NODOberri
Angel Rekalde
Idazlea
EITBko albistegietako hiru editore kargugabetzearen harira, EAEn Pachi Lópezen gobernuarekin eszenifikatu den aldaketa inon agerian geratu bada, leku hori euskal telebista publikoa da. Aurreikusita zegoen. Izan ere, telebistak, Hitza Haragitzen duen gure zibilizazioaren inbentoak, metamorfosiaren, metadiskurtsoen eta metafikzioen erakuslehio ere izan behar zuen.
Jakina, abioa espainiar erara izan zen: lasterketaren irteera gisa, Xabier Lapitz berehalakoan kaleratzea, disimulurik gabe. Abisua. «¡Se sienten, coño!» haren oroitzapenaren oihartzuna. Nagusi berrien aurka inor erresistentziarik txikiena iradokitzera ausartzen bada, badaki zer datorkion. Kale gorrira. Gero lekualdatzeak, bazterketak, albistegien ikur diren kazetari ezagunak ordeztea, eta abar etorri dira.
Desagertutako aurkezleak irudi euskaldunegia zutelako zurrumurrua zabaldu da, esplizituki. Hori krimena izango balitz bezala. Arrazismo hispanoaren beste oilarkeria bat. Eta inork ez du txintik esan, ez eta iruzkinaren egilea berehala kargugabetzeko eskatu ere, edo, zalantzak argitze aldera, kontra-agindurik erreklamatu. Hemen bertakoen ustezko arrazismoarekin mintzen gara soilik. Espainolak unibertsalak dira, baita haien korrokadak eta goitikinak ere.
Baina merezi du albistegiei so egiteak, Gaur Egun edo Teleberri ikusteak, lan informatiboa, inposatzen diguten errealitatearen ikuspegia, garai berrien adierazpiderik onena baitira.
Artikulu honen helburua ez da ETBko albistegien ikus-entzunezko diskurtsoaren azterketa egitea. Kazetaritzako fakultateek hartu beharko lukete horren ardura eta horretarako denbora. Nekez gertatuko da horrelakorik. Baina nahiko nuke hainbat ohar plazaratu, azaletik bada ere, hasierako hipotesi gisa.
Baliteke aldaketaren aurreko EITBren albistegia eredugarria ez izatea. Baina, zalantzarik gabe, Al Suriok bere eskuliburua, bere estilo-liburua inposatu du. Hasteko, albistegietako kirolari, artista, pertsonaia nagusiak murtziarrak, andaluzak, madrildarrak, eta abar dira. Edonongoak, euskaldunak izan ezik, eta horiek beti espainolak dira (Bermeoko arrantzale espainolak, berdin dio kantabriarrak edo senegaldarrak diren). «Euskaldun» bakarrak terroristak dira, biolentoak, gaizkileak, Filipinetan heriotzara zigortutakoak, separatistak eta, jakina, talde eta indar ilegaletako kideak.
Printzipio horren aldaera bat sindikatuei dagokiena da. Dirudienez, Lopezen gobernuarekin batera, lanaren mundua ere aldatu egin da. Edozein soldata-eskaera, ERE espediente, negoziazio kolektibo, lan-istripu eta abarretarako, iturri fidagarritzat elkarrizketatzen diren protagonistak sindikatu espainolak dira, UGT eta CCOO. Gehiengo sindikala, ELA, LAB, eta abar, desagertu egin da teleberriaren mapa sozialetik, eta aipatzen direnean salaketak, manifestazioak, atxiloketak, eta abar daude tartean. «Euskal gatazka», leunki esanda. Ofizialki terrorismoa, haren ingurua eta enparauak direnekin lotzeko besterik ez dira erreferenteak.
«Estatu espainolik» ez dago jadanik, noski, Espainia, beti. Espainia bakarra da, Eta oso handia. Orain arte, itzulinguru semantikoa genuen, gure nazio handiaganako maitasun eskasaren erakusgarri, baina orain nazioa biziberritzen hasi da Pachirekin.
Kazetaritzako eskola eta joeren ezaugarrietako bat, hautatzen diren albisteen nolakotasuna da. Oraingo formatuan, kontatzen diren gertakariak beltzagoak dira, gehiago dira «gertaeren kronika»: heriotzak, istripuak, hondamendiak... Ez dakit El Caso berpiztu nahi ote duten. Horren aurrekari bat, ongi aztertu zutena, Francoren garaikoa dugu: zoritxarreko jazoeren eta datu odoltsuen kateak, gizarte-kroniken eta bestelako interpretazio-elementuen gainetik, mundua zein krudela den eta hemen zein ongi bizi garen transmititzen digu azkenean, eta nolako zortea dugun agintari hauekin.
Sartzen dizkiguten berriak, bide batez, Espainiakoak dira. Montillako urteko uzta, Mediterraneoko uholdeak, tomatearen festa halako herri galdutan. Madrilek Olinpiar Jokoen egoitza izateko aukera galtzea eskualdeko edo autonomiako edozein zirkunstantziaren aurretik dago, nahiz eta hori oso inportantea izan, adibidez, Doña Casilda parkeko saskien inguruko zarata, gure albisteetako hutsalkerien paradigma.
Portugal ez dago, baldin eta ez bada Lisboa erretzen, eta betirako, ahal bada. Ez dago ere Gibraltar, tximinoz eta ingelesez mintzo den jendez betetako hirugarren munduko kolonia nazkagarri hori. Baiona edo Miarritze geografikoki Nizaren edo Brujasen pare daude; hiri zoragarriak dira, baina urrutikoak, urrutikoak, eta oso jantzia izan behar da haiekin zein lotura dugun jakiteko.
Eta abar. Eta abar.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
