Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:06

IRITZIA;2009-11-21;Zuzendariari. Ricardo Etxepare jaunaren memoria selektiboa. Ps, ps, badator, badator! Herri oso baten bahiketa

Zuzendariari

Ricardo Etxepare jaunaren memoria selektiboa

Ricardo Etxepare jaunak, CNRSeko IKER laborategiko zuzendari berriak, memoria selektibo bat dauka. Eta duela gutxitik «zuzentzen duen» ikergunearen ezagutza bat oso kuriosoa. Dudarik ez. Beraz, memoria freskatuko diogu.

Ricardo Etxepare jaunak idazten du: «Hector Iglesias jauna ez da IKER-eko kide». Eskerrak ematen dizkiot informazioarengatik. Baina nik baditut hemen, nire begien aurrean, frantses dokumentu ofizial batzuk -BERRIAko zuzendariari kopia bat igorri diot-. Eta zer diote Frantziako Errepublikako dokumentu ofizial horiek?

Haietarik batean, gaur egun Euskaltzainburuordea den Aurelia Arkotxa andereak ofizialki izenpetutako dokumentu ofizial bat, ondoko esaldi hau idatzia da -frantses hizkuntzan izkiribaturik, hau da Frantzian dokumentu ofizialetarako hizkuntza ofizial bakarra-: «M. IGLESIAS est membre d'IKER-UMR 5478 du CNRS».

Eta bigarren dokumentu ofizialean, orain arte Euskaltzainburuordea izan den Bernard Oyharçabal jaunak ofizialki izenpetutako dokumentu ofizial bat, irakur daiteke: «M. Iglesias a acquis une expérience d'enseignant dans le [enseignement] supérieur (...) Il appartient par ailleurs au Centre de Recherche sur la Langue et les Textes basques (UMR 5478, Université de Bordeaux 3 - UPPA - CNRS)».

Azkenik, ikerketa-artikulu bat argitaratzen dudan bakoitzean IKER deritzan Euskarari eta Euskal Testuei buruzko ikergunearen aipamen ofiziala beti agertzen da automatikoki nire deituraren azpian.

Beraz, zer erran nahi du Ricardo Etxepare jaunaren esaldiak? Esaldi horrek erran nahi du Ricardo Etxepare jaunak IKER-etik «kanporatzen» nauela Iruña-Veleiako aferan ikerketa zientifiko libre bat aurrera eramateagatik eta defendatzeagatik.

Nik 2.000 orrialdeko tesi bat (Eusko Ikaskuntzak eta Baionako hiriak saritutakoa), hiru liburu eta 30 ikerketa-artikulu (1.000 orrialde inguru) nazioarteko aldizkari zientifiko batzuetan argitaratuak ditut. Etxepare jauna bezalako frantses funtzionarioek ez naute inpresionatzen, ezta sekulan inpresionatuko ere.

Nahiz eta azken urteotan Euskal Herriko aldizkari zientifiko guztietan zentsuratua naizen, beti segituko dut, zentsura guztien gainetik -besteak beste Etxepare jaunarena eta bere lagunena- ikerketa zientifiko bat, kalitatezkoa eta maila handikoa, egiten eta bultzatzen eta baita ere Europako maila handiko aldizkarietan nire ikerketak argitaratzen -gero eta gehiago nire ikerketak onartzen dituzten aldizkarietan eta hemen eskertzen ditudanak-.

Hector Iglesias.

Baiona.

Ps, ps, badator, badator!



Lotería Nacional Española-ren zozketa handia.

Krisi garaia da, eta krisi garaian arriskatu beharra dago. Emakume eta gizon ausartena da mundua, eta joka dezagun, joka dezagun aberasteko aukera izan dezagun, itotzen gaituen hipoteka alu horri buelta eman diezaiogun, ametsetako bidaiak azkenean egin ditzagun. Aukera bakarra: loteria.

Eta loteriaren bertuteak ez dira honetan amaitzen; gehiegi dira orri batean laburtzeko. Esan bezala, krisian gaude, gure instituzioak ere krisian (ekonomikoa) daude. Diru sarrerak gutxitu omen zaizkie, eta gastuak, berriz, ezin txikitu.

Eta gainera gastu berriak sortzen ari dira. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren presentzia eta kontrolak handitu beharra izan dugu batez ere «herri arriskutsuetan». Bitartean, Ertzaintza lanez buruz gainezka dabil argazkiak kentzen, mota desberdinetako manifestazioak debekatzen, Francok fusilatutakoen omenaldiak debekatzen, presoen argazkiekin tiro praktikak egiten. Horren guztiaren ondorioz, langile gehiago hartu beharrean dira, eta, noski, gastuak gora.

Eta ez hori bakarrik, AHTa, errauste planta, Pasaiako ekopuertoa, Bilboko Supersur, Monegroetako Las Vegas... azpiegiturek, hain beharrezkoak direnak guztiak, gure herriaren eta Espainia osoaren garapenerako dirua eskatzen dute, eta loteriak ekarpen ederra egingo du.

Eta non dago gure harrotasuna! Nola utziko ditugu umezurtz afganistandar gizagaixoak, duela urte batzuk irakiarrak bezala! Gure soldaduen beharrean daude deabruaren atzamarretatik libra daitezen, eta horrek ere kostua du. Eta Alakrana-ren erreskatea ordaindu behar izan dugu, baina terroristekin negoziatu gabe. Hori garbi gera dadila!

Beraz, animo eta jokatu. Bi txori botako ditugu tiro bakarrean: gu aberastu eta eskubideen berdintasuna bultzatzen duten gobernuen asmo demokratikoak lagundu.

Juanmi Galatas Etxeberria.

Donostia.

Herri oso baten bahiketa



Alakrana ontziaren bahiketaren 47 egun hauetan guztietan isilik izan naiz, ez arrantzaleekin edota euren familiekin sartuko naizelako, ez horixe! Begiruneagatik bakarrik, ez diezadan norbaitek esan une eta egoera triste hauek aprobetxatzen ditudala geurea ateratzeko, bazterrak harrotzeko -baina ez da geurea bakarrik Euskal Herri osoarena baizik-.

Alakrana-ren bahiketa salatzeko alkateen batzarretan eta ondorengo familia argazkietan, alkate (edo gestorako presidente) bat agertzen da beraren alderdiarekin batera herri oso bat bahituta daukana: Ondarroarengatik ere erreskatea ordaindu beharko da, Felix Aranbarri jauna?

Liher Goienetxea Astillas.

Bermeo.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia