Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:13

IRITZIA;2009-12-27;Zuzendariari. Izenaduba Atez ateko sistemak balio du herri eta hiri handietarako? Aminaturi

Zuzendariari

Izenaduba

Joan den astean, zur eta lur utzi gintuen egunkarian irakurririko berriak. Mungiako Izenaduba basoari eraso egin zioten, hainbat panpina apurtu eta espraiz pintaketak egin. Apirilaren 25ean, bertara txangoa egin genuen Oberena Dantza Taldeko txikiekin, eta izugarri gozatu zuten gure pertsonaia mitologikoekin jolasean. Basajaunen labirintoan galdurik, Olentzeroren bordaren magiak liluraturik, galtzagorri bihurrien atzetik korrika, aker beltzari ipurdian muxu emanez (antza zorte ona dakar), txondorretik beheiti behin eta berriz botaz... ikusgarria zen parkea eta ezin hobea bertako langileen beharra.

Eskutitz honen sinatzaileok erasoa gaitzetsi nahi dugu eta baso mitologikoan lanean dihardutenei gure babesik beroena agertu. Euskal kulturaren aurkako erasotzat har genezakeen hau ezin dugu onartu euskal folklorean lanean ari garenok. Lan bikaina egiten duzue gure kulturaren alde, eta badakizue haurrak nola txunditu. Animo bada eta segi lanean!

Javier Tubia eta Iker Tubia.

Iruñeko Oberena Dantza Taldeko ordezkaria eta begiralea.

Atez ateko sistemak balio du herri eta hiri handietarako?



Hernaniko Udalak etxeetako hondakinak atez ateko sistemaren bidez biltzea erabaki zuenetik, horixe da elkarrizketa askotan atera den kontua. «Usurbilen bai, herri txikia da eta. Baina Hernani askoz handiagoa da». Edo beste hau: «Blokeetan, jende asko bizi den lekuan, funtzionatuko al du?».

Argi eta garbi esan behar da: atez ateko sistema mundu osoan erabiltzen da. Ingelesez Door-to-door waste collection deitzen zaiona bost kontinenteetan egiten da, hori bai, modu ezberdinean, baina egiten da bai herrialde aberatsetan eta bai pobreetan, izan herri txikietan edo hiri handietan. Hemen lagin bakan batzuk aipatuko ditugu, Hernanin udaberrian hasiko den atez atekoaren antzekoa egiten duten lekuetakoak.

Italian atez atekoari deitzen zaio Raccolta differenziata porta a porta. Hau herri txiki askotan egiten da, baina guk hiri handi batzuk aipatuko ditugu, Hernaniren tamainakoak edo dezentez handiagoak: Monza (121.400 biztanle), Piossasco (17.000), Asti (75.800), Novara (104.000), Varese (81.000), Reggio nell'Emilia (166.000), Veneziako Dorsoduro auzoa (17.500), Turingo 5. eta 7. auzoak (190.000 biztanle denetara), Alessandria (94.000), Capannori (45.500). Erroman bertan (900.000 biztanle), 2010ean instalatuko da atez atekoa; dagoeneko Ciampino auzoan (38.900) martxan daukate.

Frantzian, herri eta mankomunitate askotan egiten da atez atekoa. Hiri handietan, oraintxe hasi dira Bordeleko zentroko auzo batzuetan. Eta Niort hirian (60.400 biztanle) aspalditik ari dira.

Katalunian atez ateko sistemarekin funtzionatzen duten herriek osatuta daukate elkartea: Associació de Municipis Catalans per a la Recollida Porta a Porta. Alde batera utzita txiki asko, handi hauetan ere egiten da: Gava (45.190 biztanle), Blanes (39.100), Canet de Mar (13.381), Esparreguera (21.451), Palau-Solia i Plegamans (13.916), Torredembarra (15.056)...

Ez dugu zerrenda luzatuko. Hernaniko gizon eta emakumeek, gazteek eta zaharrek, jakin behar dute atez ateko bilketa leku askotan egiten dela. Demostratuta dago: atez ateko sistema errauste planta baino askoz hobea da denon osasunarentzako, dirutan merkeagoa da... eta herritar guztiek egunero egiteko erraza.

Ibon Zapiain Leoz.

Hernani Zero Zabor taldearen izenean.

Aminaturi



Joan den asteburua ongi hasi zen, etxera itzuli zinen zure familiarekin, lortu zenuen nahi zenuena. Itxurazko ahultasun horrekin, mundu osoari erakutsi diozu zure duintasuna eta zure familiarena, zure herriarena bezala, guztiaren gainetik daudela, baita gobernu xantaiarien gainetik ere.

Zure jarrera eredugarriak lortu du hainbat eta hainbat urduri jartzea: alde batetik, errege nagusia; eta, bestetik, Moratinos izeneko talante zein talento gabeko bufoia.

Baina errealitatea guztiz bestelakoa da, mozorroa beraiek kendu baitiote euren buruari: batak; sahararra zarela adierazteagatik zure herritik botatzeagatik; besteek, haien estatuan pasaporte barik sartzen uzteagatik, espainiar pasaportea eta etxe bat eskainiz. Horiek ez zekiten zure balioak, Sahara herria bezala, ez daudela salgai.

Batzuek uste zuten Marokoko erregeari barkamena eskatuko zeniola berehala, eta besteek, euren eskaintzak onartuko zenituela. Ez zekiten, ez, zure bizitza duintasunez irautean datzala, eta Aaiungo espetxe beltz hartan ematen zizuten kolpe bakoitzak giza eskubideekiko zure konpromisoa berresteko eta sendotzeko baino ez zuela balio.

Urte luzeetan lortu ez duguna, zuk egin duzu posible, Sahara herriari munduko mapan bere lekua emanez eta mundu osoari Afrikan duintasun handiko herri bat badela erakutsiz.

Aminatu, zuri esker, Sahara herria indartsuagoa da. Mila Esker zure borroka eta duintasun ereduagatik.

Mikel Fernandez Minguez.

Barakaldo.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia