Larrepetit
Gotzon Barandiaran
Bertsolaritza eredu
Gure inguruan, azken urteotan, sarritan entzun eta irakurri izan ditugu idazle zein musikarien iritziak bertsolaritzaren sozializazioaz. Askok betekada salatu dute, bertsolariak zutabegile, bertsolariak tertuliakide, bertsolariak gidoilari, bertsolariak kantari, bertsolariak kazetari, bertsolariak idazle, bertsolariak omenaldi, manifestazio eta antzeko agerpenetan ezinbesteko, bertsolariak nonahi, bertsolariekiko paranoia.
Ezagutzen ditugu bertsolaritza euskalduntasun kristau, eskuindar eta kontserbadorearekin lotzen dutenak eta kontrako ideologia izaki, bertsolaritza modernitatearekin baino iraganarekin harremanduta dagoela uste izanik, erabat baztertzen dutenak. Ostera, guri iruditzen zaigu, euskarazko kulturgintzan dihardugunok, asko dugula ikasteko bertsolaritzaren garapenarengandik eta batez ere Bertsozale Elkarteak lortu duenarengandik.
Egun, Bilboko erdaldunek, euskarazko kulturarekin ezelango zerikusirik ez jakin-minik ez dutenek, badakite bertsolariak daudena, bat-batean egiten dutena eta gainera lagun asko biltzen direna entzuteko. Barakaldoko BECen hamabi mila lagun biltzea ez du lortu euskarazko idazle talde, musikari, antzerkilari, pintore, eskulturagile... ez beste ezelango sortzailek. Hori bertsolariek baino ez dute lortu. Zergatik? Beste arrazoi askoren artean, Bertsozale Elkarteak lan eskerga egiten duelako transmisioan legez sozializazioan.
Bertsozale elkartea bertsolarien eta bertsozaleen elkartea delako da, guretzat behintzat, euskarazko kulturgintzaren eredu. Gainontzeko euskarazko kultur sorkuntzan gabiltzanok noiz arte banatuko gaitu bekaitzak?
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
