Berria.info

Asteazkena, 2010ko martxoak 17 -

2009-12-12

EITB, konplota

Ander Iturriotz Lauzirika

EHUko Soziologia irakaslea

Hedabide pribatu eta publikoen erabilpen propagandistikoarena oso auzi xahutua da, inork zalantzan jartzen ez duena. Beraz, ez dut ezer berririk ekarriko, adierazten badut gaur egun EITB Euskal Herriko mendebaldeko Autonomia Elkartean agintean dagoen PSOE-PP koalizioaren legitimazio-tresna bilakatu dela. Legitimazio-tresna baino gehiago, ordezkatu ezin duten euskal errealitate abertzalea deslegitimatzen saiatzeko tresna estrategikoa.

Agiri fundazionalak

PSOEk plazaratu zuen Euskara askatasunean agirian jadanik antzeman zitekeen sozialistek EITBrekin egin nahi zutena: ETB1 eraberritu, hots, moderno eta askotariko bilakatu nahi zuten. Ulertzen baita lehen ETB1 ez zela modernoa; alegia, premodernoa zela, tribu abertzalearen gordelekua, nonbait. ETB2 eta taldeko irratiekin zer egin nahi zuten ez zuten esan, baina nabari dago ETB1erako proposatzen zituztenak asmo orokorragoak zirela. Espiritu berri hura jasotzen duen beste agiri batean -PPk eta PSOEk gobernu-akordioa ahalbidetzeko sinatu zuten Bases para el cambio democrático al servicio de la sociedad vasca delakoan, hain zuzen-, EITBri buruz hitz egiten da berriro, eta gehiago zehazten dira politika mediatiko «modernizatzaile» horren goiburuak: pluraltasuna, objektibotasuna, egiazkotasuna eta inpartzialtasuna bermatu nahi dira.

Adjektibo horiek -topiko propagandistiko huts bihurtu direnak, bestalde, demokratikotasuna edo zuzentasuna bezala- beste lekuren batean bilatu behar ziren, nonbait; eredu arauemaile asko izango zituzten PSOEk eta PPk adoktrinamendu garai ilun haietan: Tele Norte, TVE, Tele 5, La 4, Antena 3, Cope, Ser... Esparru mediatiko horretan ez bide da nazionalismo espainol zaharkituenaren apologia egiten; euskal nortasun nazionala errespetuz, neurriz eta doitasunez tratatzen bide da.

Praxiaren argibidea

Gatozen, baina, sei hilabete geroago daukagun EITB aztertzera. Modernizazioa neurtzeko tresna jakinik ez dut eta, propaganda alde batera, eragin den estilo-aldaketa modernotasun-unitate hunkiezinetan baino gehiago antzematen da edukietan. Inpartzialtasuna, objektibotasuna eta egiazkotasuna segurtatu dela baieztatzeko, berriz, oso subjektiboa eta partziala izan behar du batek, PSOEkoa izan behar du, edo PPkoa, esan dezadan. Askotarikotasunarena bere horretan jausten da, halaber: sentiberatasun mailan, lehenago estaltzen zuen audientzia baino txikiagoa estaltzen du egun EITBk: PP-PSOEren sentiberatasun politikoa duen audientzia potentziala lehenagokoa baino murritzagoa baita, kuantitatiboki bezala kualitatiboki.

Kualitatiboki, batez ere. Esan nahi baita, sentiberatasun espainola erakarri gabe, euskal sentiberatasuna uxatu duela politika mediatiko berriak. Hitz batean, EITB zigor-makina bilakatu dute lehenagoko EITB -edo are abertzalegoa- sintonizatu nahi duen audientziarentzat. Hortik datoz arazoak; hain zuzen, audientzia lortzeko arazoak.

Zer egin dute PSOEk eta PPk praktikan EITB zigor-makina bilakatzeko? Hasteko, euskal irrati eta telebistak arroztu, errealitateari desatxiki: mapa fisikoak eta kognitiboak ezarri, muga batzuk lausotu, beste batzuk trinkotu; eremu mediatikoa espainolizatu. Euskal nortasuna, euskal adierazpen kultural identitarioa -folklorekeriak ordezka ezin duena- debekatu. Herri honen kezka nagusia dena, naziotasuna, isilarazi.

Eta, bide batez, herritarren zerbitzuan egoteko helburua ahantzi. Eztabaida politikoaren beharra inoiz baino nabarmenagoa den honetan, eztabaidarako tresnak inoiz baino gehiago behar diren honetan, eztabaidaezinak ezarri. Bideak itxi, zentsura erabili: ezker abertzalea hedabideetan ere desagerrarazi behar zelako aitzakian, abertzaletasuna bera salbuetsi.

Mapen biolentzia

Eguraldiaren mapa modu bitxian aldatzen hasi ziren eta, harekin batera, mapa kognitibo sakonago bat ezartzen: batetik, agenda mediatikoan, izugarrizko garrantzia hartu dute Espainiako kulturak, gizarteak eta politikak -ohiko hizpide dugu Madril EITBn: Zapateroren Gobernua, ministroak, PSOE positibatua, PP negatibatua, erakundeak...-. Bestalde, egunerokotasunaren barruan -normaltasunaren barruan, esango dute, normalizatuz normatibizatzen baitira gauzak, zuzenak bezala bidegabeak-, begien bistan jartzen zaigu Espainiako geografia inperialaren mapa, hango eta hango gertakariak sarraraziz gure agendan.

Euskal Herriari buruz, berriz, beren mapa instituzionalizatu dute: EAE eta Nafarroa -Errioxa edo Kantabria aipatzen ez direnean, noski-. Giroa lotsagabeki despolitizatu dute. Politika instituzionalak baino ez du lekurik, PSOEren propagandak eta PPren errefortzu propagandistikoak; oposizioa nekez agertzen da; ezker abertzalea, inoiz ez. Giroa polarizatu dute: ETAren aurkako operazioak eta ezker abertzalearen aurkako biolentziaren agerpen prepotentea. Manipulazioa naturalizatu dute: Alakrana arrantzontziari buruz egin zuten jarraipen-lan eskerga -interesatzen zitzaien- bahituen askatasunarekin amaitu zen, handik aurrera kudeaketa negargarriari buruz etorri ziren kritikez ezer ere ez; Segi gazte-mugimendua kriminalizatzeko eskuliburuarena eskandaluzkoa izango litzateke beste leku batean. Gizarte-gai arin edo abstraktuei buruzko eztabaidaren bat, noizean behin, betelana -konkretutasunari ihes egiteko moda modernoa, hori ere-.

Eta, horrekin guztiarekin nahastuta, soslai baxuko albistegiak: liskarrak, erailketak eta El Caso aldizkariaren estiloko bortizkeria-adierazpenak nabarmendu dira -egun batean halako bost berri jarri zizkiguten, hurrenez hurren-, frankismoak hain gogoko zuen distrakzio-estrategia gaurkotua; gehiago, istripuak, gertakari xelebreak, arrosakeriak, folklorekeriak eta modu guztietako bitxikeriak. Dena oso modernoa, dena modernotasun espainolaren isla, innopia demagogiko eta idiota bat -grekoz ari naiz, noski; politikaz ari naiz-.

Baina, badirudi, EITBren soslai ideologikoa aldatzeko ahaleginak kostu handiak izango dituela. Alberto Surio zuzendari orokorrak egungo audientzia-joerak indartzen badira, edo bestelakotzen ez badira, EITBren etorkizuna zalantzan jartzera irits daitekeela aitortu du. Kostu hori, noski, bere zuzendaritzak hartu dituen erabaki estrategikoen kontra ideologikoki eta irrazionalki borrokatzen ari den mamu bati egotzi dio Suriok. Baina datu objektiboen azterketak ez du hain irakurketa erraza ahalbidetzen. Audientzien galerak arrazoi estrukturalak ditu, onartu nahi ez badituzte ere: EITB ikusten eta entzuten zuen jendeak ez du onartzen oraingo zigor-makina; arrotza egiten zaio Espainiari eskaintzen zaion leihoa; eznahikoa, Euskal Herriaren irudi folkloriko eta arina; biolentzia mediatikoa jasateko, hondo masokista nahikorik ez du.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia