Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:37

IRITZIA;2009-04-28;Zuzendariari. Kilometroak maitasun bihurtuz «Patxi» Lopez jaunari

Zuzendariari

Kilometroak maitasun bihurtuz

Adar deiarekin batera Garazi eta Olaiaren txalapartaren hotsak zabaltzen hasi zirenean Anbotoko Marik aginduta euri zaparradak ateri egin zuen eta txalo zaparrada, maitasunez, Etxerateko ibiltarien gainean pausatu eta Landako gunean isuri zen. Ibiltarien zain zegoen ama, zain aita, zain andre/gizona eta seme-alabak, zain lagunak eta Arantxa, eta Josune, eta Fanekas, eta Patxiren neska-laguna, eta Garbiñe, eta Pinki eta milaka pertsona Etxerat baitan txaloka.

Txalaparta tematsu eta alai, alai eta tematsu, erritmoarekin jostalari, berriro eta berriro, alai eta tematsu, bizkor eta jauzika. Ama!, esan zuen kantariak, torturatu egin naute, baina ez dut negar egin edo bai egin dut edo bai oihuka hasi naiz amorrazioz edo auskalo zer ama, baina zu nire alboan zinen, esan du kantariak. Eta txalaparta tematsu eta alai. Banaka banako bat gehi bi eta ber bi zortzi banaka banako batera zortzinako mundua. Alde batera presoak dantzariak herriaren aurrean, beste aldera etxera herriak presoei. Eta txalaparta jostalari eta bizkor, iraunkor eta jauzika. Hitzaren aztiek esan dutenez, kilometroak maitasun bihurtu dira, duintasuna ezin baitaiteke kartzelaratu eta hona eta hara ibili badira bihotz dispertsatuak beste hainbat izan dira bihotz batuak. Eta txalapartak jolas, oihu, deia, jauzi.

Eta bat-batean irudi bat. Itxi gabeko zirkulu beltz gotorraren erdian eguzkiaren argia, Eskerrak ematen Presoen partetik Bake duinaren Kontzientziari. Zeren presoen eskubideen aldeko mobilizazioak gatazkaren konponbidearen alde jotzen du.

20 urteko ibilerekin, tartean hildakoekin, auto gidari boluntarioekin, kale martxa guztiekin, manifestazio erraldoi zein txikiekin, ahaide eta lagunen ordu luzeko joan etorriekin, istripu larriekin, milioika euroko gastuarekin, iraina eta umilazioekin, zozketa eta jaiekin... ibilaldi bakarra osatzen da. Magoak sakabanaketa agindu paperak kolorezko paper hegalariak bihurtu ditu. Pailazoak kaka pila eta tristeziarekin, bihotz-buru-eskuko dantza osatu du, eta, oi miraria!, hasi gara: sentitu pentsatu ekin denok elkarrekin.

Kriseilua agertu da. Piztuta zegoen, baina zerbait gertatu zaio. Izar berrien argiz, joandakoen izar-argiz indartsuago dago kriseilua. Ezin dugu onartu, ezin dugu onartu... errepikatzen dute Fitoren ahoan hainbat eta hainbat elkartek. Eta badator eskerrak emanez, «eskerrak gazteei laguntzen gaituztelako bisitak egiten», «eta nora? eta Kanaria uharteetara bidali, han zortzi urte inorekin hitz egin gabe pasa zen gaixoa. Ez diot inori horrelakorik opa». Badator «mila pusketan zatitu ez duten ahalegina», Etxerat bera. Harrotasunez, gogoratuz, itxaropena landuz, Etxeraten hitzak osorik irakur itzazue.

Joseba Barriola.

Errenteria.

«Patxi» Lopez jaunari



Pozten naiz oraintxe izango duzulako erakusteko aukera, ez duzula lehendakaritza erabiliko euskara eta euskaradunon kontra. Euskara askatasunean, zenioen. Eta arrazoi duzu. Hori da. Eman eta gorde iezazkiguzu ba, euskarari eta euskaradunoi ere, espainolak gure lurrean dituen askatasun eta eskubide berberak (edota frantsesak Iparrean). Teorian eta praktikan. Ez dugu nahi askatasun gehiago. Ez eskubide gehiago. Zerrendatu itzazu (elkarrekin zerrendatuko ditugu nahi baduzu) espainolak Hego Euskal Herrian dituen askatasun eta eskubideak. Eta orduan, euskara eta euskaradunok, beste hainbeste. Ez gehiago. (Ezta gutxiago ere, ezta?) Ados? (Nahiz bestalde, euskarak eta euskaradunok, gizalegez, beharko genukeen azken 500 urteotako konpentsazio historikoren bat ere gutxienez; tratu ez diskriminatzailea estatu eleaniztunean; ... Aurrerago hitz egin genezake horretaz guztiaz ere, prest egongo zarelakoan horretaz ere hitz egiteko, justizian.)

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut ba, zurekin (ere?) aurrerantzean hiztunok aukera izango dugulakoan bi hizkuntzok askatasun eta eskubide maila berdinean dastatzeko, administrazioan, legean, gizarte zibilean... Hala nahi dutelakoan ere zurekin batera zure euskal ikuspegia bultzatzen agertu diren euskal ekintzaileak. Baina eta, askatasun eta eskubide berdintasun hori bideratzen ez badiguzue, jainkoak, etorkizunak eta euskaradunok galdatu beharko dizkizu(e)gu guztioi, zuen hitza ez baduzue bete. Espero dut nolanahi, hala ez izatea.

«Bittor» Hidalgo jaunak, besteak beste Espainiako Salamancatik ere etorritako arbasoen ondorengo.

Bittor Hidalgo.

Donostia.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia