Larrepetit
Gotzon Barandiaran
Egile eskubideak
Defendatu egin behar direla irakurri eta entzun diegu euskarazko bi argitaletxetako buruei. Bien ala bien erantzunok liburu elektronikoei eta euskarazko literaturaren digitalizazioari buruzko galderenak dira. Euskarazko literaturaren digitalizazioaz ari direnean, liburuak Interneten paperean balio dutenaren %70ean jartzeari buruz ari dira, berbarako, paperean 24 euro balio dituena Interneten 16,80 eurotan.
Bi argitaletxe horietan liburuak argitaratu dituzten idazleek jakinarazi digutenez, paperezko liburuen egile eskubideak %10ean ordaintzen dituzte, eta Internetekoak %15ean. Alegia, 24 eurotan saltzen den liburutik, egileak 2,4 jasotzen ditu paperetik, eta Interneten 16,80 eurotan saltzen denagatik 2,52, eta hori, bi argitaletxeoi dagokienez, hamar urterako sinatu beharreko kontratuak kateatzen du. Ondorioz, idazlearena behar lukeen obra argitaletxearena da. Eta argitaletxeak gura duena egin dezake berarekin. Horri deritzote egile eskubideak defendatzea, eta, idazleontzat nahikoa iraingarria bada ere, «egileen eskubideak defendatu behar dira, sortzailerik gabe ez baitago kulturaren garapenik» argudiatzen dute, zalantzarik izan lezakeen ezjakinena betiko konbentzitzeko moduko sententzia. Zenbat idazleren oniritzia dute adierazpenok? Sortzailerik gabe ez badago kulturaren garapenik, zergatik gara sortzaileok etekin gutxien ateratzen dugunok? Zergatik dira argitaletxe horiek, hain zuzen, gure lanetik etekin gehien ateratzen dutenak? Zenbat idazle bizi da euskaraz idaztetik, eta zenbat idazleok sortzen dugun horretatik? Eta ez gara etekin ekonomiko hutsez ari, duintasunaz ari gara, gure lanarekiko begiruneaz.
Argitaletxe baten erraiak beste inork bezain ondo ezagutzen dituen gure lagun idazle batek dioenez, idazleok zer-norekin sinatzen dugun orain arte baino sakonago aztertzen hasi behar dugu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
