Real gizartea
Koldo Izagirre
Idazlea
Amaitu da noizbait txolinkeria txuri-urdinaren uholdea, Donostiako ostikoketa talde nagusiaren ehungarren urteurrenak ekarri digun gipuzkoarkeria okaztagarri hau. Gisa guztietako direktibo futbolari dendari tifosi tabernari kazetari alkate politikariak bildu zaizkigu festara, xobinismo probintzialaren orea hilabetez hilabete loditzeko: Bidasoa berri bat da orain A-8 autobidea, jatortasunaren muga, gu hemen eta bilbotarrak han, lapur horiek, gure etsai historikoak.
Athletic, itoko ahal haiz gabarra eta guzti!
Eta dena, gaur bihar etzi, egunero, derrigorrezko irakurketa den egunkari horretarik ederki piztua, sustatua eta haize emana.
Gora Gipuzkoa eta bere harrobiak!
Ezintasunak sorturiko herra ere bada, noski. Bigarren mailakoak direla onartu nahi ez eta, atertu gabe errepikatzen digute gisa guztietako direktibo futbolari dendari eta abarrekoek «dagokiguna» historiagatik, kategoriagatik, ordezkatzen dutenagatik (zer, nor ordezkatzen dute ordea?) «primerakoak» izatea dela. Baina ez dira, eta horrek frustrazioa dakarkie. Etsitasun hits honetan, lehen mailara igotzeko ez dakigu baina partidak irabazteko behinik behin, Atotxa zaharreko espiritua berreskuratu behar omen da. Monoteista hauek ez dira ohartu Atotxan ez zegoela espiritu bat, bi, hiru, zazpi, hamaika baizik.
Atotxako espiritu bat...
Behialako giro eder hura Anoetan ikusi nahi omen luketen horiek berek Real Madrid ekarri dute urteurrena handioski ospatzearren, alegia, Atotxan, ez naiz bertatik ezagutu gabe mintzo, gorrotorik handiena sortzen eta biltzen zuen talde bera.
«Señorío» handiz portatu omen da Real Madrid.
Hain zuzen, horregatik sortzen eta biltzen zuen gorrotoa Atotxan, señoritoak bezala zetozelako behor zuri bana zamalkatzen, eta horrelaxe irabazten zutelako beti, txulokeria handiz lokatzetan ere, galtzerdiak zer edo zer bai baina elastikoa zikindu behar izan gabe. Orduan «Erreala» ordezkari genuen, Real Madrid ere ordezkari zela bagenekielako.
Atotxako espiritu bat...
Garai ilunak, gristapokoak aulkitxoetan zelai bazterrean, zutik irteeretan, elkartasun handia, txistulariak debekatuak jotzen jende artean babestuta. Sabadell-en aurka zen, Kopakoa zela uste dut, ikurrinak zelaira jauzigailu txipitan zerutik. Ikara bat aurrena, gero txalo zaparrada. Arzakek hartu zituen, gristapokoek ez zekiten zer egin, agintea galdu zuen arbitroak. Bere delegatuari eman zizkion. Bizarduna zen orduan Arzak, bakarra zen Espainiako Ligan, bizarra ikurra zen, biboterre fatxaren aitzikoa. Nik dakidala, euskaraz egiteagatik lehen mailan kanporatu zuten aurreneko jokalaria. Ona zen Pela Arzak, talentu gaitza zeukan baloia aurrealdera eramateko. Eta dotorea belar gainean.
Atotxako espiritu bat...
Aldageletako lurrunean sortua, berdintasuna, elkartasuna, giro berri bat. «Irabaztearen primek jokatu dutenendako bakarrik ez, plantila osorako behar dute izan». Eta onartu egin zen idazlea izateko futbola utzi zuen Joan Mari Irigoienek lideratu zuen proposamena, Sanseko jokalaria zen. Direktiboek ezin izan zuten espirituaren argudioa bihurritu: «Denok jokatzeko irrikan gaude, eta jokatzen ez dutenak, ez jokatzeaz gainera, primarik gabe uzten dituzue. Zigor doblea da, ezin dugu onartu!» Milaka mutil entrenatutako bati entzun nion berak inoiz ezagutu zuen jokalaririk onena Joan Mari Irigoien izan zela. Nik Joan Mari ikusia edukiko nuen umetan Santa Barbara ondoko zelaietan jokatzen, edo beira fabrikako zumitzaren ondoan, Altzan. Baina ez daukat halakoren akordurik, eta damu naiz. Entrenatzailea baino futboltzale zorrotzagoek, anaiak eta, izugarri ona zela esan izan didate. Ez zegoen, beraz, primarik gabe uzten zituzten suplenteetan!
Atotxako espiritu bat...
Errepublika heldu zelarik, 1931an, Real Sociedad elkarteko bazkideek asanblada berezia egin zuten. Izen monarkikoa kendu eta Donostia jarri zioten. Bigarren mailara jaitsi zen. Horra hor espiritu politikoaren galdera endredatzailea: zer duzue nahiago, lehen maila eta monarkia, ala bigarren maila eta errepublika? Horixe dute espirituek txarra, espiritualtasuna: Real Sociedad bigarren mailan dago eta ez du ekarri errepublikarik, kalte biak batean, espiritua bere biblia handia kontsultatzen ariko da, gauden zain. Nork daki, hogeiren bat urteren buruan, agian...
Atotxako espiritu bat...
Oraingo entrenatzaile uruguaiarrak bera jokalari zela Atotxan ezagutu zuen «fútbol guipuzcoano» haren espiritua piztu nahi omen du. Baina Pela Arzakekin eta Joan Mari Irigoienekin bildu ordez, kantu baten bila omen dabil, irudiren batzuei txertatuta, mutilak «motibatzeko» zelairatu aitzin, huraxe ikus-entzunarazita. Irudiak behintzat, ezin egokiagoak dauzka eskura, berriak gainera: ez dira hamar egun ertzainek zanpaka sakabanatu zituztela Hernanin futbolean jokatu nahi zutenak. Hori, musika kunku-kankako tekno batekin, zeharo «motibatzailea» izan liteke hotz samarrak diren jokalariendako, eta berez sutsu samarrak direnak matxetea ahoan zelairatuko zaizkigu. Futbolean jokatu nahi duten aurkariak akabatzeko, noski.
Atotxako espiritu bat...
«E-rre-ala! Tun-tun, tun-tun! E-rre-ala! Tun-tun, tun-tun!»
Duela urte bi zegoen lehendakariak «Agur» esaten zuen ahal zuena baino gehiagotan, «Kaixo», «Eskerrik asko», baleki bezala, kirol kazetari gehienen antzera. Bota egin zuten halako sinpatikoa. Gogoan daukat elkarrizketa batean orduko entrenatzaile galestarrak esan zuena, «Hunkigarria da niretako jokalariak beren artean euskaraz entzutea entrenamenduetan». Alde egin behar izan zuen honek ere. Egungo Real Sociedadeko lehendakaria ez da gauza euskaraz egiteko. Menturaz, baleki bezala jarriko da noiz edo noiz. Bitartean ezin esan genezake ez denik hunkitzen bere mutilak euskaraz entzunda. Debako jatorria du eta poz berezia hartuko du Debako atezaina euskaraz entzunda, jatorriak ez duela euskaltasuna ematen frogatuko dio, Asierrek abizen erdalduna du lehendakariak ez bezala. Museo bat zabaldu du oraindik orain Real Sociedadek: bisita gidatuak erdaraz dira, alegia, gaztelaniaz, ez dago bisita gidaturik euskaraz. Nik esanen nuke lehendakariak entzuna edukiko duela nonbait euskaldunek ez dutela beren hizkuntza museotarako nahi, horregatik utziko zuela kanpoan.
Hauxe da Guipuzcoaren, harrobien eta armagintza jatorren lurraldearen real gizartea, hain erreala ezen espiriturik gabe bizi baita, gaxoa.
Hor dauzka batzuk, hoberik ezean. Ez da zeri.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
