar den bezala zaintzeko aldera ere.

Aralarrek Batzar Nagusietan sektorearen etorkizunaz hausnartzeko ponentzia abian jartzea proposatu zuen, eta alderdi guztien babesa jaso hori burutu zedin. Abian da dagoeneko. Horren helburua nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizuna bermatzeko markoa definitzea da, eta helburu hori erdiesteko, hausnarketa eta azterketa serio bat irekitzea bilatu nahi dugu, horrela nekazaritza eta abeltzaintza egituratzeko denon artean bultzada eta ekoizpen eredu berri bat aurkitu nahian. Eredu iraunkorra ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez zentzu zabalenean ulertuta, eta ez testimonialismo hutsean geratuta. Horretarako sektoreko eragile, elkarte, aditu, sindikatuekin 25 agerraldi aurreikusten dira elkarlana sustatuz apustu sakona egiteko helburuarekin. Ea guztion elkarlanarekin etorkizun oparoago baterako oinarriak jartzeko gai garen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia