Zuzendariari
Mapatik ezabatuak
Euskalgintzaren mapa direktorioa sortu du Kontseiluak. Bertan, euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeak agertzen dira herriz herri. Bi urte lanean aritu ondoren, lankidetzan osaturiko tresna dela zioen Xabier Mendigurenek aurkezpen ekitaldian.
Neuk gonbita egin nahi dizuet www.euskalgintza.org helbidean direktorioan nabigatzeko eta konturatzeko aipatu elkarlana zeinekin gauzatu den.
Norberaren herrikoan murgiltzea izango da joera arruntena eta, honela, harriduraz, ikusi dut Lezon, azken hogeita hamar urteetan euskalgintzan, euskararen berreskurapen eta normalizazioa lortzeko herriak izan eta dituen eragile indartsu eta eraginkorrenak ez direla agertzen. Ez Lezo Herri Eskola, ez Lezo Institutua, ez Haur Eskola. Horratx! Kultur Elkartea, Oroitzene AEK eta Lizeo ikastola agertzen dira mapan.
Aldamenera joan eta, Errenterian, ikastetxe publikorik ez da agertzen, noski, baina Langaitz Ikastola ere ez, publifikatu zenean labela galdu zuen, nonbait.
Luza gaitezke Hondarribiko basamortuari azalpenak bilatu nahian, Irungo Txingudi Ikastolak, sare publikoan sartuta ere, aipamenik merezi ez izatea, edo, Donostiako kasuan, Elkar megadendei eskaintzen zaien pasarelan, diskoetxea barne, nazioartean, hizkuntza berreskurapenean, oso ezaguna den Amara Berri ikastetxeko fenomeno batentzat zirrikiturik ez dago. Eta honela herriz herri.
Kontseiluan galdetuta, Topagune eta Ikastolen Elkartearekin jarri omen dira harremanetan. Direktorioaren aurkezpenean, aurrerantzean, garatzen eta hobetzen jarraitzeko asmoa agertu zuten. Autoen erosketan bezalaxe funtsezkoa, oinarrizkoa, berezkoa du -«de serie»- bestelakoak aukerakoak dira.
Webgunean «erakunde berria eransteko» abiatzen den prozesua ireki daiteke baina, batzuek ordea, berezkoa dute labela; jaiotze unetik bataiatuak sortzen dira, apezpiku berriek ur bedeinkatua emanda; besteok, aldiz, jatorrizko bekatua aitortu, botoian sakatu eta penitentzia egin beharko dugu euskalgintzaren mapan lekua izateko.
Dinamikoa izango dela agindu zuen Zigor Etxeburuak; ohartzen hasiak gara, batzuk besteak baino gehiago mugitu beharko gara ordea.
Gu mapan bageunden norbaitek ezabatu arte. Hau ez da ez Elkarlana, ez Euskalgintza ez Herrigintza.
Jokin Mayo.
Lezoko Institutuko zuzendaria.Sexu-hezkuntzaz
Jose Andres Etxebarria Etxeita.
Laukiz.Osasuna lehenesten dugu
Izaskun Txintxurreta.
Hernaniko ingurumen zinegotzia.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
