Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:50

IRITZIA;2009-08-09;Hitzerdi patsetan. Euskaldunon normalizazioa

Hitzerdi patsetan

Pako Aristi

Euskaldunon normalizazioa

Kontzeptu polita plazaratu zuen Enekoitz Esnaolak uztaileko Hitzaren batean, abstraktuegia iruditzen zitzaion euskararen normalizazioari kontrajarriz, eta arrazoi guztiz, gainera. Hizkuntza ente guztiz kategorikoa eta suprapertsonal moduan ikusten dugu, guztiz arautua eta gobernutik zein kultur erakundeetatik ezarria, edo desatxikia, edo manipulatua.

Hizkuntza, ordea, ez da deus norbaitek erabili arte, eta hor euskaldunok badugu joera mingarri bat, denok ezagutuko duzuena. Esnaolak bere adibideak jartzen zituen. Sindromea oso ezaguna egingo zaizue, eta bere larritasuna neurtzeko hiru maila dauzka, naturaren eurite edo bero erasoak neurtzeko hain modan jarri diren koloreekin zehaztuko ditugunak.

Alerta horia: zortzi laguneko talde batean, adibidez, batek euskara ez dakielako beste guztiak espainieraz hasten direnean gertatzen da. Ez da hain larria, Katalunian honen aurkako txertoak umetatik ipintzen dizkietela esan didaten arren.

Alerta laranja: euskaraz ederki dakiten euskaldunak tarteka espainierazko esaldiak sartzen hasten direnean gertatzen da, eta elkarrizketa zenbat eta gehiago berotu eta gaiak are eta emozionanteagoak bihurtu orduan eta ugariago. Estilo honetan, halaber: «Maider, a que no sabes zeini ikusi nion atzo Zarauzko hondartzan? Jokini eta Maiteri, y cogidos de la mano, además». Hau oso hedatua dago gure herri guztietan. Nik uste nuen frankismoaren ondorena zela, atso zahar hantusteen ohitura baitzen nire haurtzaroan, baina ez; gaurko gazteek ere barra-barra erabiltzen dute, neskek batik bat.

Alerta gorria: gaitzaren bilakaerarik larriena, Anoetan ikusi nuen adibide honetan laburbil daitekeena. Lagun baten zain nengoen tabernara bi neska sartu ziren, euskaraz mintzo. Bat eseri zen mahaian. Bestea mostradorera joan zen, azentu jatorraz eskatzera: «Bi ebaki, mesedez, kafe gutxirekin e!». Mahaian eseri zenean, espainieraz hasi ziren zuzenean bi neska horiek, euren gauzei buruz hitz egiten. Inork behartu gabe, enbarazu egingo lioketen inor ondoan eduki gabe, espainiera aukeratu zuten modu librean.

Baina jakin nahi nuke joera horren azpian zer mundu dagoen, haien inkontzientean zer konplexu, amesgaizto eta munduari buruzko zer-nolako iritziak dauden gordeta, baina ez lo, horregatik; erreprimituta, baina burmuinari aginduak ematen etengabe.

Nik uste belarri arazo bat dela. Ez dugu entzun ere egiten, gure entzumenak ez ditu hizkuntzarekin egindako ankerkeriak detektatzen. Otorrinoek soilik konponduko dute hau.

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia