Kartzela edo «despentsa» ere deiturikoa
Xabier Lopez de Armentia
Politologoa
Euskal Herrian dauden kartzeletako egoera hizpidera ekarriz gero, saiatu ohi naiz zehatz-mehatz kartzela jakin batzuez bakarrik ez mintzatzen; halakorik ere egin genezake, ordea, gure kartzeletako egoerak zer esan ugari ematen baitigu. Alabaina, askoz harago joaten saiatuko naiz.
Eztabaida bat sortu nahi dut, Espainiako Estatuko presondegi sistemaren inguruan. Sistema horrek, izan ere, honako hitz hauek ditu bereizgarri: heriotza, droga menpekotasuna, osasun arazoak, masifikazioa, giza baliabiderik eta bitarteko materialik eza... Ezaugarri horiexek baino ez dituzte, zoritxarrez, Espaniako Estatuko presondegi sistemako kartzela guzti-guztiek.
Urte hauetan, Espainiako presondegi sistemak bere barnean bildu izan ditu «gizarteari gogaikarri zaizkion pertsonak», hainbat hiritako «despentsa» batzuetan bildu ere. Despentsa direlako horietan giltzapetzen dute beren bizimodu arranditsu eta handiustekoari eusteko gogaikarri zaien oro. Halako kontzientzia hebainduentzat irensgarriagoa da, nabarmen-nabarmen, ez behaztopatzea gizartea kudeatzeko modu horrek dakarzkien arazoekin. Askoren ustez, desberdintasuna eta ongizatea sinonimoak dira; ezjakintasuna dute, berriz, ahogoza dezaketen platerik gutiziagarriena.
Haien Konstituzioak besterik badio ere, argi eta garbi esan beharra dago presondegi sistema horrek ez diela gizarteratzeko inolako ahalbiderik ematen presoei. Presondegi sistema hori aldatu beharra dago, ezinbestean, haren helburu nagusia betetzeko behinik behin: gizarteratzea. Nola alda dezakegu, baina, 30 urtean betikotu eta bazkatu duten presondegi sistema bat?
Espainiako gaur egungo Gobernuak, PSOErenak, makrokartzeletan oinarrituriko presondegi eredu bat du euskarri. Hormigoizko bloketzar ikaragarriak, izotza bezain hotzak, eta pertsonen suntsiketa helburu dutenak. Makrokartzela halakoak ezerezaren erdian kokatzen dituzte, zakarrontziak izango balira bezala, gizarteko hondakin guztiak hara botatzeko asmoz, zibilizaziotik urrun eta lau mendiren artean ostenduta edukitzeko, burdinazko erroten zaintzapean eta haize jelatuaren etengabeko astinaldien menpe.
Presondegi sistema aldatzeaz mintzo naizelarik, eredu hori goitik behera aldatzeaz ari naiz, eta, hori aldatu ahal izateko, presondegien eredua aldatu beharra dago. Ez da, bakarrik, makrokartzela eredu gaitzesgarri bezain aldrebes halakoa amaitzea; baizik eta presondegi horiek behar besteko giza baliabideez eta ekonomia bitartekoez hornitzea, dagozkien jardunak behar bezala bete ditzaten, orain ozta-ozta betetzen baitituzte.
Kartzela jakin batzuk aipatzearren, Langraiz Okako kartzela da (Araba) Estatu osoan okerren dagoenetariko bat; harexek ditu giza baliabiderik eta ekonomia bitartekorik gutxien, hantxe bilduagatik preso kopururik handien metro koadroko. Langraizko kartzelan, ez diete merezi bezalako arretarik eskaintzen preso dituzten pertsonei, ez ikuspegi materialetik, ez azpiegituren ikuspegitik, ez eta hurrik eman ere gizabanakoaren ikuspegitik.
Kartzela horren mantenimendurako aurrekontua zentzugabea bezain irrigarria da ia. Zer-nolako ekonomia bitartekoak izan ditzake kartzela horrek, urte osoko bonbillak aldatzeko lain ere ez badio ematen? Horra hor benetako arazoa. Ozta-ozta kartzelako argiteria ordaintzeko adina diru bakarrik badute, eraginkortasun aldetik ez da batere baliagarria hango azpiegitura.
Langraizko kartzelako arazoak, baina, ez dira argiteria urritasunera bakarrik mugatzen; hango arazoetako bat baino ez da hori. Kartzelatik barrena kuxkuxean ibiliz gero, erizaindegiari erreparatu besterik ez dago. Langraizko erizaindegiari gainbegiratu bat egin dion edonork badaki, gero, oinpera dakarkizula arima hango ikuskizunak, gehiago baitirudi garai bateko erizaindegi bat, teknologia aurrerapenen arrastorik gabekoa -ausaz aurkitu daitekeen bakanen batek etorkizuneko filma batetik aterea iduri izateraino-.
Egia da, kartzelak masifikatzearen aurka «borrokatzan» ari dira. Kartzela asko ari dira sortzen, baina zer motatako kartzelak? Zein presondegi mota ari dira bazkatzen? Konponbidea ez da «hormigoizko blokea», konponbidea izango da egoera hau onartzea, mendialdean atzentzen ahalegindu beharrean, eta presondegi eredua goitik behera aldatzea.
Gaur egun, baliabideen %85 erabiltzen dituzte segurtasunean, eta horietatik %15 jendea gizarteratzen, berriro ere gizartekotzen, pertsona horien arazoei erantzun bat ematen. Daukagun ereduarekin, ezin espero dugu gizarte berdinzaleago eta zuzenago bat izaterik. Daukagun ereduarekin, Ameriketako Estatu Batuen klon negargarri bat baino ez gara izango.
Nik neuk, sinesten dut pertsonen duintasuna izateko eskubidean, berriro ere gizartekotzeko duten eskubidean, haien gizarteratze eskubidean. Sinesten dut beste aukera bat izateko eskubidean, sinesten dut pertsona delitugileak gizaki hondar edo zabor hutsak izango balira bezala baztertuko ez dituen gizarte batean, alegia, pertsona horiek berriro ere gizartekotzen ahaleginduko den gizartean.
(Erredakzioan itzulia)
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
