Larrepetit
Fredi Paia
Theo Vennemann
Kennedy gure laguna zen, lagun amerikarra...», zioen Ferminek. Eta euskaldunon lagunekin hasita, atzerriko politikarien izenez bete zuen zerrenda. Kultura eta zientziako pertsonekin zerrenda berria egin beharko banu, «Vennemann gure laguna da, lagun alemaniarra...» hasiko nuke kanta, zergatik ez.
Ohitura da gure herrian, jende ugariren artean, berton jaio eta bertoko hizkuntza ikasteko interes minimorik izan barik bizitza igarotzea. Ostera, gure lurretik asago jaiotako jendeak bizitzako hamarkadak eskaintzen dizkio gure hizkuntzari, eta euskaraz mintzatu diren pertsonen ibilbidea aztertzeari. Naturan bezala, badirudi kulturan ere orekarako joera bat badela.
Municheko Unibertsitateko linguistika katedratiko eta alemaniar hizkuntzan doktore honen ustez, euskara dago Lapurditik Eskandinaviarainoko ibai ugariren izenaren muinean. Eta azken urteetan, ez soilik baina batez ere antropologia, genetika eta arkeologian, Sforza, Openheimer eta Forsterren moduko izen pisutsuek egin ikerketen ondorioak norabide berean doaz. Glaziazioko izotzak urtzen joan ahala gizatalde batek populatu zuen Europa mendebalde guztia, Bizkaiko Golkotik Norvegiara. Euren aurretik zihoazen ehizakinei jarraika.
Adostasun multidiziplinar bitxia. Kontuan hartu gabe, soldata oneko estatus akademikorik ez izateagatik, tesi ofizialetatik milimetroa urrunduz gero, frikitzat hartuak diren guztien ekarpenak.
Gure hizkuntzari dagokionez egia eta gezurra zer den definitzeko autoritatea omen dutenen artean, ostera, lan hori guztia baztertu beharrekoa da. Edo eurek dioten moduan, bazterturik dago. Eta ez zaio gizalegezko harrerarik egiten guztiok, iritzi bateko zein besteko euskaldunok, soldatapean ditugun arlo horretako funtzionario akademikoen artean.
Zein erratuta egon behar duen pertsona batek, bere tesietan, lanean hamarkadak eman eta gero, ikergai izan duen ondasun kulturalak definitzen duen herriko arlo bereko funtzionario publikoek harrera egokirik egin ez diezaioten.
Galdera horri interes pertsonalek baino ezin diote erantzun. Sekula ere ez arrazoiak, eta are gutxiago zientziak.
Ondo etorria Euskal Herrira, Theo, zorionekoak gu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
