2009-07-03
Iruña-Veleia, benetakoa?
Xabi Otsoa de Alda
Geografia eta Historiako lizentziaduna
Iruña-Veleian agerturiko grafitoak ikertzeaz arduraturiko batzordeak behin erabaki zuelarik faltsuak zirela, balizko eztabaida akademiko bat sortu zen, eta haren ostean atsekabe handia sentitu nuen, baina baita lasaitu eta arindu halako bat ere, behin betiko amaitu zelakoan ordu arteko ziurgabetasuna. Alabaina, indusketaren arduradun izandakoek aurkikuntzen benetakotasuna eta kronologia berretsi dituztelarik eta inskripzioak faltsutzat jo zituztenei kongruentziarik eza sumatzen hasi zaielarik, gaiarekiko jakin-mina piztu zaigu berriro ere. Horrez gainera, lehenbiziko gogoeta batek ebidentzia argi eta garbi bat eman zuen aditzera; ikusirik hitz eta ikonoen zenbatekoa eta piezen kopuru andana, eta jakintsu eiteko alderdien eta haurren tankerakoagoak ziren ezaugarrien nahasketa -batzuetan irrigarri izateraino-, ezinezkoa zen iruzur egiteko eta nolabaiteko etekinen bat ateratzeko asmoz egindakoak izatea. Prentsan, orain hurrengo batean, postulatu gisa proposatu nuen inskripzio horietako asko benetakoak izan zitezkeela, eta batzuk bakarrik ziratekeela berariaz jarritakoak, egitasmoa pozoitzeko eta galarazteko asmo gaiztoz. Baina, gaur egun, kontuan izanik oraindik orain agertu diren ekarpenak eta arduradun ohiekin izan ditudan elkarrizketak, bestelako iritzia dut.
Hizpide ditudan ekarpenetatik, esaterako, Koenraad Van den Driessche geologiako doktoreak egindakoa da jakingarrienetako bat, ostraken argazkietatik ondorioztatutako froga fisikoetan oinarriturikoa. Driesscheren ustez, badira horietan hainbat zantzu ezinbestean ikertu beharrekoak, baina ikertu ez dituztenak, eta horietatik ondorioztatu du ez direla faltsutzeak: ildoetako sedimentuen eta haien sorburuaren arteko konparazioak; marren sakontasuna eta garbitasuna, aurreragoko egosaldi batekoak baitirudite; zolda karbonatatuak edo sustraiak agertzea, ebakiguneak inbadituz, haiek han finkatzeko ehunka urte pasatu beharra aditzera ematen dutenak.
Horri, beste ildo filologiko bat gehitu behar diogu, EHUk proposaturikoaren kontrakoa; horren adierazgarri, Juan Martin Elexpuru Euskal Filologiako doktoreak egindako txostena dugu eskura. Batzordeko kideek proposaturiko balizko ezinezkotasunak banan-banan argudiatu eta gezurtatu eta gero, Elexpuruk azkenik ondorioztatu du zeharo litezkeenak direla proposaturiko garaiari dagokionez.
Aztarnategiko zuzendari izandakoek badute dagoeneko beste hainbat ospetsuren babesa ere, eta ziur naiz aurki jakinaraziko dutela haien berri. Horrez gainera, ordea, erabakigarria izango da edukiak aurkeztea, haien salatzaileek oinarritzat izan dituzten balizko anakronismoak gezurtatzeko. Eduki horietan argi geratuko da adibideek -erromatarren garaikotzat ezin hartuzkotzat proposaturikoen ia %90ek- hainbat antzekotasun ageri dituztela bai garai harekiko, bai eta aurrekoago batzuekiko ere. Baldin eta Batzordeak huts egin badu auzi funtsezko hori, orain arte jorraturiko ildoari jarraiki, beharbada dirua itzul diezaguten eskatu beharko genuke. Interpretatzeko gaitzenak diren alderdiak, berriz, halako neurriko aurkikuntza batek berekin dakarren berrikuntzaren logikan ulertu behar dira, azalpen zeharo argudiatua eta bideragarria izan baitezakete eta baitute.
Sortu nahi izan duten eztabaida akademikoa behar bezala egin izan balute, auziaren beste aldi batean egongo ginateke orain. Sinetsarazi nahi izan digute faltsutasuna frogatuta zegoela, baina ez da hala; txosten kimikoak ere ez du frogatzerik izan. Zuzendari izandakoen kontrako kritikek, oso mediatikoak izaki, egiazkotasunik eza eta eragabekeria ugari dute ezkutatzen gehien-gehienetan. Batzordeko kide batek lehengo taldekoei aitortu egin zien ezin dela Descartes izena irakurri, edonorentzat begien bistakoa zena, eta, hala eta guztiz ere, argudio horixe erabili izan du etengabe jendaurrean. Beste horrenbeste gertatzen da Lurmenentzako patina azterketak egin zituen teknikariaren titulaziorik eza dela eta; tokiko komunikabide zailduak hartaz baliatu dira, beren begiekin ikusiagatik; beste batean, berriz, haren informazioa orekatu gabea zela-eta kexatu zitzaizkiolarik, erantzun zien ez zuela nahi Euskara-Araba-Erromatarren Garaia trinomioa batzerik eta bazekiela non zegoen atea. Estatuaz besteko adituei bidalitako txostenek aurrez ondorioztatua zuten faltsutzeak zirela; nolanahi ere, arkeologia lana bikaina zela egiaztatu zuten, baina hori zeharo bestelako zentzuan ulertu behar da. Alde egin zuten hiru arkeologoen kontuari, ezin hobeto erantzun diote zuzendari izandakoek beren webgunean; eta lekedaren eta letrinaren kontuaz ez du merezi hitz egiterik ere, hain da patetikoa. Adituek ateratako ondorio guztiak aurkeztu zituzten egunean, haietako bat bakarrik zegoen erregistratuta. Lehengo taldekoek hasiera-hasieratik eskatu zuten beste kontrol indusketa bat egin zezatela eta eska ziezaietela iritzia nazioarteko adituei, baina ez zieten jaramonik egin, eta abar.
Osagai akademikoez beste, hainbat kontu erantsi dizkiote faltsutasun irizpenari -ustez zintzoa denari-, erraldoi mediatiko bat sortu eta kasua amaitutzat emateko asmoz: elite filologikoak, aurkikuntzak zalantzan jarri baitzituen, aitortu egin du bere lanbide ospea zuela kezka nagusi, munduko zientzialarien aurrean halako kontu desoroso bat aldezteko orduan, eta horrek haien teorietan eragingo zituen ondorioak; Erromatarren Inperioaren gainbeheraren ostean Araban euskalduntze berantiar bat gertatu zelako ideia astunegia zaie hainbati; iritzi hori bera giltzarria da alderdi politikorik estatalistentzat; alderdirik nazionalistenek, faltsutzeak direla ziurtatu izan dietelarik, uko egin diote froga gehiago eskatzeari, erabaki hori dela-eta historia desitxuratu izanaz salatuko dituztelakoan, eta antzarari igerian erakustea erabaki dute, gauza garbiren bat aterako dutelakoan; EHUk betea ikus dezake aztarnategiaz jabetzeko ametsa, baita beste erakunderen batek ere; eratzear dagoen talde berri batek arkeologo guztiak zentralizatzeko eta kontrolatzeko asmoa; arkeologoen arteko ika-mika antzinakoak; lehenbiziko kristauen joerak, batere ortodoxoak ez direnak, sumatzen ditu elizak eduki erlijiosoetan, eta ez dio inolako graziarik egiten...
Balizko zientifikotasunaren edo akademikotasunaren izenean, baserritarkeria kultural bat egiten dihardute, interes ugariren gurutzatze bat dela bitarteko. Bi pieza polemikorengatik bakarrik, urteetan ikertuko lukete han, euren ondarea baita; baina, hemen, kopuru eskerga batekin, harribitxi benetakoa, akabo eztabaida. Gaur-gaurkoz, eta proposaturiko kronologiari dagokionez, aurkituriko material guztiaren benetakotasunean sinesten dut.
(Erredakzioan itzulia)
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
