Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:35

IRITZIA;2009-03-20;Denon erronka da eskolak euskalduntzea

Denon erronka da eskolak euskalduntzea

Nestor Esteban. Aitziber Larrea

Eskolak Euskaldundu herri ekimeneko kideak

Bazen behin eta bada egun ere, herri bat oso altxor maitatua duena. Herri honen hizkuntza eta kultura dira herritarrek gozotasunez zaintzen duten oparia. Baina ipuin guztietan bezala, herri honetan ere, Euskal Herrian, gaiztoak diren batzuk existitzen dira, eta inongo begirunerik gabe etengabeko erasoan dabiltza. Helburu argi bat dute: altxorra suntsitzea.

Baina herritarrak ez dira tentelak, eta, euren altxorraren defentsan ari zirelarik, plan horiek guztiak azaltzen dituen bide orria aurkitu zuten. Ikusi, ikusi, bertan agertzen zena:

«Operazioaren helburua: altxorra suntsitzea. Hau da, euskara desagerraraztea. Horretarako gutxinaka-gutxinaka arauak, ereduak eta legeak ezarriko dizkiegu, betiere kontuan izanik aldaketa horiek mozorratu beharko ditugula, ezer gutxi suma dezaten. Lehenengo gauza hizkuntza ereduak ezartzea izango da. Horrela atzerriko hizkuntzak sartuko ditugu eskoletan, horien artean aukera dezaten. Zer lortuko dugu horrekin? Euren herriko berezko hizkuntza ezagutzeko duten eskubidea urratzea! Kar, kar... ideia ederra! Hori izango da lehenengo fasea, eta, horrela, hiru ikasletik bakarra euskaldunduko dela ziurtatuko dugu».

Herritarrak haserre bizian jarri ziren horren berri izan zutenean, eta elkartuz indartsuagoak egiten garela jakinik, gure eskubideak bermatuak izan daitezen aldarrikatzeko antolatzen hasi ziren. Horretan zeudelarik, etsaien beste agiri bat topatu zuten, zazpi zatiz osatutako dokumentu baten zatia, alegia.

«Operazioaren bigarren fasea Nafarroa Garaian. Lehen fasea espero baino arrakastatsuagoa izan da, eta, hizkuntz ereduen ondorioz, bost ikasletik bakarra euskalduntzea lortu dugu. Gainera, gure asmoak babesten dituen Vascuenceren legea dugu gure alde! Hala ere, azpimarratu behar dugu prestatutako iruzurrak agerian geratzen ari direla, eta gure asmoak gehiago ezkutatzen saiatu behar garela. Gainera, oraindik ez dugu lortu ikasleak euskarazko lerroetan ez matrikulatzea; beraz, bide berriak aztertu beharko ditugu. Eureka! Garapenaren izenean, eredu berri bat ipiniko dugu: TIL (Tratamiento Integrado de las Lenguas). Izena panpoxoa da oso, eta, horrela, garai hauetako tendentziak probestuz, itxuroso agertuko gara jendartearen aurrean. Gure helburua TIL delako eredu bakarra gailentzea izango da, eta horretarako, makineria guztia jarriko dugu martxan: ingeleseko haur eskolak irekiko ditugu, nahiz eta herritarrak euskarazkoak aldarrikatzen ari diren, D ereduko ikastetxeei trabak jarriko dizkiegu, eta TIL ereduko ikastetxe berri-berriak irekitzen hasiko gara lurralde osoan zehar (eremu euskaldunenekin ere egingo dugu probatxo bat: Elizondon kasu). Bestalde, unibertsitatean, goi mailako ikasketetan eta lanbide heziketetan orain arte bezala jarraituko dugu, atzerriko hizkuntza erabat nagusi mantenduz. A! Ezin dugu ahaztu gure aurpegia zuritu behar dugula; hortaz, trikimailu batzuk asmatu beharko ditugu Perez Nievas-ekin eskuz esku lan egin dezaten. Euskarabidea? Bai, izen txukuna eta aproposa da. Libururen bat euskaraz, egoitza bat... Badakizu, diru pixka batekin mantenduko dugun txiringitoa, Xabier Azanza txotxongilo euskalduna baliatuz. Hori bai, ez dezala euskararentzat inongo aurrerapausorik ekarri».

Ipuinaren amaiera guri dagokigu idaztea, herritarroi. Gure eskubideen defentsan iruzurrei aurre egiteko garaia da. Euskalduntzearen bidean herritarrek elkarlanean aritu behar dugu, herriz herri eta auzoz auzo dinamikak piztuz, gure eskubideen bermea exijituz, benetan euskaldunduko duen hizkuntz eredu bat aldarrikatuz. Iruzurren aurrean erantzun behar dugu, dituzten benetako asmoak azaleratuz, gure seme-alabak D ereduan matrikulatuz, Nafarroako Gobernuari euskalduntzearen aldeko uholdearen indarra erakutsiz. Eman diezaiogun gure altxorrari merezi duen tokia!

Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta euskara ezagutzeko eskubidea berma dadila Euskal Herriko ikastetxe guztietan!

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia