Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:05

IRITZIA;2009-11-19;Zuzendariari. Hogei urte harresiak eraikitzen. IKER-i buruzko baieztapen zenbaiten inguruan. Gripe berriaz

Zuzendariari

Hogei urte harresiak eraikitzen

Jadanik bi hamarkada igaro dira Berlingo harresia eraitsi zutenetik. Hogei urte II. Mundu Gerra izan eta gero sortutako mundua betiko aldatu zenetik. Gertaera hori beti aurkeztu egin digute mundu zibilizatuaren garaipen handi baten moduan, grekoek Platean lortutakoaren modukoa. Baina mendebaldeak lortutako garaipen hori hain ona izan ote da munduarentzat? Nire uste apalean, ez.

1989. urtean Berlinen ikusi zena neoliberalismoaren garaipen handia izan zen. Thatcher-ek eta Reaganek -Bush aitak ere- azkenean deabru komunista menperatu zuten, eta kapitalismoaren azken mugak hautsi zituzten. Orduan suposatzen zen munduaren ezberdintasunak merkatu libreak berdinduko zituela, eta demokrazia liberala munduaren bazter guztietara ailegatuko zela. Ezta hurrik eman ere. Hogei urte geroago ikusten dugu mendebaldearen etsairik arriskutsuenak guk geuk sortu genituela komunismoa borrokatzeko -talibanak, esaterako-.

Beste alde batetik, mendebaldearen gorentasun honek pobrezia besterik ez die ekarri munduaren beste alde guztiei. Herri horiei «laguntzeko» AEBek eta EBk sortutako erakundeek haien pobrezia larritu besterik ez dute egin. NDF eta MBren maileguek herrialde horietako zorrak handitu dituzte, eta, bide batez, mendebaldearekiko haien menpekotasuna handitu. Gainera, hori gutxi balitz bezala, bi munstro kapitalista horiek nekazaritza alorrean bultzatutako politika protekzionistak oztopatu egiten du herrialde «ez-garatu» horien bizi iraupen bakarra.

Baina egoera konpontzeko asmorik ez da agertzen inondik ere. Adibidez, gosetearen kontrako gudan ere mendebaldeak etekinak ateratzeko grina erakusten du. Afrika osoa hazi transgenikoz gainezkatu dugu, eta nekazarien pobrezia areagotu, bide batez. Betiere, gure munduaren filosofia berria beste arazoen gainetik ezarri nahi dugu; hau da, negozioa egin nahi dugu edozein arrazoi dela medio. Nahiz eta tartean bizitzak egon.

Azkenean, guk Berlinen su artifizialak jaurtitzen ditugun bitartean, munduaren bi heren goseak jota hiltzen da.

Ondorio moduan esan dezakegu bestelako mundu bat posible dela. Hego Ameriketatik lehen ahotsak altxatu dira gure arpilatze etengabearen kontra. Ez dut uste antzinako komunismoak formula miragarri horren emaitza emango zigunik, baina ziurrenik Engels eta Marxen pentsaeratik gertuago egongo da mundu ideal hori. Ezin dugu ezer ospatu guk Berlingoa baino altuagoak diren harresiak etengabe eraikitzen baditugu.

Eder Alvarez Rivera.

Bilbo.

IKER-i buruzko baieztapen zenbaiten inguruan



IKER (UMR5478) laborategiaren webgunean oraintsu emandako mezu batean, gure laborategiak bi ohar egiten zituen.

Lehena, laborategian postuan den ikerlari bakar batek ere ez duela auzitan jartzen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko aditu batzordeak prestatu txostena.

Bigarrena, besterik aditzera eman dezaketen adierazpen guztiak, non-nahi gertatzen direla, ofizialki gezurtatzen ditugula.

Hector Iglesias jaunak publikatu berri den elkarrizketa batean (BERRIA, 2009ko azaroaren 18a) ohar horiek orokorregitzat eta funtsean lausotzat jotzen dituenez, kontu ttipi hau behin betiko argitzeko moduan zehaztu nahi nuke.

Batetik, Hector Iglesias jauna ez da IKER-eko kide. IKER-eko ikerlariak CNRSn, UPPAn eta Bordele 3n jardunean diren ikerlari eta irakasleak dira, eta ikerketa-kontratu baten bidez haiekin batera proiekturen batean lanean ari diren ingeniari, doktoregai eta postdoc-ak.

IKER-ek baditu horrezaz gainera kide asoziatuak, laborategia lau urteko berritua den aldioro izendatuak direnak. Kide asoziatu horiek IKER-ekin kolaborazio jarraitua duten mundu osoko ikerlariak dira.

Iglesias jauna ez dago ez lehenbiziko sailean, ez bigarrenean ere.

Azkenik, berretsi nahi nuke, laborategiak lehengo mezuan egin zuen bezala, IKER laborategian postuan diren ikerlarietarik bakar batek ere ez duela auzitan jartzen EHUko adituek prestatu txostena.

Gauzak honenbestez behar bezala argituak gelditzen direla espero dut.

Ricardo Etxepare.

CNRS, IKER laborategiko zuzendaria.

Gripe berriaz



Kokoteraino nago gripe sasi-famatu horren inguruko histeria kolektiboa dela eta; gripe arrunta baino arriskutsuagoa ez da eta! Gripe arruntak 250.000 eta 500.000 lagun artean hiltzen ditu urtero munduan, eta populazioaren txertaketa masiborik zein histeria kolektiborik ikusteke nago oraindik. Aski dira, ordea, A gripeak eragindako ehunka hildako eta gaixo batzuk hedabideek izualdi-kanpaina orokorra sortu eta elikatzeko, industria farmazeutikoaren begi onez. Gobernuek, bestalde, ez dute beste irtenbiderik haien populazio beldurtiak txertatzea baino. Imajinatzen al duzue titulu hau? «Bi hildako eta 462 gaixo gripe arruntak jota». Ez, ezta? Horixe ba.

Aitor Garikoitz Villanueva.

Taby (Suedia).

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia