Zuzendariari
Irazabalbeitia eta sentiberatasuna
Iñaki adiskidea. Ez dut inoiz inolako asmorik izan Aralarrek dituen asmo eta egitasmoen inguruan dudan iritzirik agertzeko. Zilegi deritzot bakoitzak bere bidea egiteari, gauza askotan eta gauzak esateko modu askotan guztiz desados banago ere.
Halere, esan behar dut mingarria egin zaidala BERRIA egunkarian eginiko elkarrizketan II-HE zerrendaren inguruan egin dituzun aipuak irakurtzea. Ez nuen usteko, bai zu eta bai Aralarreko beste kide batzuk ezagututa, horrelako politikeria kaxkarrerako bidea hartuko zenutenik. Zinez diotsut pena handiz hartzen dudala jardunbide hori, eta aspaldidanik zuen bidea EEren gero eta antzekoagoa dela dioten lagunei aurre egiteko gero eta arrazoi gutxiago dudala onartu beharra dut.
Ezker abertzaleak hauteskunde hauetan ez omen du jokatu Hegoaldean Iparraldean bezala diozu. Gogoratu behar al dizut ezker abertzaleak azken hauteskundeetan aurkezteko eginiko saioaren ondorioa hainbat eta hainbat abertzale zintzoren atxiloketa izan zela? (Amparo Lasheras, Iñaki Olalde eta beste hainbat). Sentiberatasun gutxi behar da gero, ezker abertzaleak ez duela Iparraldeko ildo bera mantendu esateko. Ezker abertzaleak ezin du hauteskundeetan aurkeztu, eta larrutik ordaintzen ari da hori! Ezagutzen duzun abertzale zintzo asko da giltzapean horregatik.
Horretaz gain, zerrenda honetako jendearen hizkuntzekiko sentiberatasuna zalantzan jartzen duzu. Zein da horretarako oinarria? Alfonso Sastrek ez al du sentiberatasunik? Galiziako poetarik esanguratsuenak (Xosé Luís Mendez Ferrin) zuk baino sentiberatasun gutxiago al du? Bertako katalan, aragoitar, galego, asturiar edota Gaztelako jendeak Independentistak eta Ezkertiarrak zerrenda kideek baino sentiberatasun gutxiago dutela esateko inolako arrazoirik ez duzu. Eta badakizu gainera. Aipu horiek hainbat euskaltzale nahasteko eginak dituzu, boto ziztrin batzuen bila. Nik behintzat ez dut jartzen zalantzan ez zerrenda baten ez eta bestearen sentiberatasuna. Zalantza horiek norbaitekiko badituzu agian hobe zenuke Donostian batera gobernatzen duzuenei begiratzea, ezta? Edota PSEk badu sentiberatasuna?
Azkenik, eta sentiberatasunari buruz ari bazara, zein da zuen zerrenda kide direnen sentiberatasuna? Ez al ditu Chunta Aragonesista taldeak II-HE zerrendarekiko abala eman zuten bere alderdiko hainbat zinegotzi abal hori kentzera behartu, Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroarekin bat eginez? Salatu al dute II-HEren ilegalizazioa? Horiekin al zoazte Europara? Horiei eman behar al diegu boza? Begizu etxean sentiberatasun lezioak inori eman baino lehen mesedez.
Adeitasunez eta berriro ere horrelako ika-miketan sartzeko inolako asmorik gabe.
Idatz-ondokoa: Eta, ez dagokidanez, ez dut aipatuko Europako hauteskundeetan zuen koaliziokide EA alderdiarekiko koalizio hau antolatzean agertu duzuen «sentiberatasuna».
Urko Aiartza.
Donostia.Iruñerriko auto-obusak
Goio Gonzalez, Pili Erro eta Unai Otegi.
CGT Nafarroako gizarte ekintza taldeko kideak.Espainia, Espainia, Espainia
Fermin Etxegoien.
Bilbo.Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
