Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:36

IRITZIA;2009-04-08;Zuzendariari. Eur(o)en azoka egunak Itxialdiaz (askoz) gehiago

Zuzendariari

Eur(o)en azoka egunak

Azken hamarkadetan Mendebaldeko herrialdeetan gertatu den «hazkunde» ekonomikoa amaitu da. Amaiera hori, aurreikusten zen bezala, abiadura bizian zihoan tren baten deskarrilatzea bezala izan da, bortitza. Hala ere, bortitzagoa da hazkunde horren ondorioz gizarte patriarkatuak sortu dituen desberdintasun, lehiakortasun eta erailketa guztiak. Erailketak bai, erailketak diogu, milaka eta milaka pertsonaren zuzeneko zein zeharkako erailketak. Zuzenekoak, sistema madarikatu honen «hazkundea» bermatzeko asmoz sorturiko eta bultzaturiko gerrengatik. Zeharkakoak, gizaki zein ama lurraren eskubideen gainetik kapitala aurre jarri delako. Merkatu librearen izenean, mundua bera txikitu eta milioika pertsonaren etorkizuna zapuztu delako. Esklabotza bukatu dela behin eta berriz dioten berberek bultzatzen dute egungo esplotazioa. Merkatu librearen izenean, ume, emakume eta txiroen bizi-baldintzak garai bateko esklabotzaren antzekoak dira, euro baten truke bizi oso bat lanean. Hipokrisiaz beteriko mundu ilun honetan, koloredun gorbatak dituzten horiek, luxuzko jauregietan biltzen diren horiek, dituzte eskuak zikinen, beren irribarre horiek argazkian ateratzen dituzten berberak. Kapitalismoa txikitzailea da: kapitalismoak berak desberdintasunak eta injustiziak dakartza, amaigabeko hazkunde eta esplotazioan oinarritzen baita. Lehiakortasuna, hazkundea, abiadura eta desarrollismoa positiboak diren atributuak direla sinetsarazi digute gezurraren erreinuko jauntxoak direnak. Bitartean, guk, horren gainetik gizaki, herri eta ama lurraren eskubideak zenbakien, lehiaren eta abiaduraren bidez neurtzen ez direla diogunok, ez omen dakigu ezer. Ez omen dakigu zeintzuk diren gizartearen beharrak, eta, beti bezala, herriak ez gaituela aukeratu esango digute. Haiek, ordea, herriaren boza omen dira, eta nahi dutena egiteko legitimatuak daude. Demokrazia liberala itxura apaineko sagar ustela da, hiritarrek beren gestio eta interes pertsonalerako ematen dugun txeke zuria.

Guk, herriak kolore anitzeko mundu batean ikusi nahi ditugunok, interes kolektiboetan sinesten dugu. Jende eta herrien bizitza gerra baten interes ekonomiko estrategikoen gainetik daudela azpimarratu. Ez dago petrolio ezta koltanik guda bat egitea merezi duenik. Diruaren gainetik gu gaudelako, gauzak beste modu batean egiten hasteko garaia delako. Irribarre faltsuko gorbatadun horiek sartu gaituzten krisialditik ez gaituzte beraiek aterako. Herriek, munduko kolore anitzetako herriek, gauzak beste modu batera egiteko ordua dela ozen esan behar dugu. Zuri-beltzeko, zementuzko mundu honetatik haratago gizaki, herri zein ama lurraren eskubideak errespetatuko dituen mundu koloreduna nahi dugu. Horregatik, egun hauetan, Betleemen elkarturiko Munduko Gizarte Foroak mobilizaziorako egin zuen deialdiarekin bat egiten dugu, bestelako mundu bat sortzea ezinbestekoa delako.

Ibai Iriarte San Vicente.

EGKren Gipuzkoako koordinatzailea.

Itxialdiaz (askoz) gehiago



Martxoaren 28an Lokarri-k bere lehenengo itxialdia egin zuen Bilboko eliza batean, behialako bideak erabiliz aspaldiko eta gaur eguneko arazoei konponbidea bilatzeko asmoz. BERRIAk hurrengo eguneko edizioan orri erdia eskaini zion ekimen horri, baina egitarauko bi mahai-inguruetako baten kronika zehatz-mehatza egitera mugatu zen egunkari honek bidalitako kazetaria; Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak protagonizaturikoa. Eta, gainera, ederki nabarmendu zuen bien arteko (eta baita entzule batzuen artekoa ere, beren izen-abizenak aipatuz eta, bide batez, kazetaritza-ariketa ez oso txukuna eginez) desadostasunak.

Kazetariak adierazitakoa egia bazen ere, iruditzen zait ez zuela inolaz ere islatu itxialdiaren zertarakoa eta, batez ere, itxialdiak berak eman zuena. Izan ere, esan bezala, bai mahai-inguru hori eta bai ondorengoa (Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide baten eta biolentziarik ezaren aldeko abokatu ezagun baten artekoa) ondoren taldeka egin zen gogoeta interesagarria eta guztiz parte-hartzailea girotzeko egin ziren. Nahi izanez gero, han bildutakoa jendearen hausnarketaren emaitza Lokarri-ren webgunean irakur daiteke (www.lokarri.org). Baina, zoritxarrez, nago helburua desadostasunak nabarmentzea eta Lokarri-ren irudi jakin bat (baina ez benetakoa, nire ustez) ematea zela. Aldaketa politikoaz hitz egiteko, zilegitasuna eta zuzentasuna hainbestetan bereizi ditugun garai honetan, uste dut kasu honetan zilegi duela kazetariak bere kazeta-lana nahi duen erara egitea, baina berak badaki (eta BERRIAk ere bai) ez dela zuzena errealitatea horrela mugatzea eta desitxuratzea.

Esan bezala, hau lehenengo itxialdia izan da; ondoren beste batzuk etorriko dira; hurrengoa, apirilaren 25ean, Gasteizen. Gure herriaz kezkatuta dauden eta berau maite duten gizon-emakume guztiok zaudete gonbidatuta bertan parte hartzera. Baita BERRIA ere beronen berri ematera.

Aitor Etxebarria Zamora.

Portugalete.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia