Europar Batasuna, urrun bezain hurbil
Jon Etxebarria, 'Txontxe'
Askapeneko kidea
Orain hilabete egin ziren Europar Batasuneko parlamenturako hauteskundeetako abstentzio handia (%60) adin eta klase ikuspegitik aztertuz gero, argi ikus daiteke abstenitutakoak gazteria, langileria eta langabeak izan zirela, hau da, herri sektoreak orokorrean. Beraz, instituzioaren delako «urruntasuna», esaterako, desberdina da neska gazte prekarizatuarentzat eta aita yuppie «arrakastatsuarentzat».
Hori, baina, ulergarria da, Europar Batasuna europar burgesiaren proiektu estrategiakorako ezinbesteko tresna da eta. Lehenik eta behin, globalizazioarekin erabiltzen duten planteamendu ideologiko berari jarraiki, Europar Batasuna estatuei inposatzen zaien instituzio bezala aurkezten digute. Operazio ideologiko horren bitartez, estatuek euren erantzukizunak saihesten dituzte erabakiguneak estatuetatik harago daudelakoan. Horrela, batez ere Maastrichteko Itunetik (behin SESB kolapsatuta) eskubide sozialak eta herrien bioaniztasuna murrizteko eta neoliberalismo basatia sustatzeko hartutako neurriak Bruselan hartu direla erakutsi nahi digute, estatuak neurri horien ezartzaile soilak balira bezala.
Baina neurriok estatuek eurek aurretiaz adostutakoak dira eta horrekin guztiarekin estatuak borrokarako eta erresistentziarako esparru ez direla ikusarazi nahi digute. Alabaina, kapitalismoaren krisi sistemikoaren aurrean estatuek erakutsitako desadostasunek eta hartutako neurri diferenteek argi utzi dute estatuak sektore dominatzaileen eskuetan dauden ezinbesteko tresnak direla gaur egun, bai Europar Batasunean, bai munduko sistema kapitalistan, jabetza harremanen, lurralde-osotasunaren eta ezarritako ordena sozialaren bermatzaile administratibo eta koertzitibo bezala.
Hala ere, horrek ez du esan nahi Europar Batasunean gure egunerokotasunean eraginik ez daukaten neurriak ez direla hartzen, baizik eta Europar Batasunak hartutako neurriak estatuen eta lobby taldeen oniritziarekin hartzen direla. Are gehiago, europar instituzio horrek milioika herritar eta herri osoei norabide sozio-ekonomikoa inposatzeko ahalmena dauka eta, gainera, herriengandik eta herritarrengandik inolako kontrolik gabe egiten du hori.
Izan ere, Europar Batasunaren egitura instituzionala susmagarri konplexua da, ez dago botere banaketarik eta bere funtzionamendua ez da batere demokratikoa. Hauteskundeen bidez aukeratzen den organo bakarra Europar Parlamentua da, baina bere izaera aholku-emailea baino ez da, ez du ekimen legegileak sortzeko botererik, eta hori gutxi balitz, fiskalitate, moneta eta nekazaritza arlo estrategikoak bere eremutik kanpo daude. Azken finean, benetako erabakiak Europar Batzordean eta, batez ere, Europar Kontseiluan eta Europar Banku Zentralean hartzen dituzte, hau da, herritarrengandik urrunen dauden organoetan.
Hori dela eta, esan dezakegu europar burgesia handiak herrien eta herri klaseen dominazio eta esplotazio estrategian salto kualitatiboa eman duela Europar Batasuna finkatzen. Erreminta horren bidez, herri klaseek lortutako eskubide sozialak eta herrien bioaniztasuna deuseztatzen ari da kostu handia ordaindu gabe eta, are larriago, kapitalaren akumulazio neurrigabearen oztopo eta etsairik handiena den herrien eta klase zapalduen kontroletik kanpo gelditzeko bidean pausoak ematen ari da. Horren adibide dira, batetik, hauteskundeetako barrutiak, estatu mailako alderdi ez handien eta estatu gabeko nazioen alderdien kalterako egindakoak. Bestaldetik, Estrasburgoko Auzitegiaren erabakia, non Batasunaren legez kanporatzea ez ezik, Espainiar Estatu neofaxistaren tesiak ere onartu diren.
Hala eta guztiz ere, Historia ez da dominazioaren historia, baizik eta klase eta herri zapalduen borrokaren historia. Horrela, abstentzioaz eta alderdi ezkertiar zein alderdi independentisten borroka instituzionalaz gain, badaude isilarazi eta desitxuratu nahi dituzten bestelako erresistentziak eta borrokak Europan barrena. Gogora ditzagun pasa den Maiatzaren Leheneko mobilizazioak (aspaldiko handienak), Frantziar Estatukoak (ikasleen mobilizazioak, langileen grebak eta enpresarioen bahiketak...), Italia eta Alemaniakoak (borroka sindikalak, mobilizazio antifaxistak...) edota Greziakoak (iazko mobilizazio eta protestak handiak...). Borroka horiek erreferente politiko-instituzionala bihurtu edo topatu ez arren, Europar Batasunaren kontraesanak areagotzen dituzte eta klase eta herri zapalduoi esperantza berpizten digute.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
