Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:49

IRITZIA;2009-08-07;Hitzerdi patsetan. Gurea den hori

Hitzerdi patsetan

Pako Aristi

Gurea den hori

Maite ditut gure idazleak, denak, baita Iban Zaldua ere, baina biziki gogaitarazten nau idazleek prentsako elkarrizketetan agertzen duten joerak, euren gustuko idazle eta erreferenteak aipatzeko orduan. Orokorra bihurtu da, gainera: beti kanpoko idazleak aipatzen dituzte, nolabait literatura jasoaren paradigma bihurtu diren presentzia totemiko horien itzalpetik kanpo bizitzarik ez balego bezala. Edo okerragoa dena: zure literaturaren heldutasuna frogatzeko «mister Proper» kanoniko horien beharra balego bezala.

Badira bost izen beti agertzen direnak: Cortazar, Kafka, Borges, Carver eta Auster. Izen arrarotxoagoak ere esango dituzte beste batzuek, euren delicatesen-sena erakusteko: Mrozek, Kawabata, Monzo, Kadare eta Monterroso. Klasikomanoek hor botako dizkizute arrapaladan: Nabokov, Melville, Conrad, Roth edo Salinger. Beste batzuek igual esango dizute: Pavese, Tabuchi, Asimov, Kundera eta Vila-Matas. Umberto Eco gizagaixoa: oso modan egon zen, baina gaur oso gutxi kotizatzen du literatur aipaldien burtsan.

XIX. mendeari tourné bat emanez aipatuko dizkizute: Chejov, Proust, Maupassant edo Turgueniev. Zirkuito iraultzaile-marjinalean ere badira ikonoak: Chukri, Hikmet, Benedetti, Sabato edo espetxean dagoen idazle kurduren bat.

Idazle gazteek bai, aipatzen dituzte euren lehen elkarrizketetan gustukoak izan dituzten euskal idazle zaharragoak. Baina gero, nolabait heldutasun bidean zoazela edo demostratzeko, badirudi kanpoko izen handiak agertu behar direla. Haiek irensteko eta asimilatzeko gai izan zara; beraz, prest dago zure literatura beste harmaila bat igotzeko.

Nik ere egin izango dut hau, baina orain kontrakoa gertatzen zait. Literatura sublimearen aldarrikapen honen sustraiak geure literaturaren gutxiespenean daudela uste dut. Kanpo-eder gelberak gara, etxe-maiteak izateko hainbeste arrazoi dauzkagunean.

Niri Harkaitz Canoren hurrengo nobela interesatzen zait. Inazio Mujikaren berpizkundea ikusi nahi nuke ipuinlari gisan. Juan Garziaren isiltasunak pobretu egin nau. Eider Rodriguezen ipuinetan bisturiaz irekitako bihotzak ikusi nahi ditut. Patxi Zubizarretaren «Picolo» idatzi izana pauso garrantzitsua iruditu zait, beharrezkoa genuena. Zer ari ote da prestatzen Koldo Izagirre? Eta Sonia Gonzalez? Zer eboluzio izango du Katixa Agirrek? Eta Joxean Agirrek, orain jubilatu den honetan? Niri interesatzen zaizkit baita Jon Arretxeren bidaiak ere, nire gusturako larru gutxi jotzen badu ere bidaiotan.

Eta Auster doala popatik hartzera bere neurosi burges kutsakor guztiekin.

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia