Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:20

IRITZIA;2010-01-23;Golegile onena

Golegile onena

Oscar Rodriguez Vaz

Euskal legebiltzarkidea eta Euskal Sozialistak legebiltzarkide taldeko idazkari nagusia

Harrotasunez esan dezaket nire taldeko aurrelaria oso ona dela denboraldi bakoitzean 25 gol sartzen dituelako. Honela esanda, 25 ez dago batere gaizki. Hala ere, nire baieztapena ez litzateke hain sinesgarria izango, pasa den denboraldian kontratua berritu ez nion aurrelariak 35 gol sartzea lortu zuenean. Eta zuzenean gezurretan arituko nintzateke, errealitatea saihesturik, oraingoa inoiz izan dugun aurrelari golegilerik hoberena dela esango banu.

Datuek ez dute ezertarako balio ez baldin badira alderatzen. Eta horregatik ere barre egiteko gogoa izaten dut Patxi Lopez eta Eusko Legebiltzarreko jarduera arintasun osoz gaitzesten denean, lehendakari «jardueragabe» bat dela eta Parlamentua PSE-PPren gehiengoaren bitartez «identitarioak» deitzen zaizkien gaiekin lanpetuta dagoela aipatzen den bakoitzean. Barre egiteko gogo gutxiago izaten dut, ordea, gaitzespen hauek arintasun berdinarekin aintzakotzat hartzen dituztenak ere badaudela entzuten dudanean.

Aurreko legegintzaldiko lehendabiziko hilabeteak igaro ondoren, hiritarrek Euskadiko erakunde nagusian, hots, Eusko Legebiltzarrean, zer egiten zen jakin behar zutela eskatu genuen. Legebiltzarraren legegintza ondareari buruz eta zorioneko «euskotema» ez zen gainontzeko edozein esparrutan Eusko Jaurlaritzak izandako ekintzaz oso gutxitan hitz egiten baitzen.

Urte bat, lege bat. Hori izan zen aurreko euskal legealdiaren lehen urteaz egin genuen laburpena. Gaurko laburpena, berriz, zortzi hilabete, hiru lege izan liteke. Hainbeste gauza denbora gutxian egiteko nahia izan da ziurrenik egungo Eusko Legebiltzarrari utzi ez diona hain denbora gutxian egin den guztia behar bezala azaltzen. Jakina, Gobernua ere nahas daiteke, baina ukatu ezin dena da lana ondo egiten duela eta, horretaz gain, Legebiltzarra buru-belarri hartzen duela.

Esan bezala, Patxi Lopez lehendakariak Euskadi gobernatzen duenetik hiru lege onartu dira. Lehenak, aurrekontuen inguruko premiazko neurriak, alegia, +Euskadi09 egitaraua hein batean finantzatzeko eta lana eratzeko balio izan zuen; lehenengo lege hori, gainera, 2009ko aurrekontuak orraztu ondoren egin zen, gastuak egokitu eta birbanatu ahal izateko. Bigarrena, 2010eko aurrekontuen legea, azken hamarkadan ezagutu ez dugun lasaitasun osoz onartu egin zen, gai honen inguruan azken orduko bihotz-ikaretara oso ohituta geunden arren. Hirugarrena, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legearen aldatzea, aurrekoaren egun berean onartu zen, gastuak egokitu eta gobernuaren konpromiso nagusi bat zen Administrazioaren neurriak berrezar zitezen.

Horretaz guztiaz gain, gardentasunarekin lan egiten da, botere legegilearen funtzioak errespetatuz eta ezagutuz. Lehendakariak hitzeman zuen bezala -hainbeste urtetan zehar gertatu ez dena, bestalde-, legegintza-egutegi bat bidali du Legebiltzarrera. Neuk esan ohi dut gobernu-egitarau bat baino zer edo zer gehiago dela. Dena dela, planifikazio ariketa handiago bat da, gobernu-egitarau batek oso lorgaitzak diren konpromisoak izan baititzake, honako hau bezala: «erabakitzeko eskubidea gauzatzen saiatuko gara». Eta era honetako konpromiso anitz aurki ditzakegu aurreko gobernuko egitarauan. Legegintza-egutegi batean, ostera, hurrengo lau urteetan Legebiltzarrera zein lege bidali nahi diren agertzen da, helburuekin, noiz nahi diren bidali eta zein ekonomia-finantza eragin izan ditzaketen aurreikuspenekin batera.

Gardentasunaren eta Legebiltzarrari zor zaion errespetuaren ildo beretik, ez dut irakurlea torturatu nahi agerraldiei, interpelazioei eta, aurreko gobernuarekin alderatuz, egungo gobernu honek erantzuten dituen galderen inguruan ditudan datu ugariekin (publikoak dira). Bi hitzetan laburbilduko dut: Patxi Lopez lehendakariak berak zazpi hilabetean 2005ean zehar aurreko gobernuako kide guztiek baino interpelazio eta galdera gehiagori erantzun die ganbera honetan.

Eusko Jaurlaritzaren ekintzari buruzko datuak oso argiak dira, Legebiltzarreko eginkizunei aipamena egiten dieten horiek bezainbeste, kopurua eta kalitatea kontuan hartuz. Kopuruari begira, aurreko legealdiko garai berarekin parekatuz gero, gutxi gorabehera %50 osoko bilkura eta batzorde gehiago egin direlako. Eta, kalitateari dagokionez, oposizioko alderdi nagusiak erabiltzen dituen ibilbide motzeko esloganak gezurtatzen dituelako errealitateak. Zera da: akordioen bostena bakarrik PSE eta PPren artean lortu da, gainontzekoak Lopez-en gobernuari eusten dion gehiengotik ezberdintzen diren akordioak dira. Horrez gain, «identitarioak» deituriko gaiei buruz suertatu diren eztabaidak %10era ere ez dira iristen. Ez dirudi euskal nortasunari bira egin nahi dion (ez bada deuseztatze hitza erabili nahi) PSE-PPren arrabolaren itzala luzeegia denik.

Nolanahi jartzen direla ere, golegile onena da gol gehienak sartzen duena. Beraz, kasu honetan behintzat, errealitateak batzuen obsesioak gezurtzen ditu. Ganoraz kritikatu ahal izateko, ez da nahikoa irakurtzen jakitea, alderatzea ere jakin behar da. Jakingo ez balute ere, oposizioa egiten ere ikasi behar da. Astia izango dute, artean ere, horretarako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia