Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 17:04

IRITZIA;2009-11-07;Zuzendariari. Mamarigako Kultur Etxea, burujabe. Iruņa-Veleiaren plan zuzendarirako hitzarmena: eskandalu hutsa!

Zuzendariari

Mamarigako Kultur Etxea, burujabe

Zure geroa etengabe ezbaian jartzen dutenean nekatzen zara. Soilik bide bat egin nahi duzu, zeure bidea. Inork aldez aurretik markatu gabe, inork zure ordez erabakirik hartu gabe. Horrela gertatuko balitz, egin beharreko urratsak aise eta libreago egingo zenituzke, ekintza ororen erantzule zeu zarela jakinik. Eta besterik gabe, bidea egingo zenuke burujabe.

Mamarigako Kultur Etxeari, aldiz, tai gabe betetzen diote bidea oztopoz, atseden hartzeko betarik gabe gure etorkizuna zein den adierazi nahi digute ezer galdetu barik, dugun iritzia zafratuz eta alboratuz.

Mamariga auzoak orain hogei urte haur eskola zena okupatu zuen Kultur Etxe herrikoi eta autogestionatua eratzeko. Harrezkero hamaika izan dira bertan gauzatu ditugun dinamika eta jarduera ederrak: tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, antzezlanak, ipuin kontalariak, auzoarentzako lokalak, txokoa, bilera gelak, kaleko jaiak, literatura taldeak... Ahaztu barik auzoa biziberritzeko antolatu diren ekimenetan sutsuki parte hartzen dugula.

Honen harira, duela bi urte Santurtziko Udalari bi eskaera zehatz egin genion Mamarigako zenbait taldek: auzoarentzako liburutegi eta erabilera askotariko gela bat alde batetik, eta Kultur Etxea dagoen tokian eta duen funtzionamendu autogestionatuarekin bakean uztea, bestetik. Izan ere, boterean egon diren alderdi politiko guztiek sekulako plan aldrebestuak taxutu dituzte beti Kultur Etxe berezi hau desagerrarazi guran. Antza, kontrolpean ez dutena ez zaie atsegin, auzokoek beraiek kultura sortzea pasibotasunetik ihes eginez arriskutsua da lozorroan gura gaituen sistema batentzat.

Proposamen hau Udalari aurkeztu zitzaionetik Mamariga auzoaren mesederako ari ginen kezka bat buruan: Mamarigak auzoko jendeak kudeaturiko Kultur Etxe bat daukanez, gure esku dagoen guztia egingo dugu berau babesteko, eta jakina, Mamarigak premia gehiago dituelarik hauei erantzun behar zaie... Baina botere guneetan hartzen diren erabakiak herritik lar urrun egon ohi direnez, auzoaren nahiak alboratzea erabaki dute. Udalak patxadaz esan zigun liburutegia eraikitzekoa den tokian beste zerbait egitekotan zebilela, kultur etxe erraldoi bat nonbait... Santurtzin kultur etxerik ez dagoenean, beste bat dagoen auzoan egin nahi dute! Gainera, gu lehenak izango ginen honetaz guztiaz jabetzen. Izan ere, gurekin kontatuko zuten lehen unetik; badirudi nolabaiteko zor morala dagoela Kultur Etxearekiko azken 20 urteotan auzoari inork eman ez dion kultur eskubidea Kultur Etxeak eman diolako.

Eta beti bezala Interneten bidez Mamarigan kultur zentro bat eraikitzeko deialdi publikoa egin dutela jakin dugu, hots, Santurtziko Udalak emandako hitza jan du. Bada, inork Kultur Etxeari ezer itaundu ez diola erreparatuta, demokratikoki diharduen asanbladak bere iritzia emango du: ez gara etxe honetatik joango hainbat kideren izerdi eta lanari esker eraberritua izan delako. Kultur Etxe bat sortu dugulako, alegia. Eta gure nortasuna den autogestioaren irizpideari irmo eutsiko diogu, hauxe baita gure etorkizuna.

Zer asmo du Udalak? Gu kaleratzekoa? Eraikin berri horretara gu joatea nahi dute ogi apurrak onartuz, edo Kultur Etxeak autogestioa alboratuz? Edo bi kultur etxe lehian ariko dira bi eredu kontrajarri bidetzat harturik?

Bakean lan egiten utz gaitzaten besterik ez dugu gura, ez gara inoren menpekoak eta ez gara izango. Kultur Etxeak marraztuko du bere bidea, aspaldi nagusitu zen eta. Ez ahaztu inoiz gorpuztu diren amets hauek guztiak okupazio batek bultzaturik agertu zirela.

Iker Sagastibeltza.

Mamarigako Kultur Etxeko kidea (Santurtzi).

Iruña-Veleiaren plan zuzendarirako hitzarmena: eskandalu hutsa!



Ostegunean jakin dugunez, Arabako Foru Diputazioaren Euskara, Kultura eta Kiroletarako foru diputatu Lorena Lopez de Lacallek lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin Iruña-Veleiarako plan zuzendaria egiteko. Badira hitzarmen horretan hiru atal deigarriak bezain kezkagarriak.

Atal batean, plan berria egiteko arduradun Julio Nuñez izendatzen da. Gogora dezagun grafitoak faltsuak zirela erabaki zuen Batzorde Zientifikoaren partaideetako bat bat Nuñez izan zela. Eta hori onartezina da, ezin da epaile eta onuradun nagusia izan aldi berean. Era kontzientean zein inkontzientean, ezin da objektiboa izan jakinda emango duzun epaiak eragina izan dezakeela zure ondorengo lan ibilbidean. Berri horrek auzi ak daraman prozesuarekiko ezinegona eta kezka areagotzea baino ez dakar. Eta areago, Batzorde Zientifikoak egindako hainbat txostenek beren balizko sinesgarritasuna eta balioa galtzen dute neurri handi batean.

Gainera, plana idazteko 100.000 euro emango direla jakiteak haserrarazi gaitu. Nola liteke aurreko astean Lorena Lopez de Lacalle foru-diputatuak esatea krisian gaudelako ezin zirela egin plataformak, Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk eskatutako froga berri independente eta kostu gutxikoak, eta hurrengo astean diru kopuru hori ematea?

Beste atal batean, berriz, bi aldeek plana egin bitartean sortutako datu eta informazioak sekretupean gordeko direla irakurri ahal da. Hots, gardentasunaren ordez, obskurantismoa.

Horren guztiaren aurrean, zera eskatzen diegu foru-diputatuari eta alderdi politikoei:

-Ezin da itxitzat eman grafitoen inguruan sortutako eztabaida, gutxiago azken egunotan Batzorde Zientifikoaren txostenen ondorioak zalantzan jartzen dituen 13 txostenen aurkezpena egin eta gero. Ezin da izugarrizko balioa izan dezakeen grafito multzoa bazterrean utzi hainbeste duda eta kontraesan egonda. Ezin da, berriz ere, presaka ibili gure ondarearekin. Hain ziur badaude, zergatik hainbeste beldur eta oztopo froga berriak egiteari?

-Iruña-Veleiarako edozein plangintza egin aurretik, behar diren froga berriak egin ditzatela grafitoen faltsutasuna edo benetakotasuna argitzeko. Hau argitu bitartean edozein plangintza berri hilda jaioko baita.

Arduraz joka ezazue, arren, denon ondarea da eta.

Maritxu Goikoetxea.

SOS-Veleia plataformaren izenean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia