Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:07

IRITZIA;2009-11-26;Izenak, ezizenak eta ezin izanak

Izenak, ezizenak eta ezin izanak

Imanol eta Xabier Azkue Ibarbia

Zumaiako toponimiaren ikertzaileak

Iragan asteartea (2009-11-24). Gipuzkoako egunkari saldueneko azalean izenburu hau: «Espectaculares olas en Playa Gris». Telebistan ere, gaueko informatiboan Playa Gris gora eta behera. Zein hondartzari buruz ari dira? Non dago? Mapan ibili gara bila. Arrastorik ez. Inon ez dago Playa Gris-ik. Hain zaila da titularrean Planeria edo Aizpurupe jartzea? Akaso hitz horiek zikinak, zailak edo esanahirik gabeak dira? Ez dira Playa Gris bezain guay eta modernoak? Bere burua seriotzat daukan egunkari, irrati- edo telebista-kate bat ausartuko litzateke titular batean ahaldun nagusiaren famili motea jartzen? Iruditzen zaigu ezetz. Arduragatik edo zorroztasun informatiboagatik bada ere, uste dugu ezetz. Orduan, zergatik erabiltzen dituzte hedabideetan surflariek lagun artean asmatutako ezizenak eta ez toki horien berezko eta aspaldiko izenak?

Zumaiatik irten orduko hasten dira Getariako lurrak, ia-ia Santiagoko hondartzan bertan, eta itsasertza oso ospetsua egin da azkenaldian, surferako olatu bikainak sortzen direlako. Leku horiek gertuago daude Zumaiatik, eta badauzkate berezko izenak, nahikoa ondo dokumentatuta, gainera: hor daude Orroaga (esan Orrúa), Izustarri muturra eta Planeria (esan Planeíxa). Surflariek, ordea, seguru asko borondate txarrik gabe, paraje horiei beste izen batzuk eman dizkiete: Izustarri muturra haientzat Rokaputa da; Planeria, berriz, surflarientzat Playa Gris da, hango olatua lehen aldiz hartu zuenak horrelaxe jarri ziolako. Getariako Udalak ere bekatua egin du, izen berri horiekin ateratako panelak jartzea babestu duelako, berezko izenak kontuan hartu gabe.

Batzuek olatua nahi duten bezala bataiatzeko eskumena aitortzen diote surflariari, eskaladan bide berriei izena jartzen zaien bezalaxe. Inguruko gainerako olatuak izendatzeko, ordea, leku-izenak erabiltzen dira arazorik gabe: Mundaka, Belharra, Sakoneta, Zurriola... Ibon Amatriainek berak aitortua du, gainera, tokiaren izenik ez zekitelako hasi zirela Playa Gris deitzen, kare-harriak ura zikintzen duelako. Olatu horiek leku jakin batzuetan sortzen dira, eta han egindako balentriarik mundialenak ere ez luke leku horien izenik ezkutatu behar.

Herri askotan dira oker erabilitako izenen adibideak. Esaterako, Zarautzen, Iñurritza ibaiari Riopeste deitzen zioten askok lehen; Irunen ba omen dago Calle de la Mierda esaten dioten bat, eta Donostian ezaguna da Cuesta del Culo. Imajinatzen dituzue Udalak izen horiek errotulu batzuetan jartzen? Eta hedabideek emango lituzkete izenok izenburuetan?

Urte batzuk daramatzagu Zumaiako eta inguruetako leku-izenak lantzen, Udalaren laguntza sendoarekin; horren erakusgarri dira, besteak beste, mapa toponimikoa, Zumaia, izena eta izana liburua, herriko prentsan argitaratutako dibulgazio-artikuluak, ikastetxeetako hitzaldiak, errotuluak eta informazio-panelak... Lan hori guztia gure toponimoak ezagutarazteko eta zuzen erabiltzeko, izen horien atzean istorio txiki eta politak daudelako, gure identitatearen osagai direlako. Inurri-lana da, pixkanaka eta egunero egindako lana, etengabe, baina alferrikako lana da gero hedabideetan batere aintzat hartzen ez bada.

Uste dugu gertatzen denak balio behar digula hausnartzeko, gure toponimo edo leku-izenak nola erabiltzen ditugun, eta horien atzean zer izan dagoen. Horretarako, ordea, beharrezkoa da bakoitzak bere ardurak hartzea, besteak beste:

-Administrazioak: udala da herritarrarengandik gertuen dagoen erakundea, tokian tokiko leku-izenak ongien ezagutzen dituena eta berea da horiek zaintzeko eta iraunarazteko ardura nagusia. Udalak ofizialdu behar ditu leku--izenak eta hori etengabe egiten du, gainera: herritarrei gutunak bidaltzen dizkienean, kalea konpontzeko lanak hasi behar dutela iragartzeko oharretan, bandoetan... Gainera, udaletan beti sortzen dira kale berriak, bideak, zubiak, iturriak... Horiek bataiatzean kontuan hartu beharko lirateke lehendik datozen izenak. Horrez gain, udalek zaindu behar dute izen horiek behar bezala erabiliko direla, segimendua egin eta behar denean ohartarazi oker erabiltzen dutenei.

-Hedabideak: zertan oinarritzen dira hedabideak edo zer irizpide daukate lekuen izena aukeratzean? Normalena da izen ofiziala erabiltzea, baina bistan da hori ez dela beti betetzen. Leku bakoitza zehatz eta zuzen izendatzea garrantzitsua da, eta hor arduraz jokatzeko eskatu beharko genieke hedabideei, izugarrizko ardura daukate eta. Izan ere, askotan horien bitartez iristen zaizkigu leku-izenen berri, eta ezinbestean eskatu behar zaie euskarazkoak erabiltzeko kezka edo zorroztasun-irizpidea. Zertarako egiten dira izendegiak, gero erabiltzen ez badira?

-Herritarrok. Arduraz jokatu beharko genuke denok. Normala edo ulertzekoa ere bada giro jakin batean leku bati beste izen bat jartzea eta horrela erabiltzea giro horretan, baina asmatu beharko genuke muga ezartzen eta errespetatzen. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da kezka bat izatea: edonora joanda ere, interesa izatea leku batek nola izena duen jakiteko, edo nola deitzen dioten eta zergatik. Eta hori guztioi dagokigu, herritar soilei zein elkarteei, mendi-taldeei eta surflariei.

Zer gertatuko litzateke lekuei bakoitzak nahi bezala deituko bagenie? Adibidez, Gorbeia mendia hemendik aurrera izango balitz Piperpotomendi; Kursaaleko kuboari deituko bagenio Adreilutzarra; Arga ibaiari hemendik aurrera esango bagenio Riomarrón. Agian egunen batean Ibon Amatriainek berak olatu handiren bat hartuko du Kontxan, eta nahiago genuke izen politen bat jarriko balio (adibidez, Playa Amarilla). Jakin-minez gaude Gipuzkoako egunkari salduenaren titularra ikusteko.

Erabil ditzagun dagokien bezala izenak eta ezizenak, errespeta dezagun horien atzean dagoen izana eta istorioa, baztertu ditzagun ezin izan diren izen horiek.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia