Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:39

IRITZIA;2009-05-09;Zuzendariari. Hamaika arrazoi AHT honen aurka Abiadura handiko trenaren kostuak

Zuzendariari

Hamaika arrazoi AHT honen aurka

Konponezineko kalteak: hesi-ondorioa, zarata ikaragarria, paisaiari eginiko eraso bortitza, lurren okupazioa, akuiferoen suntsiketa, energia kontsumoaren biderkatzea, hondakinentzako hamaika zabortegiren sorrera, balio ekologiko handiko ekosistemen kaltetzea...

Desoreka iturri: hiriburuen arteko lotura besterik ez du egingo, hirietan aglomerazioa bultzatuko du eta kalte larriak eragingo dizkie nekazaritzari eta oro har herrietako eta nekazaritzako eremuko bizimodu eta bizi-kalitateari.

AHTak lan baldintzen ezegonkortasuna areagotu eta deslokalizazio industriala erraztu egingo du.

Guztiok ordainduko dugu, baina gutxi batzuek erabili ahal izango dute soilik, joan-etorrien %95 ez dira-eta hiriburuen artekoak, herrien artekoak eta herri eta hiriburuen artekoak baizik, berez defizitarioa den elite batentzat pentsatutako garraiobidea...

Gizarte gastuak murriztea eragingo du: dirutza horrekin, populazio guztiarentzako kalitatezko garraio publikoa finantzatu eta bestebehar sozial askori erantzun lekieke.

AHTak ez ditu konponduko egungo garraio arazoak: politikari gehienak gezurretan edo ezjakin...

Batetik, hirietan geldituko da soilik. Beraz, ez ditu murriztuko eskualde barruko joan-etorriak.

Bestetik, ez dio kamioi kopuruaren urtez urteko hazkuntzari ere aurre egingo.

Autobide, superportu, plataforma logistiko eta abar biltzen dituen azpiegitura plan erraldoi baten parte da AHTa; garraioa negozio den heinean, garraioaren hazkundea muga gabe bultzatzea helburu duen plan baten parte, alegia.

Alderdi politiko gehienak adarra jotzen ari zaizkigu beste behin ere, edo hori bezain txarra dena bestela, alderdi batzuek ez dakite zertan ari diren ere. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi eta koalizio guztiek eman diote oniritzia AHT honi. UPSNtik hasi, IUNetik igaro eta NaBai-n bukatu, batek ere ez du praktikan ezer egin jostailua ordaindu beharko dugun herritarroi informazioa eskaini eta parte hartzea ahalbidetzeko. Batek ere ez.

Batere gardentasunik gabe, propaganda eskaini digute Informazioaren ordez. Udalerrien zein herritarren interesei, nahiei eta borondateari bizkarra emanda ari dira guztiak; batzuek sustatzen, eta besteak, era batera edo bestera txikizioari babesa emanez.

Noren mesederako da AHT hau?

BERRIAn bertan Julio Villanuevak gogorarazi dizkigu zenbait datu mamitsu. Adibidez: Munduko hamar eraikuntza enpresa handienetatik zazpi espainiarrak direla; Espainia munduko 5. zementu kontsumitzailea dela, Europan autobia-autobide kilometro gehien duena eta 2020rako AHT kilometro gehien izango duena munduan... Mundu zabalean lanean ari diren mafien ustez, Espainia aukera handiko eremua omen da... Europako estaturik ustelenetakoa omen da Espainiako erreinua...

Horregatik guztiagatik, besteak beste, badago nahikoa arrazoi bidegabekeria horri aurre egiteko, ezta? AHTa gelditu, bada!

Jonjo Agirre.

Altsasuko Aralar-NaBaiko zinegotzi ohia.

Abiadura handiko trenaren kostuak



Egun hauetan etxeetara iritsi diren eskutitz horietako bat irakurri dut, eta bertan biztanle/zergadunoi -edo, nire kasuan, erretiratuoi- abiadura handiko trenaren ibilbidea egitea zenbat kostatuko zaigun azaltzen da. Entzuna dut jendea oso kezkatuta ibili dela eskutitz hori dela eta, eta, gainera, datu faltsuak bidaliz, nire ustetan.

Guk, gure Erkidegotik, Espainian egin diren abiadura handiko tren guztiak (Madril-Sevilla, Madril-Bartzelona eta abar...) ordaintzen lagundu dugu, egiten ari direnak eta egingo direnak ere ordaintzen jarraituko dugu. Orain, gurean egingo den AHTren kostua gainontzeko erkidegoek ordain dezaten aukera dugu, eta ez dugu hori nahi.

Ez dakit tren berri hau onerako edo txarrerako izango den, baina aurka daudenak erabiltzen dituzten gainontzeko argumentuek kostu ekonomikoena bezain oinarri sendoak badituzte, nik itsu-itsuan babesten dut AHTa gure erkidegoan egitea.

Rafael Larrañaga.

Azpeitia.



ZUZENKETA: Atzoko BERRIAn, Hilberriak atalean, oker zegoen Hondarribiko Talaia B.H.I.ren izenean argitaratu zen eskelako hildakoaren izena. Zuzena Koldo Argote Garcia da. Barkamenak, bereziki familiari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia