Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:44

iritzia;2009-05-23;Zuzendariari. Artesiaga, historia digeritzen Kafe bat politikarientzat

Zuzendariari

Artesiaga, historia digeritzen

Pasa den maiatzaren 16an, Nafarroako Irurita eta Eugi herrien artean, Artesiagan, monumentu bat inauguratu zen, Baztango Udala, Iruritako Herria, Memoriaren Bideak eta Geronimo de Uztariz Insitutuaren ekimenez; monumentua gerra ondorengo bortxazko langileen omenez inauguratu zen. Maiatzaren 17an, monumentuari eraso zioten, plaka hautsi, pintadaz zirriborratu eta bestelako barrabaskeriak egin zituzten.

Altxamenduaren Nafarroaren multzo batek ez du Historiaren digestioa egin. Noizik behin, buxatu eta burutu gabeko digestioa dela kausa, multzo honi haizeren batek ihes egiten dio, eta giroa kirasten du. Besteetan, eragin kaltegarriak isilean jasotzen dira, ia ezin sumatuzkoak dira. Gertakari horiek elkarrekin ulertu behar ditugu, ezer entelegatu nahi badugu. Jatorri bera dute, Garaipenak izan zuen balio aldaezina, balio aitorrezina.

Faxista multzo batek gogorarazi digu hau guzti hau: «Irebazi giñun eta beti irebeziko» idatzirik utzi digute monumentuan, berau mustu eta egun oso bat igaro ez zela. Monumentua errepresio frankista jasan zutenen omenez inauguratu genuen. Bortxazko langileek kolpez kolpe, pikotxa baliatuz ireki zuten NA-1740 errepidea, Irurita eta Eugi lotzen dituen errepidea. Bortxazko langile horiek borreroen eta klimaren gogortasuna jasan behar izan zituzten. Bortxazko langile horiek ordain ekitaldi hau, omenaldi hau gizarte zibilaren eskutik jaso dute. Omenaldia behetik gora garatu da, elkarte eta udalak izan dira omenaldia bultzatu dutenak eta ekimenak Espainiako Lehendakaritza Ministerioaren laguntza eduki du. Erasoa, 2009ko maiatzaren 16an inauguratu monumentuak jasan zuen erasoak, eta bertan zirriborratu mehatxuek, egiazko terrorismoaren apologia dira, eta gorroto eta koldarkeria islatzen dute, orduko terrorezko erregimenaren oinordeko enboskatuen gorroto eta koldarkeria.

Taldexka horrek lortu duen ospe hutsalak ez du zereginik gertaeren indarraren aurrean, hori bai, ekintzak balio izan du hedadura handiko media batek zeharka eta berandu omenaldiaren berri eman dezan. Gertaerek aspaldi utzi zuten agerian altxamendu odoltsu haren hutsaltasun anker eta gaitzesgarria. Horrenbeste urtez «Espainia eta Jaungoikoaren alde Erorikoak» gurtzen igaro ondoren, bada garaia frankismoaren biktimak ahanzturatik berreskuratzeko. Agian, aurki, bai batzuk bai besteak oroimen kolektibo komun baten partaide izanen dira, oroimen dokumentatua, jasandako eta eragindako oinazea ezagutu eta aitortuko duen oroimena.

Horra iristeko, ezkutuan Nafarroa bakarra eta ohoratuan sinetsi zutenek, sinetsi dutenek Historia digeritzen asmatu beharko dute.

Jose Miguel Lana , Jose Miguel Gaston, Fernando Mendiola , Joseba de la Torre, Emilio Majuelo, Edurne Beaumont eta Patxi Larrion.

Iruñea.

Kafe bat politikarientzat



Aukera onak krisiaren aurrean lelopean, Woka (World Cafe) baten egoteko aukera izan nuen, Innobasque berrikuntzarako agentziak antolatuta. Gure gaia pertsonen prestakuntzarako formakuntza eta batez ere gauzak ulertzeko adimenari buruz (literacy, ingelesez) aritu ginen kafe bat hartzen genuen bitartean. Solasaldietan askotan aipatu zen gizartearen balioen aldaketak, hezkuntza prozesuak, lidergoak eta abar. Innobasquek krisiari aurre egiteko aukera-zerrenda bat banatu zuen gizartearen eraldaketarako: zientziatik, hezkuntzatik, bizi-kalitatetik, enpresa lehiakortasunetik,...

Baina nola diren gauzak, gure mahai-inguruetan botere lidergoari (politikariak) erantzukizun handi bat eman genion gizarte eta balio krisi honetan, eta horiei buruz ez zekarren ezer.

Zer egin dute edo zertan ari dira gure egoera soziala hobetzeko? Zertan ari dira? Gauzak eraldatzeko edo bere egoerari probetxua ateratzeko?.

Gaur egungo kultura politikoa guztiz itogarria da, debekuak bata bestearen atzetik datoz etengabe, eta gizarte guztiak pairatzen du. Sare soziala, heziketa, berrikuntza sustatzeko Gobernuz Kanpoko Erakunde bat genuen, Zumalabe fundazioa, gauetik goizera terroristatzat izendatua, eta biharamunean (10 urteren ondoren) ez zen terrorista, baina bere bultzagile batzuk urteak kartzelan egon dira errukirik gabe, eta erakundeetatik ez barkamen eskaerarik ez kalte ordainik jaso barik, baita komunikabide enpresa batzuk zeuden (Orain, Egunkaria) lanpostuak mantetzen ziztuztenak eta haien arduradun batzuk oraindik kartzelarekin «sarituak» izan dira.

Politikagintzan ere Loiolako solasaldietan, kafe batzuen inguruan segur aski, gure herriko egoera aldatzeko aritu ziren mahaikide batzuk ere ziegatan daude ordutik.

Nola berrituko gara, gure agintariek gauzak dauden moduan mantetzeko beste helbururik ez dutenean, eta bere emaitzak (bakea, askatasuna, aberastasunaren banaketa) hain txarrak direnean. Faborez...

Anjel Bidaurrazaga.

EHUko irakaslea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia