'Zeitgeist'
Jon Sudupe
Saiakera egilea
Globalizazio hitza da gaur egungo egoera hobekien adierazten duena. Krisi ekonomiko globala, eine Globalethik, l'ecran global, global english... Dudarik gabe, mundializazioa da garai posnazional honen ezaugarri nagusia. Gure Zeitgeist-a dela esango luke Hegelek. Garaiko espiritua, alegia.
Gero eta txikiagoa da mundua, eta gero eta estuagoak herrialdeen arteko harremanak. Gizakiok bat-batean ulertu dugu itsasontzi berean goazen marinelak garela. Baserri eta herrixketan jaioak, mundukume bihurtu gara. Auzune globalean guztiok gaude elkarrengandik hurbil. Mugarik gabeko komunikazio komunitatean bizi gara dagoeneko (K.O. Apel). Horixe da globalizazioa, hitz gutxitan.
Egia esan, globalizazioa aspalditik datorren joera dugu, K. Marxek ondo zekien bezala. Azken aldian, hori bai, izugarri azkartu da prozesua. Gehienbat barruti nazionalera mugatutako ekonomiek osatu dute luzaroan konstelazio historikoa. Habermasek dioen bezala, konstelazio hori auzitan jarri du globalizazioak. «Konstelazio posnazionalean» bizi gara jada.
Arazo globalek erantzun globalak eskatzen dituzte. Zoritxarrez, gaur gaurkoz ez dago globalizazio ekonomikoa arautuko duen erakunde politiko nahiz juridikorik. Horregatik, erronka berriei aurre egiteko, mundu mailako gobernua proposatzen du zenbaitek. Nabaria da, noski, horrelako gobernu batek izan dezakeen despotismo arriskua. Gobernu federala izan beharko luke, hortaz, Estatu libreen elkartean oinarriturikoa («Nazioen Liga» deitu zion Kantek). Zentzu horretan, Europako Batasuna da gaur egun aurrera doan egitasmorik globalena.
Guztiok elkarrekin bizi beharra daukagula esan zuen Kantek berak. Kultura, sinesmen, ideia eta balore ezberdinetako jendearen artean bizi beharrean gaude. Zoritxarrez, islamaren eta mendebaldeko munduaren baloreak nekez bateratzen dira. Horregatik, eginkizun garrantzitsua du Zibilizazioen Aliantza delakoak: gizateria osoaren unibertsal komuna eratzea. Nahitaez, giza eskubideetan oinarrituko litzateke unibertsal komun hori (bizitzarekiko begirunea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, aberastasunen banaketa...).
Kwame A. Appiah filosofoa munduko hiritar kontzeptua berreskuratu beharraz mintzo da bere azken saiakera liburuan (Kosmopolitismoa. Etika gizaki arrotzen munduan, Katz, 2009). Norbere komunitatearekiko leialtasunari uko egin behar diogula esan nahi ote du horrek? Inola ere ez. Kosmopolitak aintzat hartzen du aniztasun kulturala, ez kulturak inportanteak direlako, baizik eta pertsonak direlako inportanteak eta hauei kultura axola zaielako.
Afrikar jatorriko pentsalari ezagun honen iritziz, bi ezaugarri ditu kosmolitismoak: inguratzen gaituzten pertsonengandik harago hedatzen dira gure obligazioak, eta pertsonok asko ikas dezakegu geure ezberdintasunetatik. Horregatik, kosmopolitismo sustraitua edo partziala proposatzen digu: badira unibertsalak diren balore batzuk, eta lokalak diren beste batzuk. Eta ez diegu ez batzuei ez besteei uko egin behar.
Hizkuntza bakarra, global englis delakoa, ezartzen ari da nazioarteko harremanetan. Mundu osoan zabaldutako hizkuntza bat txit komenigarria da, elkar ulermena errazten baitu. Baina mundua plurala da eta zeharo aspergarria izango litzateke mintzaira bakar bat baino ez hitz egitea. Unibertsaltasuna desberdintasunean, hori da bidea.
Multikulturalismoa eta erlatibismo morala kritikatzen ditu Appiah-ek. Giza komunitateak elkarrengandik bananduta bizi diren mundua ez da aukerarik onena, are gutxiago diferentzien indarra puzten duen mundua. Bestalde, erlatibismo modernoak, positibismoaren mundu ikuspegian oinarritzen denak, erabat bereizten eta kontrajartzen ditu egitateak eta baloreak. Baina, pragmatismoak erakusten duen bezala, esperientzia behin ere ez da neutrala, balorez zipristinduta dago.
Gaurko mundua ulertzeko ikuspegi berri bat behar da, hortaz. Begirada kosmopolita, alegia. Egoera bera bihurtu zaigu globala. Altermundialismoak, globalizazioaren kontrako erresistentziak berak ere eite globala du. Kosmopolitismoa, hartara, amets filosofikoa izatetik egia hutsa izatera pasatu da. Are gehiago, aro berri baten ezaugarri bihurtu da, modernitate erreflexiboaren bereizgarri (U. Beck).
Europak, tokiko aberri eta kulturak bateratuz, Estatu-nazioak asmatu zituen. Gizateria asmatzeko ordua da orain (Z. Baumann). Diogenesen ametsa, munduko hiritarra izatearena, amets bat zen bere garaian; gaur posiblea ez ezik, beharrezkoa da. Horrela bakarrik bideratuko gara betiereko bakearen mundu kantiarrera, «giza espeziearen bategite unibertsalera».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
