Hitzerdi patsetan
Pako Aristi
Irakurle galduak
Edo «guraso galduak» ere jar nezakeen izenburu gisa. Guraso galduak gure literaturarako. Gogoan dut, eta biziki gogoan geratu zitzaidan, Jose Luis Otamendi, gure Oto idazle azpeitiarraren aitak esan zidan gauza bat.
Bera urtero Errege eguneko meza entzutera etortzen zen Urrestillara, eta nik nire aktuazioa egin ondoren tabernan aurkitu nuen. Zoriondu ninduen, eta gaia atera zuen, nik zenbat gauza egiten nituen, organoa jo, egunkarietan idatzi, liburuak idatzi eta ez dakit beste zenbat xelebrekeria. Orduan, begira-begira jarri zitzaidan, eta esan zidan: «Bai, gure seme horrek ere idazten dizkik liburuak, baina etzoat ezer ulertzen».
Gizon alaia zen, bromosoa, eta atsekaberik gabe esan zuen, baina bizitzaren joanak beste begi batzuek ematen dizkizu gauzak ulertzeko, eta orain esango nuke bazegoela samin txiki bat haren begiradan, aita baten pena semeak idazten duena ulertu ezin zuelako.
Gure aitari ere antzeko zerbait gertatu baitzaio nire testuekin: ulertu ezin. Eta bere semearen lanera hurbiltzeko zerbait egin nahi, eta haurrentzako idatziak dauzkadan liburuekin aritzen da. Maitasuna erakusteko modu bat, azken batean. Eta ez dira kasu bakarrak: gure belaunaldiko idazle askoren gurasoek ezin izan dute ulertu seme-alabek idatzitakorik.
Gurasoen eta seme-alaben munduak beti urrun daudela esan lezake norbaitek, baina ziur nago beste hizkuntzetan ez dela gertatzen horrelakorik. Egia da guk karrerak ikasi genituela, eta gurasoek ez; egia da guk erreferente literario eta filosofiko ugariak genituela, eta gurasoek kristau doktrina besterik ez. Baina iruditzen zait euskararekin astakeria handi samarrak egin ditugula, eta irakurle asko uxatu genituela, zaharrak batez ere, Basarri, Txomin Garmendia eta Ibai-Ertz irakurtzen geratu zirenak.
Ez zuten jauzirik eman euskara berrira, guk ez genielako zubirik jarri. Inkontzienteki bada ere, belaunaldien arteko hausketa hobeto markatzeko erabili genuen euskara.
Eman genizkion astindu ederrak hiztegiaren arbolari. Hura zen pagotxa: han zeuden Zuberoako hitzak, Lapurdikoak, Bizkaikoak, katagorriari deitzeko 16 sinonimo eta olatua izendatzeko 12 adibide. Guk zailenak aukeratzen genituen, ustez gure testuaren gorentasuna bilatu nahian. Pentsamendu zentzuzkoek atakatzen ninduten gauetan. Esaten nuen: hau zeinek ulertu behar du? Nik zeinentzat idazten dut?
Baina biharamunean ekindako bide suntsitzailean murgiltzen nintzen berriro. Orain, bizitzak eman dizkidan begiekin, tristea eta dena iruditzen zait urteetan gurasoak (eta haien belaunaldiko guztiak) urrundu zituen literatura hura.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
