Aralar eta hondakinen atez ateko bilketa
Lontxo Zubiria Kamino
Aralarreko Usurbilgo zinegotzia
Urri honetan, Aralarrek, nire alderdiak, Biltzar nagusia egin zuen. Han hitz egin eta erabaki ziren gai garrantzitsuen arteko bat hondakinena izan zen. Alderdiaren zuzendaritzak ponentzia nagusian proposatzen zuenari zuzenketa zehatza aurkeztu nion. Zuzenketa ez zen botoetan aurrera atera, eta alderdiaren jarrera gai honetan, testu honetan mamitu zen:
«Jasangarritasunaren araua horixe da, hain zuzen ere, inoiz ere ez da handitu behar kontsumo baliabideen eskaintza, aurretik horien eskaera arautu gabe. Bestela esanda, ezin daiteke ere energia ekoizpena handitu, energia aurrezteko eta banaketa sareak arrazionalizatzeko aukerak agortu gabe.Ezinezkoa da hondakinei balio emateko azpiegiturak instalatzea, hori baino lehen hondakin gutxiago sortzearen eta birziklatzearen aukerak agortu gabe, azken hondakin gutxien ematen dutenak, gehien berrerabiltzea baimentzen dutenak, energia eta diru gutxien gastatzen dutenak, sozialki jasangarrienak eta osasunarentzako bezala ingurumenarentzako kalte gutxien eragiten dutenak aukeratu behar dira».
Esan beharrik ez dago Aralarreko kide naizen aldetik barruko bozketaren emaitzak onartzen ditudala. Hala ere, gai honi buruzko nire ikuspegia azaldu nahi dut publikoan. Iruditzen zait, gainera, Usurbilgo zinegotzi izanda, hondakinen kontuan hilabeteotan ikusi, ikasi eta landu dudana gainerako Aralarkideei baliagarri gertatuko zaiela.
Europako legeek behartuta, batetik, eta, bestetik, zabortegiak gainezka zeudelako, Gipuzkoako erakunde nagusiek etxeetako hondakinak errausketaren bidez kudeatzea proposatu zutenean, eta erraustegia Zubietan kokatzea erabaki, Usurbilgo Udalak arazoari beste alde batetik heltzea erabaki zuen: hondakinen sorreratik. Aralarrek biltzarrean erabakitakoak ere garbi dio hortik heldu behar zaiola arazoari.
Europako beste lekuetan eta batik bat Katalunian ezarritako atez ateko sistema aztertuta, antolatu zen Usurbilgoa. Martxan jartzeko bidean ez da zailtasunik falta izan, eta seguru aski sistema hobetu eta findu egin beharko dugu denborarekin. Baina emaitza ezin hobeak eman ditu hondakinen kudeaketa sistema honek, datuak hor daude eta Euskal Herriko beste udal askotan zalantzan daudenei indarra eman beharko liekete urrats horretan aurrera egiteko.
Ezin dugu aipatu gabe utzi Usurbilen badagoela jende multzo bat bide honen aurka dagoena. Erreferenduma eskatu dute, eta erreferenduma egingo da. Ni ziur nago probatu ondoren herriak baiezkoa emango diola sistema honi. Dena dela, herritar askok hartu dute parte sistema berriaren antolaketan, eta gai honen inguruan Usurbilgo bizikidetza hobetzeko balio izan du.
Badakit erraustea ez den beste sistema bat aipatu dela gure alderdian, gasifikazioa. Baina, orain arte horretaz azaldu diren informazioak kontuan hartuta, inolaz ere ezin da alderatu ez emaitzen aldetik, ez inbertsioen eta kostuen aldetik, eta ezta osasunarekiko errespetuaren aldetik ere, atez ateko bilketak eskaintzen duenarekin.
Beste hau ere entzuna dugu: «Sistema honek Usurbilen bai, baina beste lekuetan ez du balio». Atez ateko sistema Europan hiri handietan ere egiten dela esatearekin batzuk ez dira, nonbait, konformatzen. Behar bada konbentzituko dira jende kopuruz Usurbilen hiru halako den Hernanin laster martxan jarriko dutenean. Bide batez esanda, han ere Ezker Batua-Aralarren izenean hautatutako zinegotziaren babesarekin.
Bukatzeko, «sistema honekin ere ez da arazo guztia konpontzen», hori ere esan da. Usurbilen lortu den emaitza (%82 berrerabiltzeko moduan biltzea) hobetzeko tartea badago, hori batetik. Baina, bestetik, kontu honetan egia osoa esan behar da: atez ateko sisteman birziklatu ezinik uzten dituen errefusak ez dira erraustegiak dena kiskali eta kutsadura sortu ondoren utziko dituen errautsak baino gehiago. Horregatik dago Zubietako errauste plantan aurreikusia azken zakarrentzako biltegia. Baina desberdintasun handi batekin: atez atekoaren errefusak ez dira kutsagarriak, eta, teknologia aurreratu ahala, horietako batzuk posible lirateke berrerabiltzea; baina erraustegietako azken zakarrak oso toxikoak lirateke.
Nire idatzi honen helburua ez da alderdiaren zuzendaritzarekin eztabaidatzea. Oso bestela, alderdiak erabakitakoa errespetatuz, Aralarren izenean zinegotzi, alkate, batzarkide edo parlamentari direnak animatu nahi ditut Usurbilen hondakinen kudeaketarako darabilgun sistema ezagutzera etor daitezen. Hemen, hasierako esfortzu txiki batekin, hondakinen tratamendu osoa aldatu dugu eta emaitzak ikusgarriak dira.
XXI. mendeko Europako alderdi ezkertiarra den aldetik, Aralarrek bultzatu behar du hondakinak bildu eta kudeatzeko modu hau.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
