2009-10-22
Larrepetit
Gotzon Barandiaran
Espainolen oniritzia
Behar dugu euskaldunok: asmo oneko jendea garela frogatzeko, kartzelatuak izateko arriskutik kanpo izateko zer esan, zer egin, zer pentsatu jakiteko. Edorta Jimenezek Nabarra aldizkarian ondorioztatu legez, ez gara euskaldunok geure kultura prestigiatzen dugunak, espainolak baino.
Espainiako sari nazionala horixe da, Espainia nazio gisa ordezkatzeagatik liburu bati (?) ematen zaion saria. Euskaldunoi saria ematen digute Espainiako nazioa ordezkatzeagatik. Euskaldunoi saria ematen digute espainolak izateagatik. Euskadi saria ez da nahikoa, Euskadi sariak ez digu ate nahikorik zabaltzen, Euskadi saria barregarria da, sari autonomikoa, nazionalaren aldean.
Sari askoren esleipenek, jakin dakigunez, ez dute ezelango zerikusirik literaturarekin, irizpide literarioak ez dira erabakigarriak. Espainiako saria irabazi zuen batek kontatu zigun, irabazi eta hurrengo urtean, epaimahaiko zela, saria nori eman erabakitzeko bileran zeudela, idazkariak boza emateko une horretan bertan helarazi zizkiela epaimahaikideei euskarazko liburuaren espainolezko itzulpenak. Ez zuen, noski, euskarazko liburuak irabazi, galegoak baino, nahiz eta euskarazko liburua besteak baino askoz hobea izan, gure lagunaren aburuz. Politikoek erabakitzen dituztela sariok, lagunok.
Erabat aldatzeko modukoa iruditzen zaiguna, Euskaltzaindiaren jokabidea da. Zer dela eta bidaltzen ditu Espainiako sari nazional baten epaimahaira bere kideak? Euskaltzaindikoek sari hori dute euskarazko literaturarentzat, ondorioz euskarazko kulturarentzat, saririk gorengotzat? Euskaltzaindikoek onartu egiten dute espainolek eman behar diotela behin betiko oniritzia euskarazko literaturari? Eta zer deritzo honi guztioni buruz, Euskal Idazleen Elkarteak? Espainiako sari nazionala jasotzea euskarazko idazle batentzat hain garrantzitsua da?
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
