Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:37

IRITZIA;2009-04-21;Eskerrik asko, Gasteiz

Eskerrik asko, Gasteiz

Jon Sanchez Barrado

Gasteizko AEK-ko eta Korrika Batzordeko kidea

Egon zaitezte ziur. Gure bizitzan ezin ahaztuzko data bat bada, 2009ko apirilaren 5a da hori. Ilusioz beteta hartu genuen Korrika 16ko Azken Jaia antolatzeko ardura. Korrika 16 Gasteizen amaitzeak izugarrizko poza eta harrotasuna piztu zuen gu guztiongan, eta euskaraz bizi nahi dugunon herria Araban ere badela erakutsi nahi izan genion Euskal Herriari. Ilusioz beteta hartu genuen euskararen aldeko ekimen herritarrena antolatzeko ardura. Ilusioak, ordea, gainezka egin zuen, eta laster bihurtu zen gogoa beldur. Beldur ginen, Korrika 9n gertatu zen bezala, Mikel Laboa, Hendrike Knorr, eta beste hainbat eta hainbat pertsona handi gure artean ez zeudelako, eta ez genekielako orain dela 14 urte bezain indartsu erantzuteko aukerarik izango ote genuen. Beldur ginen, euskaraz bizi nahi dugunon hiri honetan aldaketa handiak izan direlako oso urte gutxian. Beldur ginen gure esperientzia ezagatik Korrika bezalako ekimen handi eta polit batek behar bezalako erantzunik jasoko ez ote zuen.

Oker ginen, ordea. Korrika 16ko Azken Jaian milaka eta milaka pertsonak hartu dute parte eta arrakasta ikaragarria izan du. Izen eta abizenak dituen arrakasta da. Amaiurrek gaur arteko kontratua zeukan talde bakar baten baja betetzen, eta lan handia egin du pankartak egiten. Mariak, ordea, hiru talde ditu, eta egunean hogeita bost ordu eman ditu eskatzen genion edozein lan egiten. Roberrek guraso talde bakar bat duen arren, hitzartutako 30 bidegurutzeak ederki zaindu ditu. Patxik, aldiz, ordu mordoa sartu du txosna guztiak atontzen. Manexek eta Oihanak gauak pasa dituzte lorik egin gabe euren ardurapeko guneak behar bezala funtziona zezan, eta Harkaitzek ordenagailua zukutu du aurkezpen sozialerako ikus-entzunezkoa prestatzen.

Aipatutako izenak ez dira Gasteizko AEK-ko kideenak. Eta aipatutako lanak ez dira Gasteizko AEK-ko kideek hartu dituztenen erdia ere. 220 pertsona inguru egon dira Azken Jaiko txandak betetzen, eta beste askok lagundu du jaiaren prestaketan modu batera edo bestera. Joan den azarotik astero-astero biltzen, kartelak jartzen, eskolaz eskola materiala saltzen, Korrika Kulturaleko ekimenak aurrera ateratzen... Horiek dira hizkuntza bat berreskuratzeko borondatearen isla; hortxe dago froga. Euskal Herriak euskaraz bizi nahi du, eta Euskal Herri euskaldunerako bidean, militantzia lezioa eman digute Gasteizko AEK-ko langile eta ikasleek. «Bai euskarari» esatea ez da nahikoa eta «euskaraz bai!» esan dute argi eta ozen. Eskerrak ematea besterik ez dugu. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek esandakoa moldatzeko lizentzia hartu eta zera esan nahi dizuegu: «Esaguzue euskaraz, tori musu bana!».

Gutako batzuk ere bagara guraso erdaldunengandik jaiotako seme-alaba euskaldunak, eta gutako askok ere badiogu «zoazte euskaltegira!», nahi baitugu zuek ere gure eredu izatea, edo gu ere zuen eredu izatea. Azken finean, seme-alabek gurasoengandik eta gurasoek seme-alabengandik ikasten dugu, eta gurpila ez da inoiz gelditzen. Gurasoek euskara ikastea nahi dugu ezagutzarik gabe ez baitago erabilerarik. Ezagutzen dugunok ere erabiltzeko konpromisoari heldu behar diogu. Ezagutzatik erabilerarako pausoa eman behar dugu, beraz, eta «euskaraz bai» esatera jo behar dugu. Horretarako ezinbestekoa da herritarren eta erakundeen arteko elkarlana eta hori ere izan dugu Korrika 16ko Azken Jaian. Eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko Udalari, emandako diru-laguntzaz harago, emandako laguntza eta erraztasunengatik. Arrakastaren zati bat, beraz, Gasteizko udaletxeko langileei zor diegu. Mila esker zuei ere eta ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon hirira.

Jende asko geratuko zaigu aipatu gabe, ziurrenik; kilometro erosleak, babesle eta laguntzaileak, artisauak, Eusko Label, Betagarri, Hesian, Zea Mays, Algara dantza taldea (onenak zarete), Patxi Perez, Kukai (eskerrik asko, Jon!), Atxikistan, Kidam, Kukutza, Txarli eta ekipoa (aupa txispas team!), Fonta, txistorra komandoa, Elkartzen, Txalamako, Aitziber eta Nicolas (Gasteizko AEK-ko ahotsak ekitaldian!), Oihane eta Asier, kale animazioan ibili zineten guztiak (zuek bai animatuak!), Juanjo, Lotina (zer egingo genuke aholkurik gabe...), Gasteizko txosna batzordea, Gasteizko gaztetxea, kolektibo ezberdinak, Hala Bedi irratia, Arabako Bertsozale Elkartea (sustraiak erro ditzagun!), Leklip, Abar eta kanpaina guztian zehar laguntza eman diguzuen lantegi, eskola, elkarte, sindikatu eta kolektibo guztiei.

Azkenik, Korrika 16n parte hartu duzuen guztiak aipatzea besterik ez zaigu geratzen. Mila esker euskararen aldeko urrats arin horiek egiteagatik, horixe behar duelako euskarak, pauso bizkorrak, presazkoa baita hizkuntzaren normalizazioa.

Mila esker guztioi eta ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia