Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:07

IRITZIA;2009-11-26;Hizkuntza eta hezkuntza

Hizkuntza eta hezkuntza

Raul Martinez Moreno

D ereduko Biologia eta Geologiako irakaslea

Aurtengo ikasturtean ere Bigarren Hezkuntzako oposizioak izango ditugu Nafarroan. Duela gutxi sindikatuok Hezkuntza departamenduak egindako deialdiaren zirriborroa ezagutzeko aukera izan dugu, eta badira gobernu honek irakaskuntzan euskarekiko duen jarrera eskasa erakusten duten bi gai-puntu.

Batetik, aurten lehen aldiz inolako euskara titulurik gabe aukera izango da euskara plazetara aurkezteko, eskakizuna lortzeko proba bat eginez. Beste era batera esanda, departamenduak euskara maila baxuagoa dutenei ateak zabaldu nahi dizkie. Gainera, azterketa horiek gobernuak berak egingo dituenez, nahi beste jaits dezake maila. Gaur egun arte, Euskaltzaindiak emandako EGA eta hizkuntza-eskola ofizialaren Euskara Egiaztatze agirien bidez justifika zitekeen euskara maila. Erakunde horiek dira, hain zuzen ere, proba horien objektibotasuna ziurtatzen dutenak, baina, neurri horrekin, orain erabat airean geratuko da euskara maila hori. Modu bitxia benetan, euskararen eta hezkuntza beraren alde egiteko.

Bestetik, iazko oposizioetan ere agertzen zen neurria dugu. Hain zuzen, euskarazko plazetara aurkezten direnei azterketa eta proba guztiak gaztelaniaz egitea baimentzen duena. Harrigarria, ezta? Bada, harrigarriago suerta daiteke jakitea, aurreko eta aurtengo oposizioen deialdian, mahai sektorean APSrekin batera sindikatu bakar bat izan zela neurri horren aurka agertu zena. Hori al da beste sindikatuek gure hizkuntzari zor dioten errespetua? Non geratu da horien euskararen aldeko bermea? Nola ausartu daiteke euskarazko plazetara aurkeztu eta azterketa eta gainontzeko probak erdara hutsez egitera? Niri behintzat lotsa izugarria emango lidake. Kontuan izan deialdi berak frantses eta ingeles irakasleak oposizioko proba guztiak aurkezten diren hizkuntzan egitera behartzen dituela.

Bigarren hezkuntzako oposizioak hiru zati edo proba ditu: gaitegiaren azterketa, unitate didaktikoa eta programazioa.

Gaitegia idatzizko azterketa baten bitartez ebaluatzen da. Espezialitate bakoitzeko zoriz hautatuko bost gaietatik bat garatu behar da. Proba horrek ikasgai horren inguruan irakasleak dituen ezaguera teorikoak neurtzeko balio du. Nire ustez, ezaguera horien barruan ikasgaiari dagokion hiztegi teknikoa sartzen da. Hiztegi hori hizkuntzatik hizkuntzara aldatu egiten da. Alegia, ez da nahikoa gaztelaniazko caudal euskaraz kaudala esatea, benetako euskarazko hitza ur-emaria denean. Berdin bizkarroi hitza parásito adierazteko. Hortaz, euskarazko plazetarako azterketa erdaraz egiten duen batek, nahiz eta eduki guztiak aipatu, nota gutxiago atera beharko luke, ez baitu erakutsi hiztegi teknikoa menperatzen duenik.

Beste bi atalen bidez, aurretik prestatutako unitate didaktiko eta programazio baten ahozko azalpenak, irakasleak Nafarroako bigarren hezkuntzan jarraitzen diren irizpideak ezagutzen dituela eta irakasteko dituen baliabideak neurtzeko dira. Azken horretan hainbat faktore daude: irakasgaiaren ezagutza, esperientzia, prestakuntza eta, nola ez, hizkuntza horretan duen trebetasuna. Ni, adibidez, institutuan ikasitako ingelesarekin, ingelesez dakiten atzerritarrekin poliki moldatzen naiz oinarrizko elkarrizketa bat mantentzeko, baina argi daukat ez naizela gauza DNAren erreplikazioa edo nitrogenoaren zikloa ingelesez azaltzeko. Ildo beretik, EGA gutxieneko eskakizuna da. Hortik aurrera bakoitzak bere euskara maila dauka, batzuek bikaina, besteek normalxeagoa edo eskasagoa. Gogora dezagun oposizio bat lehiaketa bat dela. Zeinek hobeto egin, nota hobea aterako du. Beraz, programazioa dagokion hizkuntzan hobeto azaltzen duenak nota hobea mereziko luke. Baina nola lehiatu hizkuntza ezberdinetan aritzen diren bi irakasle. Hona hemen, hobeto uler dadin, adibide bat kirolaren inguruan; ehun metroko lasterketa batean zein postutan geratuko litzateke xabalina 83,5 metrora jaurti duena? Pentsaezina, ezta? Hauxe bera gertatzen dela pentsatzen dugu, bi hizkuntzak parekatu nahi direnean.

Konturatuko zineten euskaraz zein hurbil dauden hezkuntza eta hizkuntza hitzak. Hain zuzen ere, hori da Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkartean pentsatzen duguna, hezkuntzan irakasgaia ezagutzeaz gain erabiltzen den hizkuntza ere menperatu behar dela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia