Haitiz ezkutatzen dena
Mikel Morris
Hiztegigile eta itzultzailea
Haitiko lurrikarak, haitiarrak erruz hiltzeaz gain, munduaren arreta lortu du. Orain arte ahaztuta zegoen Haiti, baina orain banako batzuk galdezka hasi dira zergatik dagoen hain behartsu, hain goibel Haiti. Karibeko beste herrialde edo uharteen patua ez da Haitirena bezain izugarria. Zergatik ote da? Madarikatuta ote dago? Erantzuna ez da erraza, baina, laburbilduta, hauxe da: Jainkoak ez du Haiti madarikatu, kanpoko potentziek bai; AEBek eta Frantziak.
Arantxa Elizegik, Krisi politikoetan hondoratua izeneko artikuluan (2010eko 01 17an), zer edo zer azaltzen du: Aristide presidentearen izana aipatu, baita Duvalier diktadoreak ere (Bidenabar, Arisitide, euskarazko Hariztidi izenetik omen dator, Aristide bertsio frantsesa omen baita). Apurtxo bat aipatzen du nola iritsi zen Jean-Bertrand Aristide agintera. Hala ere, egitate asko ere utzi zituen bere artikuluan. Gainera, neurri handi batean, CIAk asmatutako gezurrak besterik gabe onartzen ditu artikulugileak, segur aski nahi gabe, baina halaxe da. Azal dezadan zergatik.
Haitin, familia oligarkikoak oso atzerakoiak eta berekoiak dira, eta Haiti kontrolatu izan dute 1804tik hona, modu feudalista eta basati batean. Gehiengoari izugarrizko beldurra diete eta trikimailu guztiez baliatu dira agintean jarraitzeko.
1990ean egin ziren hauteskundeak amaitu eta gero, elitekoek uste zuten Aristideren hitzak, politikari gehienen hitzak bezala, hutsak zirela. Arisitidek agindu zien haitiarrei sakonki aldatuko zuela politika, pobreak miseriatik ateratzeko, alegia, miseria gorritik pobretasun duinera pasatzeko. Esan eta egin. Aristide zenbait neurri hartzen hasi zen. Haitiko elitekoak AEBen lagun min-minak dira, eta alarma jo zuten. Beti bezala, Haitiko armadak estatu-kolpea egin zuen, Bush aitaren baimenarekin.
Hain basatiak eta baboak zirenez, egoerak okerrera jo zuen. Ondorioz, Bill Clinton, 1994an presidentea zenez, behartuta zegoen zer edo zer egitera, eta Aristide agintera berriro ekarri zuen, baina zenbait baldintzarekin: 1. Haitiko merkatua erabat irekitzea 2. Sindikatuak indargabetzea 3. Estatuko enpresak pribatizatzea. Inolako aterabiderik ez zuenez, baldintza onartezinak onartu behar izan zituen, baina egin ahal zuena egin zuen estatuko enpresak ez pribatizatzeko. Ondorioz, Haitiko nekazaritza erabat suntsituta gelditu zen. AEBetako arroz-inportazio subentzionatuek Haitiko nekazarien produktuak ordezkatu zituzten. Lehen, Haitik bere burua elikatzen zuen, nekez, baina bizirik jarraitzeko moduan.
Haatik, Aristidek gauza handi-handi bat egitea lortu zuen: Haitiko armada abolitu zuen, eta AEBei baimenik eskatu gabe, gainera. Hori izugarrizko kolpea izan zen, bai elitekoentzat, bai AEBentzat. Haitiko gehiengoa kontrolatzeko erremintarik onena eta fidagarriena galdu zuten, eta beldur ziren oso. Orduan, zer egin? Hasteko, Haitiri agindu zioten diru-laguntza eten zuten. Eten horren ondorioa krisi handia izan zen Haitirentzat. Ez zuten diru askorik ezer egiteko, eta hori gutxi balitz bezala, agindutako diru-laguntzaren interesak ordaindu behar izan zituen Haitiko gobernuak. Diru hori ez zen inoiz iritsi, gainera. Hala ere, zenbait eskola eraikitzea lortu zuten, Kubaren laguntzarekin.
CIAkoek, elitekoen laguntza baliotsuarekin, Aristideren kontrako gezur-kanpainari ekin zioten. 2000. urteko hauteskundeetan, Arisitideren alderdiak (Fanmi Lavalas) ia %90 lortu zuen. Oposizioak ez zekien zer egin. Itxura guztien arabera, gehiengo nekazari beltz, pobre, eta kreoleraduna Haitiko etorkizuna erabakitzeko zorian zegoen. Oposizioa (elitekoak ordezkatzen zuena, batik bat) biolento bihurtu zen. Erbestean, Stanley Lucas bezalako haitiarrek esaten zuten, lau haizetara, Arisitide ustela zela, sarraskiak egiten zituela, Fidel Castro berria zela, droga-trafikatzaileen lagun mina, eta abar. Hori egia balitz, zergatik maite-maite dute haitiar gehienek gaur egun ere? Hori egia balitz, zergatik erraz-erraz irabaziko luke edozein hauteskunde?
CIAkoek, bitartean, zenbait talde armatu osatu eta Dominikar Errepublikatik bidali zituzten. Gutxi ziren, baina Haitik armadarik ez zuenez, nahikoak ziren tentsio-giro handia sortzeko. Gerra zibila gertu zegoen. AEBetako enbaxadak esan omen zion Arisitideri dimititzeko. Ezetz biribila eman ondoren, talde militar batek Aristide eta bere emaztea (baita zenbait lagun ere) bahitu zituzten, 2004ko otsailean, eta Erdi Afrikako Errepublikara bidali zituzten, AEBetako hegazkin batean. Beraz, Aristidek ez zuen dimititu, bahituta eta behartuta joan zen. Egun, Hego Afrikan bizi da, baina lehenbailehen itzuli nahi du. Eskubide osoa du, baina estatubatuarrek utziko al diote?
Haitiko armada ustelik gabe, AEBek arazo handiak zituzten Haiti lehen bezala kontrolatzeko, baina Nazio Batuez baliatu dira hori egiteko. Gainera, neurri handi batean, Haitiko estatuaren eskumenak murriztu dira. NBEren misioa Haitiko barne-ministerio/defentsa-ministerio bihurtu da. Gobernuz kanpoko erakunde asko Haitiko gobernuaren funtzioak egiten ari dira. Hau da, ospitaleak, eskolak, eta garatzeko egitarauak sortzen eta kudeatzen. Erakunde horietako asko ebanjelistak eta kristau fundamentalistak dira. Laguntzeaz gain, haitiarren arimak ere nahi dituzte, kristau Bushzale bihur daitezen. Horrek edozein fededun ateo bihur dezake.
Lurrikara gertatu eta gero, gauza asko aldatu dira. Egoera askoz okerragoa da, jakina, baina zer ote da konponbide bat, gauzak normaltzean? Niretzat, Arisitidek Haitira itzuli behar du. Merkataritza politika aldatu behar da, Haitiko nekazariek beren produktuak ekoitzi ahal izateko. Haitiko hizkuntza, kreolera, eremu guztietan erabili behar da. Orain arte, soil-soilik frantsesa erabiltzen da Haitiko gobernuan. Orain arte, horretaz baliatu dira elitekoak kreoleradun gehiengoa agintetik at egoteko. %100ek badakite kreoleraz Haitin, soilik %15ek frantsesez.
Geroak esango du Barack Obama, Haitiri dagokionez, Clinton eta Bushtarrak baino zintzoagoa izango den. Esan dezadan duda-mudetan nabilela. Inperialismoak oso indar handia du AEBetan, eta, laster, tamalez, Haiti eta haitiarren egoera deitoragarria berriro ahaztuko da.
Pena handi da, baina, Haitiri buruz, ez dago gauza askorik euskaraz irakurtzeko, eta gaztelaniaz, gutxi, informazio sakonik ez bederen. Ingelesez, informazio pilo bat dago, baina, nire ustez, iturririk onenak honako hauek dira: An Unbroken Agony: Haiti, from Revolution to the Kidnapping of a President, Randall Robinson idazleak idatzita eta Damming the Flood, Peter Hallward irakasleak idatzita. www.haitianalysis.com ere oso webgune ona dela deritzot. Tamalez, AEBetan, idazle hauek, Noam Chomskyrekin batera, ez dira NBC, CBS, ABC, edo, jakina, Fox-en gehiegitan agertzen, «ezkertiarregiak» direlako. Horregatik AEBetako Gobernuak nahi duena, nahi duen moduan, nahi duenean egiten du. Jendearen ezjakinkeria gobernuaren indarra da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
