Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-11-26

Borroka armatuaz argi hitz egin dezagun

Carmen Gisasola Sorozabal Joseba Urrosolo Sistiaga

Euskal preso politikoak, Zuerako espetxetik

Duela bost urte jende askok pentsatzen genuen hasi berria zen bake prozesua behin betikoa izango zela. Okertu egin ginen pentsatu genuenean gutxi batzuek borroka armatua eta kale borrokarekiko zuten jarrerak ezin izango zuela bake prozesua gelditu.

Oraingo honetan ezin da berdina gertatu. Horregatik, behingoz ziklo eta estrategia aldaketari buruzko eztabaida sustatzea erabaki denean, zera gogorarazi behar da: Ezker Abertzalearen oinarri sozialaren gehiengoak, presoen gehiengoak eta Batasunako Mahai Nazionalaren gehiengoak berak ere Loiolako prozesua atzeraezina izatea nahi zutela. ETAko gutxi batzuk eta Ezker Abertzalearen zenbait aparatutako beste apur batzuk izan ziren borroka armatuarekin jarraitu nahi izan zuten bakarrak.

Honelako gogoeta mahai gaineratu barik, nekez uler daiteke egun, batzuk ziklo aldaketaren alde egotea (ondo baino hobeto jakinik, desiratzen eta pribatuan hala adieraziz, hori borroka armatu gabe izan beharko duela) eta beste batzuek ekintza armatuarekin jarraitu nahi izatea. Bi jarrerak, bateraezinak izateaz gain, elkarren aurka baitoaz.

Eztabaidarako proposamenean esan nahi dena ulertzen bada ere, mezua zirriborrotsua gerta daiteke argi ez hitz egitearen ondorioz. Prozesu berria borroka armatuarekin bateragarria izan daitekeela ulertzera irits baitaiteke norbait. Eta hori ezinezkoa da.

Argi hitz egin behar da: «ziklo eta estrategia aldaketaz» hitz egiten denean, borroka armatua uztea eta etapa politiko hutsari ekitea esan nahi da. «Tresna politiko berriez» hitz egitean, egungo borroka armatuak ez duela balio esan nahi da. «Pisuzko erabakiak hartzeaz» hitz egitean, borroka armatua amaitzeko erabakia hartu behar dela esan nahi da. «Indar metaketa, indar harreman aldaketa eta eraikuntza nazionala prozesuaren berme bakarra dela» proposatzean, ETAk ez duela berme-paperik izango -orain arte izan duen bezala- planteatzen da.

Eta eman beharreko lau pausoak planteatzen direnean lau pauso barik bost pauso direla argi esan behar da. Zeren gainulertzen den lehen pausoa aipatzea falta baita. Hain zuzen, borroka armatuaren amaiera bera delako lehenik mahai gainean jartzeko puntua. Ziklo berria ardazteko muina eta gauzak konpontzen hasteko giltzarria.

Beraz, ezin da jarraitu zehaztugabetasunez, aurrez oinarri demokratikoak beharrezkoak direla ziklo aldaketarako esanez edo sektore politikoei aldez aurretiko bermeak eskatzen. Politikoki konpromisoak konpartitzeko aldez aurretiko berme bakarra borroka armatuaren bukaera delako. Zergatik ez da behingoz esaten borroka armatuaren zikloa nola itxiko den, ziklo politiko hutsari ekiteko? Gure ustez, gaurtik emateko pausoa horixe litzateke; kontziente garelarik duela urte asko eman behar zela eta beti gerorako atzeratzeak hauteskundeak ate-joka direla «elektoralismo» kutsua besterik ez duela izango. Ez duela sinesgarritasunik izango.

Borroka armatuaren bukaera ETAk berak planteatzea litzateke egokiena, arrazoi askogatik; besteak beste, borroka armatuaren inguruan sortutako kultura politikoak, muturreko pentsamoldeak eta jarrera sektarioak ghettoetatik at jasangaitzak direlako, eta sorrerako ezker abertzaletik gero eta aldenduagoak daudelako.

Arazoa ETAko buruzagitzan jarraipenik ez egotea da. IRAn bai, egon zen jarraipen hori, non 60-70eko hamarkadan borroka armatua hasitako jende berak fase politiko hutsera igarotzeko erabakia hartu zuen.

ETAk orain arte bezala jarraituz gero, Ezker Abertzaleari dagokio gaia garbi azaltzea; konbentzitu behar duena konbentzituz edo de facto ezarriz, zeren hori ere egin baitezake, eta horrela izatea hobe litzateke gutxi batzuek etsipen gehiago pilatzen jarraitzea baino. Zeren, ziklo aldaketaren trena erdibidean berriro geratuz, beste trenak -nahiz eta herren, baldar eta inora iristerik ez izan- aurrera egingo baitu eta beste behin ere gutxi batzuek beren iritzia ezarriko digute beste guztiei. Ez beren ideiak gehiengoak onartzen dituelako, baizik eta erabaki guneetan daudelako. Eta benetan pentsatzen dena serioski planteatzen ausartzen ez direnen isiltasunaren jabe direlako.

Bestalde, egoera kontuan hartuz eta presoen artean zein Ezker Abertzalean orokorrean pentsatzen dena ikusita, ziklo aldaketaren aldeko trenak ausardiaz aurrera egiten badu, erabakitasunez eta tokatzen zaion erantzukizunarekin, bestea baztertu eta bagoi bat gehiago bailitzan erantsiko da.

Eta tren talka egonez gero, Irlandakoa gertatuko litzateke: ETA ordezkatu duen militantziaren, Ezker Abertzalearen eta presoen gehiengo oso handi bat ziklo aldaketaren alde kokatuko litzateke, eta soilik gutxiengo bat izanen litzateke aurrera jarraitzearen aldekoa. Eta hobe horrela izatea, gutxiengoak bere atzetik denak eramatea baino.

Esan beharra dago, jada ETAk jarduera armatuari amaiera ematea beharrezkoa bada ere, hori ez dela aski konponbide hitzarturako gizartean behar diren baldintzak, sinesgarritasuna eta itxaropena sortu ahal izateko. Beraz, beharrezko deritzogu Ezker Independentistan oinarritutako alternatiba berria sortzeari; egun AB, NaBai, Batasuna; Aralar, EA, ELA, LAB eta abarreko oinarri sozialean ezagutua sentitzen den jende anitzarekin. Bakoitzari bere izena emanez eta harrokeriak alboratuta (hainbeste kalte eta min egin dutenak ezker abertzalean), aniztasunaren errespetua, kudeaketa eta inoren hegemoniarik gabeko funtzionamendua oinarri hartuta. Aski da, ez dauka zentzurik deus metatzen ez duen metaketa abstraktua aldarrikatzeak.

Hortik aurrera, aski litzateke horretan benetan sinesten duten sentsibilitate ezberdinetako pertsona egokiak elkartzea. Gainerakoa, ia berdintsu pentsatzen dutenen artean hilabeteak eta hilabeteak berriketa antzuetan igarotzea, luxuzko politikakeria besterik ez da. Arduragabekeria itzela egungo egoeran.

Hurrengo urratsak gizarteari alternatiba berria aurkeztea izan beharko luke, non sentsibilitate ezberdinetako itzal handiko jendeak behin betikoa denaren bermea emango lukeen. Horrela bai, sinesgarritasuna izango luke.

Espetxean asko dira guk bezala pentsatzen dutenak, nahiz eta agiri ofizialetan alderantzizkoa azaldu preso denen izenean. Ez da normala ziklo aldaketaren eztabaida kalean sustatu eta beste behin ere presooi iritzirik ez eskatzea, egun gertatzen ari den bezala. Hau esan egiten dugu, garrantzitsua dela eta esan egin behar dela pentsatzen dugulako, zeren presooi elkartasuna adierazten digun jendeak eta gure senideek eskubidea baitute egia jakiteko. Ez dugu zalantzarik, bere garaian Loiolako Hitzarmenarekin jarraitzearen edo prozesua apurtzearen aldeko iritzia eskatu balitzaigu, egiazko datuak eskura emanda bertsio interesatuen ordez, egun Irlandan bezalako egoeran ginatekeela, etapa politikoan buru-belarri sartuta. Eta hori esatea ez da inongo politikakeria, gauza serioegia baizik.

Gure izenean besterik ez dugu idazten, eta ezker abertzalearen oinarri sozialean isilik jarraitzen duen gehiengo zabalari dei egiten diogu (orain arte jarrera kritikoak izatea zaila izan bada ere), argi esan dezaten benetan pentsatzen dutena; gutxi batzuei ezin zaielako utzi suari egur gehiago botaz tren osoa kiskal dezaten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia