Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:48

iritzia;2009-07-04;Zuzendariari. Gure deklarazioa: maite dugu Ainara Vazquez Otxarkoaga, Bilbo berriaren hastapena

Zuzendariari

Gure deklarazioa: maite dugu Ainara Vazquez

Bagera elkartean ezagutu genuen Ainara. Eta zer, zer esango duzu?

Beraren irribarre langilea oroimenean dugu gordea. Eutsiko al dio egun hauetan?

Gure hatz markak atxikiak daude bere bulegoko mahaian. Eta zer, susmagarriak al gara?

Elkarrekin landu dugu Donostiako lurra, euskara landarea bizitasun osoz eder dadin. Eta zer esango duzu?

Ainarak bezala pentsatzen dugu Konstituzio espainiarrak euskarari etorkizun menpeko eta herrena eskaintzen diola. Pentsatzea libre al da?

Ainarak bezala pentsatzen dugu Donostian bizirik dagoen euskaldunen hizkuntza-komunitateak (80.000 gutxi gorabehera euskaldun badira), ez duela behar bezalako existentzia politiko-juridikorik, eta instituzio munizipal espainolaren turnoko politikoen gogoaren edo gogo-faltaren arabera egiten dela hizkuntza-politika. Ez al da egia?

Ainara bezala saiatzen gara ulertzen zergatik neurona nekrotizatu askotxo duen jendea, Mayor Oreja bezala, pozten den «bere baserrian aitonak euskara debekatu zuelako». Eta saiatzen gara ulertzen nola garatzen den nekrosi hori. Zilegi bekigu hitza.

Ez gara pozten, eta ez da «arrakasta» Ainara atxilotzea. Alderantziz, agerian jartzen duena frakaso bat da: Konstituzioak kontsakratzen duen nazio bakarraren batasun hautsi ezina eta nazio anitzen ukazio bortitza eta mehatxagarria ez da berrikusi nahi, eta horrela ez da justizian eta berdintasunean egoera gatazkatsua gainditzen.

Eutsi goiari, Ainara; eta laster arte!

Joseba Barriola, Koro Zumalabe, Dani Goñi, Joxe Jabier Iñigo, Larraitz Mendizabal, Marije Manterola, Bego Etxebarria, Olatz Errazti, Amaia Antero, Mertxe Iñigo.

Donostia.

Otxarkoaga, Bilbo berriaren hastapena



Aspaldidanik entzun dugu Francoren erregimenari esker hirurogeigarren hamarkadan Bilboko txabolen arazoa konpondu zela. 1959. urtean, Bilbon berrogei mila pertsonatik gora bizi zirela txaboletan eta beste ehun milatik gora berralokatuta, arazo hori konpontzeko asmoz sortu zen poligono hori. Otxarkoagako poligonoa, 3.672 etxebizitzaz gainera, eraikin osagarriak eskaintzeko proiektua izan zen. Horrela, hirian ordura arte ezezaguna zen garapen baten eredu bilakatzeaz gainera, arkitektura esperientzia berrien laborategi gisa erabiltzeko aukera izan zuten. Bere neurriei erreparatuta, urtebetean eraikitako proiektu hau, Bilboko ekimen publikoen artean azken ekintza handia izan zen. Otxarkoagan, arkitektura esperientzien laborategi honetan, jatorri frantsesa zuen aurre-fabrikazio astunaren Fiorio sistema erabili zen, besteak beste. Honen erabilerak izango zituen ondorioak egiaztatzeko aukera ekarri zuen, eta ateak zabaldu zizkion aurrerantzean probintzia osoan zehar eraikiko ziren beste etxebizitza poligono batzuetan sistema hau erabiltzeko aukerari.

Nire ustetan, 1959. urtean oinarrizko aldaketa bat baino gehiago gertatu zen. Estatuak, etxebizitza faltaren arazoari aurre egiteko gai ez zela ikusita, ekimen pribatuetara jo zuen, eta etxebizitza merkeen eraikuntza kapital pribatuarentzako negozio erakargarri bilakatu zuen. Une horretatik aurrera, ekimen pribatua Bilboko eraikuntza eta handitze ereduak ezartzen hasi zen. Etekin ekonomiko gehiagoren bila eta hirigintzako agintaritzak onartzen zuela ikusita, hamabost solairutako dorreek bost solairuko etxebizitzak ordezkatu zituztenean hiriburuaren fisonomia erabat aldatu zen betirako. Eraldatze prozesu hau hiriak jasan zuen aldaketa demografikoarekiko paraleloa izan zen. 1965. urtean 1959. urtean baino hirurogeita bost mila biztanle gehiago zeuden, eta hazkunde horrek orduan nabaria zen etxebizitzen faltak eragindako arazoak larriagotu zituen.

Hori guztia zela eta, egoera larri horri batu beharko genioke jasandako presioak, frankista agintarien aldetik. Alde batetik, elizak berak salaketa egin zuen etorkinen egoera jasan ezina baitzen. Bestetik, enpresaburuek azpimarratu zuten hirian bertan etxolak eta eraikin modernoak elkarrekin bizitzea ezinezkoa zela.

Horregatik guztiagatik, frankismoko buruzagiek derrigortu zutenez gero, Otxarkoaga etxebizitza poligono erraldoiaren proiektua gauzatu zen; ebazpen onena izango balitz bezala aurkeztu bazuten ere, hurrengo urteek kontrakoa erakutsi zuten.

Luis Bilbao Larrondo.

Historialaria (Leioa).

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia