Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:22

IRITZIA;2010-02-03;Zuzendariari. Jasamenaren langa gorago jaso ezinda nagok, Silveira Afganistan eta Palestina Krisi garaian euroak bueltaka gurean

Zuzendariari

Jasamenaren langa gorago jaso ezinda nagok, Silveira

Ohitua, edo etsia hartzen hasia, nengoan hire boutade-ekin. Tarteka ateraldi burutsuak edo biziak izaten hituen/dituk, eta haiexek balantza orekatzera egiten zitean. Baina Kursaalean Bertso Egunean emandako ikuskizunaren ondoren, zer esan. Pose eta jarrera horren atzean, lerroz lerro taxuzko bertso bat osatzeko ahalegin falta baino gehiago ezintasuna zegoela begitandu zitzaidaan; bertsolaritzaren enfant terrible-aren pantailaren atzean, errazkeria; eta ezker muturreko progretasunaren mozorroaz bestaldean, bere burua hamalautzat daukanaren taberna-zuloetako eskuindar ukituko hizkera merke-usainekoa.

Irudipen hutsa, aizak, litekeena, baina nire irudipena duk. Tira, ez duk nirea bakarrik, baina neure buruaren berri baino ez diat ematen hemen.

Ez zitzaian gustuko gertatu, antza, gai-emaileak jarritako ariketa. Oholtza gainera igotzen denak aldez aurretik bazekik zernahiri erantzun beharko diola. Bestela, makina bat bertsolari zegok Kursaalean pozik kantatuko lukeena.

Agindutako lana gustagarri gertatu ez eta, Elizasu gai-emaileari «etorri hona panpina eta zorroztuidazu pitilina» amaieradun bertso antologikoa bota hion burutsu ustean. Bejondeiala. Elizasu gozoa jarriko zitzaian.

«Zazpi bertsolari eta bufoi bat» aditu nioan bati irteeran. Tristea duk hori aditzea.

Nire ezagun batek, norbaiten jokaera behin eta berriz gogaikarri gertatzen zitzaionean, honela definitu ohi zian: «Gure baserriko behiak bezalakoa duk; doazen tokira doazela, kaka egiten ditek». Ez nikek nahi esaldi hori egunen batean hire jarduna definitzeko baliagarria gertatzeko argudioak pilatzen segitzea.

Isilik egotea neukaan, bai, baina, zer arraio, hik nahi duana esan-egiteko askatasuna daukak, eta galanki baliatu huen Kursaalean; eta nik 15 euro pagatu nian hire (baina, batez ere, besteen) askatasuna entzuteko.

Gozo gaiztorik gabe esanda, ez haut-eta ezagutzen oholtzaz haraindi ez honaindi.

Alfontso Mujika.

Donostia.

Afganistan eta Palestina



Hillary Clintonek berriki adierazi duenez, bakea etsaiekin egin behar da. Horrela, orain arte satanizatuta egon diren talibanekin hasi diren negoziazioak justifikatu nahi zituen. Ordea, Hamasek Palestinako hauteskundeak demokratikoki irabazi zituenean jarrera oso bestelakoa izan zen. Gobernu ardurak bere gain hartzeak, zalantzarik gabe, Hamasen jarrerak moderatuko zituen, bake prozesuan bere integrazioa erraztuz. Baina Hamas marjinatzea eta Europar Batasuneko talde terroristen zerrendan mantentzea erabaki zen. Horrek, iaz Israelek Gazako zerrendan egin zuen sarraskia ahalbidetu zuen. Israelek ez zuen erasoa egin palestinarrek armak zituztelako, baizik eta euren buruak defendatzeko arma nahikorik ez zutelako. Mila eta laurehun lagun baino gehiago hil ziren. Krimenak aurrera darrai, Israelek blokeatzen dituelako palestinarrek duintasun minimo batez bizirauteko behar dituzten materialak. Bitartean, mendebaldeko demokraziek israeldarren krudelkeria bermatzen dute. Joan den asteazkenean, Holokaustoaren oroitzapena zela eta, Alemanian eta Polonian agintari israeldarrak ohorez gonbidatu zituzten. Berriro, eta Israelen onurarako, juduak eta sionistak identifikatzen saiatu ziren. Ezbairik gabe, antisemitismoa sustatzeko erarik eraginkorrena.

Mendebaldeko mezua maltzurra eta immorala da: indartsuekin ongi moldatu, ahulak zapaldu. Hori guztia edozein etika demokratikoaren gainetik.

Isidro Iturbe Nuñez.

Arrigorriaga.

Krisi garaian euroak bueltaka gurean



Mutrikuko portu berriko eta babes dikearen inguruko obretan energia berriztagarrien mezua zabalduz zentral maremotriza «sartu» zuten. Hasierako proiektuan aurreikusitakoa ez zenez, itsasoaren indarraz baliatuko den «etorkizuneko» zentral horrek beste obren jarduerak ere aldarazi zituen. Horrela, ingurumen prozeduren onarpenak jarduera guztietatik -zortzi direlakoan gaude- hiruk bakarrik lortu dute. 2009ko udaberrian babes dike berriko obren geldiketa suertatu zen.

Joan den astean maremotrizean itsasoak sorturiko kalteen konponketarako eta estazioa martxan jartzeko beste 3,4 milioi euro bideratu dituzte. Diru horrekin nahikoa izango al da? Antzerako kopurua erabili da Mendaroko ospitaleko urgentzia zerbitzua berriztatzeko eta handitzeko.

Bitartean, Mutriku bezalako ia 5.000 biztanle inguruko herri batek, non 1.000 pertsona 65 urtetik gorakoak diren, ez du oraingoz eguneko zentrorik... Diru faltagatik?

Idoia Arrillaga.

Mutriku.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia