Mugak
Beatriz Arana Ortiz. Mertxe Garcia Markos.
Txingudiko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak
Hendaiak eta Irunek Estatuek ezarritako «Espainia eta Frantzia» deritzotenaren arteko muga sufritu izan dugu urteetan. Mugaren eragin zatikatzailea, halaber, ez zen Irun eta Hendaian bukatzen, Euskal Herriko herri guztietara hedatzen baitzen. Muga desagertu ondoren gauzak ez ziren egun batetik bestera aldatu, eta muga ikusezin bat geratu zen gure artean. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkar ezagutza eta harremanak hobetzeko denbora behar duen prozesu eder bat abian dago orduz geroztik.
Herri berbera izanik kolonizazio mota ezberdinak sufritu izan ditugu Bidasoaren bi aldeetara bizi garenok, eta horrek zaildu egin du hainbatetan bata bestearengandiko hurbilketa. Egun, Euskal Herriaren baitako zatiketa areagotuko luketen muga berrien mehatxuak aurrez aurretik ditugu. Horietako bat AHT eta berarekin etorriko litzatekeen lurraldearen eraldaketa sakona. Izan ere, muga berri hori eta berari atxikita doan metropolia luzera 470 km eta ehunka hektarearen baliokidea izango litzateke, eta hamaika herri eta auzo zatituko lituzke. Europar, espainiar eta euskal elite agintariek ezarri nahi digute muga berri hori, eta horrekin batera beste kolonizazio mota bat, oraingo honetan garapenaren, modernitatearen, indibidualismoaren eta abiaduraren kolonizazio mentala.
Hemengo biztanleok gure kostaldea, mendialdea, padurak, ibartxoak, muinoak, basoak, errekak eta landak ikaragarri maite ditugu, gure altxorrak dira. San Martzial, Olaberria, Osinbiribil, Meaka, Ibarla, Ollakinta, Plaiaundi, Aiako Harria eta Jaizkibel dauden bezala nahi ditugu. Mendeetan hiri historikoak lurraldea behar zuen eguneroko hornikuntzarako, eta hori dela-eta gure bazterrak gure arbasoen eta naturaren arteko elkarrizketaren emaitza eta kultura iraunkorraren adierazle dira. Gure ingurua historiari dago lotuta, eta gure memoriaren gordelekua da. Egun eta etorkizunari begira inguruko lurrak elikagai burujabetzaren bermatzaileak dira.
AHTren eta berari atxikita datorren metropoliaren hedapenek betirako ezabatuko lituzkete gure lurraldea eta, horrekin batera, gure natura, historia eta memoria. Muga berriak edo metropoliak ez du inguruko lurralderik behar, eta urrundik ekarritako elikagai eta baliabide material eta energetikoen menpe dago. Aurreikusitako plangintza oztopatzen ez badugu, pertsonen eta merkantzien garraiorako korridorea bilakatuko dute gure herria. Euskal Herriaren kokapen geografikoak gure herriaren gaindi dagoen Europako megalopoliak hornitzeko behar dituen salgaien pasabide eta biltegi bilakatzera garamatza. Ezin dugu hori inolaz ere onartu.
Hamaika azpiegitura zatikatu eta zementatu egiten dute jadanik gure lurraldea. Azpiegitura horiek, ibilgailuei mugikortasuna errazten dieten neurrian, pertsonei komunikazioa oztopatu egiten digute. Mugikortasunak, beraz, natura eta pertsonen mugimenduaren etena dakar. Heriotza.
Hendaia eta Irungo herritarrok Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa arbuiatuko duen manifestazioan batuko gara, bi herri horiek eta Euskal Herriko beste hainbat herrik sufrituko lituzketen -eta jadanik sufritzen ari diren- kalteez ohartarazteko. Egitasmoaren bideragarritasunaren inguruan agintarien etengabeko gezurrak eta proiektu horien bultzatzaileen interes ekonomiko eta politikoek AHTk gure naturari, jendarteari eta ekonomiari ekartzen dizkion kalte itzulezinak etengabe ezkutatzen dituztela salatu nahi dugu elkarrekin.
Esate baterako, AHTk ez du Eusko Jaularitzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak azpiegituraren beharra justifikatzeko adierazi duten helburu nagusirako balio, hots, Gasteiz-Paris artean «trenbide autobidea» martxan jartzea. Hori egin ahal izateko, kamioien kontainerrak Modalohr izeneko bagoi erraldoietan sartu behar dira. Bagoi bakoitzak 400.000 euro balio du, dauden tunelak estuegiak dira bagoiak igarotzeko, eta trailerra bagoian kargatzerakoan bikoiztu egiten da mugitu beharreko masaren guztizko pisua.
Beraz, AHTk ez du balio «trenbide autobidea» izateko, aipatu arrazoiak direla eta.
Orduan, zergatik esan digute gezurra?
Philippe Essig RFFko (Frantziako Adif) presidentea Modalohr bagoien ekoizpenaren patentea duen enpresaren aholkularia eta merkataritza ordezkaria da.
Orain ulertzen dugu!
Hori guztia dela-eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Hegoalderako eta Iparralderako dauden planak bertan behar uztea exijitzen dugu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
