2009-09-20
Zuzendariari
Eliza, bakegile
Aldaketa garaiak dira gure herrian. Ekonomia, gizartea, politika bera... dena dugu aldagai. Krisialdi latzaren adierazle, hondoa jotzen ari garen seinale. Erresistentziak, proposamenak, ildo berriak, betiko errezetak... denetarik agertzen zaigu, nor baino nor lehia bizian. Une interesgarria, ezbairik gabe, behingoz norabide zuzenean abiatzeko.
Eliza ere aztoratuta dabil. Barne eta kanpoko eragileek bultzatuta, hainbat gai, oinarri eta lehentasun ezbaian daude, jarrera ezberdinen arteko borroka isil edo zaratatsuan. Ez dira, ez, makalak kristau komunitateak aurrean dituen arazo eta erronkak. Bere zutabe eta oinarri batzuk kolokan jartzen dituztenak.
Testuinguru honetan, Euskal Herrian Elizak landu eta zaindu beharreko gai nagusietariko bat, bakearena alegia, hainbat jarrera eta interesen jomugan kokatuta dago aspaldian. Mugimenduak eta adierazpenak jasotzen dira, nolabaiteko garaipena lortzeko, norberaren jarrerak orokortzearen aldeko borrokan. Egia esan, nire ustez, urteetan hazitako ondarea eta ikuspegia arriskuan egon daitezke, interes garbiak dituzten presio talde batzuen eraginagatik.
Horregatik, eskergarria da oso Joan Maria Uriarte gotzainaren esanak noizbehinka entzutea eta barneratzea. Duela gutxi, Forum Europa-Tribuna Euskadin Gure Eliza bakearen zerbitzura izenburuko hitzaldia eman zuen, Bilbon. Bertan, berriro ere, elkarrizketaren beharra, etikaren premia eta guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zituen.
Funtsean, pentsaera politiko guztien arteko eta gatazkan diren aldeen arteko elkarrizketa azpimarratu zuen. Horixe da gatazka guztiak gainditzeko benetako bidea. Horregatik, haren ustez, Elizak aldarrikatu eta bultzatu behar du bide hori, etengabe. Horrez gain, baieztapen bat bota zuen: etikarik gabeko politikak ezin du inongo herririk ez eraiki ez baketu. Etikarik gabe, politikak gizatasuna galtzen du, ustelkerian eroriz.
Dugun bake falta horrek eragiten duen sufrimenduaren mapari errepasoa ere eman zion; han dago guztiz arbuiagarria den ETAren indarkeria, begirunea, laguntasuna eta kalte-ordaina merezi dituzten biktimak eta hurbiltasuna jaso behar duten presoekiko familiartekoak, besteak beste. Azken finean, giza eskubideak guztientzat ukaezinak direla esaten du, baita deliturik handienak egin dituztenentzat ere.
Lehen adierazitako aldaketa garai honetan hitz eta planteamendu hauetan dagoen gizatasuna eta benetakotasuna azpimarratzea egokia dela pentsatzen dut. Pertsonak eta karismak pasatuko direlako, baina funtsean dauden ideiak eta konpromisoak mantentzea denon lana delako. Behintzat, Eliza bakearen zerbitzura nahi dugun guztiontzat. Eliza bakegilea gura dugunontzat.
Alvaro Marcos.
Bilbo.Iraultza!
Juan Luis Fernandez Gutierrez.
Bilbo.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
