Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-06-27

Zuzendariari

'Talaiatik tiroka'

Bajan nagoenez, Talaiatik tiroka Markos Zapiainen liburua amaitu ahal izan dut: erabateko sorpresa eta egundoko gozamena izan da niretzat!

Ez naiz blogak irakurri zalea, asti kontua da, baina ematen du blogak literatura modu propio bat sortu duela. Gaiak ugari -kultuak, arruntak, pribatuak, politikoak: denetik-, trataera beti okurrentziaz betea, beti ikusteko modu ez topiko bat, beti umorez bezain serio, beti labur, bixi-bixi.

Ezusteko hasieraren (kikunbera) eta bukaera staccato-aren artea. Egunerokotasunaren oharpen kasik brutalki errealista. Errukitsua gure mundutxoarekin. Dena izugarri ongi idatzia, orri bakoitza eta lerro bakoitza, behin ere huts egin gabe. Lexikoa zaindua, kasik gozoa, erraztasun txundigarri bat baliabideen aberastasun zaila ezkutatu egiten duena. Edozein arazori buruz beti kritiko eta zentzudun, «astakeriak» ere oso zentzudun, dena zorrotz, fin, buruargi, lotsagabe eta xamur, delikatu. Informazio kultural ugari harrigarrikoz...

Jainkoen festa bat.

Joxe Azurmendi.

Idazlea.

Jose Mari Landari gutun irekia



Jose Mari maitea:

Erantzun karta hau Arrigorriagan Espainiako Poliziaren aurkako atentatua gertatu baino lehenago neukan pentsatuta. Eta bueltak eman eta gero, pentsatuta neukan moduan ixtea erabaki dut.

Lehenik eta behin, zugaz bat nator gure Aberri honetan jasaten dugun kostea handia dela. Konpara ezina, margo edo kartel batzuk kentzeak daukan balio ekonomikoarekin. Gaitza delako jakitea zenbateko kostua daukan egunero gure etxe eta autoak margotuta agertzea. Kalean zehar irainduak izateak edo gure aurkako papertxoak botata ikusteak. Hau guztia gertatu izan da eta gertatzen da gure udalerri honetan. Berdin ere baloratu ezina da presoen senideek haiek ikusteko hainbat kilometro egiteak suposatzen duena. Arrazoia duzu. Baina zer esan ba mehatxuak direla-eta euren seme-alabez kalean zehar joan ezin diren pertsonez? Eta batez ere, eraildako euren senideak bisitatzera kanposanturen batera joan behar direnen gainean?

Badakizu Karmeloren egoera hobetzen lagundu dugula, inoiz Udal honen eskuduntzetatik eta nik neuk alkate modura dauzkadan eskuduntzetatik harago ere bai. Gogoratu bestela zuek eskatuta egin genuen ziurtagiriaz.

Azkenik, jakinean zara, herrian zehar jarritako hainbat karteletan horrela iragarri genuelako, 2008ko urriaren 30ean zinegotzi guztiak, gure herriko jendearen eskariari erantzunez, leku publikoetan edo jabeek baimendutako leku pribatuetan, kartel, pintada, papertxo eta abarreko guztiak kentzeko erabakia hartu genuela (horregatik ba, baimenik ez genuen leku pribatuetan egonda, zuk aitatutako ume margo biak ez kentzearen arrazoia). Baina pertsona batzuk ez dute herriko gehiengo batek hartutako erabakia errespetatu, eta pintadak, irainez betetako kartelak eta jendearen kontrako ekintzak burutzen jarraitu dute. Horregatik, hau guzti hau kentzeak daukan kostuaren berri eman gura izan genien gure herrikideei.

Zure/gure egoera latz hau ahalik eta arinen amaitu dadila espero dut, eta horretarako «giltza» daukatenek, Espainiako Gobernuak zuen kasuan, abertzaletasunaren zati batek gure kasuan, eta ETAk mehatxatu eta eraildakoen kasuan, jasaten dugun urruntze, sakabanatze, tortura, irain, margo, mehatxu zein erailketak amaitu ditzatela.

Hau guzti honen gainean pentsatu beharra daukagu. Eta baita kartel, pintada eta irainen gainean.

Asier Madarieta.

Eako alkatea.

Esku beltza



Anjel Lertxundik iragan larunbateko Hitz beste txokoan agindutako eguraldiaz jardun zuen, eta bukaera aldean zera esan zuen: «Atzo beste hildako bat. Aginduta dago eguraldi kaskarra: iragarrita eta guk kontrolatzen ez dugun esku beltz batek baimenduta».

Azken esaldi horretaz gogoeta eginez zera etorri zait burura. Guk (Anjelek eta) kontrolatzen ez dugun esku beltz bat baldin badago, nonbait, guk (berak eta) kontrolatzen dugun beste esku bat badago. Eta haiek kontrolatzen duten eskua badago, nolakoa da, zuria ala beltza?

Gaia sakonduz, honelako galderak etorri zaizkit burura: beraiek kontrolatzen duten eskua zuria bada, zer egiten du esku zuri horrek? Alderdi eta erakunde politikoak legez kanpo uzten ditu? Ala egunkariak eta bestelako komunikabideak ixten ditu, apika? Edota, hauteskundeetan putxerazoa antolatzen du? (Ez naiz Irangoaz ari, hemengoaz baizik).

Esku beltza izatekotan, zer egiten du esku beltz horrek? Atxilotuak bakartu eta torturatzen ditu? Ala pertsonak bahitu eta desagerrarazten ditu, akaso? Haiek kontrolatzen duten esku beltzak duela bi hilabetetik Donostiako Intxaurrondo auzoan gogor ari duen eguraldi kaskarra agindu al du?

Zoritxarrez, Euskal Herrian aspaldidanik dugu eguraldi kaskarra, baina nonbait batzuk soilik enteratzen dira beraiek bustitzen direnean. Azken galdera: haiek kontrolatzen duten eta aro txar hau agindu duen eskuaren atzean nor dago?

Santi Angulo Martin.

Errenteria.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia