Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:50

iritzia;2009-08-30;HITZERDI PATSETAN. Pedalkadak airean

Hitzerdi patsetan

Pako Aristi

Pedalkadak airean

Ez nuen pertsiana behar bezala jaitsi, eta goizean eguzkiaren izpiek esnatu egin naute. Ez dut inor zain, baina ezin izan dut lotan jarraitu. Burua esnatzen denean, zeinek isildu bere jarduna? Beti dauzka gauza asko pentsatzeko, epaitzeko, erabakitzeko eta arreta osoa eskatzen du.

Jaiki eta nire buruaren abiadako kronika urduria egitea erabaki dut. Kafea berotu dut, zurrupatu dut eguneko lehen dosia, folio bat aurrean hartu eta eskuz ari naiz idazten, lerrook irakurtzen ari zareten abiada berberean.

Arraroa da benetan nik eskuz idaztea, eskuz amodio gutunak soilik idazten ditut eta. Hara eguneko lehen lotura! Esan dezaket iritzi artikuluak idaztea amodio gutunak idaztea bezalakoa dela. Alde bakarra dago: hartzailea kolektiboa bihurtuko da hau argitaratzen denean. Eta kontuz! Amodiozko gutunak esan dut, ez pentsa dena samurra izango denik. Haietan samiña ere egon daiteke, nahigabea, aitorpen ilunak, bihotza ebakitzen duten erabakiak.

Hitzak mingarriak dira, izan ere; gauzarik gogorrenak idatzita ere, irakurleak ez baitu ikusten nik oraintxe daukadan herra gabezia, eta jasotzen baitu hitzen zama kategoriko guztia. Ziur nago aurrez aurre gauza berberak esan eta nirekin moskeatzen direnak erdia ere ez liratekeela moskeatuko!

Zutabe hau gure prentsan ohikoak bihurtu diren zutabe kostunbrista kaskar horietako baten itxura hartzen ari zait. Horregatik agian emango ditut zutabegintza klaseak UNEDen, txarrak behintzat nola ekidin erakusteko.

Kafea amaitu dut, eta bat-batean Oshok esaten zuen gauza ageriko bat oroitu dut. «Ikusten duzue burua nola ibiltzen den, batera eta bestera etenik gabe?», esaten zuen. «Txirrindulari batek, arbola ondoan bizikleta utzi eta esertzen denean, ez du jarduten airean pedalkadak ematen. Behar denean ematen ditu, eta gero atseden hartzen du. Baina gure buruak ez; egun osoan pedalkadak emanarazten dizkigun tiranoa da, eta gu bere morroiak».

Eta lurrean etzanda pedalkadak ematen hasi naizenean soilik ulertu dut zein absurdoak garen, egun osoan pentsa eta pentsa, beharrik ez dagoenean. Beharra dagoenean soilik jarri behar da pentsamendua lanean. Atsedena behar du, bestela oso kalitate eskaseko intelektoa edukiko dugu bizitza osoan. Horregatik da hain garrantzitsua isiltasuna, barneko bakea, meditazioa, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigun borroka txiki eta usteletatik aldentzea, distantzia hartzea.

Eta horregatik gure gizarteak kontrakoa bultzatzen du, inoiz gure burutik aska ez gaitezen eta bere amets, bekaitz, harrokeria, apeta eta beldurren morroi izateari utzi ez diezaiogun.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia