'Apartheid' politikaren gezur mediatikoak
Joseba Leizeaga
Irudigilea
Ilegalizazioen auzia, atxiloketen edo, polizia operazioen bidez, egunerokotasunera gordintasun osoarekin agertzen zaigunean, komunikabide guztietan lelo nagusi bat (idea fuerza) hedatzen dute, auzia Ezker Abertzalearen esku dago. Bai, estatuak bere esku dituenak eta ez dituenak, Ezker abertzalea instituzioetatik kanpo uzteko ahaleginetan erabili dituenean, orain, Ezker Abertzalearen esku dago hauteskundeetan egotea, eta kanpoan geratzea bere ardura da, alegia, bere esku dituenak eta ez dituenak erabilita ere, Estatuaren nahietara makurtzen ez bada, alferrikako ahaleginak egingo ditu. Ezker abertzalearen ardura, zerrenda «kutsatuak» ez aurkeztea, zerrenda «txuriak» aurkeztea, ETA «infernura» kondenatzea... da. Instituzioetatik Ezker Abertzalea kanporatzeko neurrira ezarritako baldintza hauek ez betetzeak, hauteskunde lehiatik, instituzioetatik, instituzioetako joko politikotik kanpora gelditzea suposatzen du, bazterketa politikoa, apartheid politikoa. Oso argi daukate, ardura Ezker abertzalearena da, eta jadanik, aurkeztu nahi izate hutsagatik D3Mko zortzi kide espetxeratu dituzte. Mezua argi dago, Ezker Abertzalea egoeraren arduraduna denez, arduradunak espetxera...
Denboran atzera eginez gero eta Ezker Abertzalearen ibilbideari so eginez gero, egungo komunikabideetan ibilbide honi buruz aritzerakoan, tertuliazale edo adituek esaten dutena ikus-entzutean, bizi dugun egoera justifikatzeko Ezker Abertzalearen ibilbide politikoaren karikatura patetiko bat egiten dutela ikustea bitxia da. Bitxia, Ezker Abertzaleak Madrilgo Kongresuan aurkezteari, ez omen zaiolako politikoki interesatzen, uko egiten diola diotenean. Ezker Abertzaleak instituzioetan egin duen ibilbidea, oso modu laburrean, nik ezagutzen dudan bezala, azalduko dut. Lehenik, Ezker Abertzaleak Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, Batasuna, EHAK, ASB, EAE/ANV, D3M, Askatasuna eta hautesle plataforma guztiak instituzioetan politika egiteko sortu zituela azpimarratzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Borroka politikorako, herri borrokarako, baina batez ere, instituzioetan borrokatzeko. Ezker Abertzalea ez da sistemaren aurkako mugimendu bat, inoiz ez da izan. Ezker Abertzaleak, beti, bere jardunerako legedi espainiarra bete behar izan du, joko arauetara moldatu behar izan da, nahiz eta beti jakin duen legearen zirrikituez baliatzen.
Herri Batasuna, udaletan egon da, batzar nagusietan, Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarretan, Espainiako Kongresuan eta Senatuan, eta baita Europar Legebiltzarrean ere. Udal eta batzar nagusietan presentzia handia bazuen, Gasteizko Legebiltzarra denbora luze batez ez zuen aintzakotzat hartu, nahiz eta HBren azken urteetan egoera hori guztiz aldatu zen. Madrilgo Kongresura, kredentzialak hartzera joaten ziren, oraindik konstituzioari «por imperativo legal» zin egiten oroitzen ditut, edo Jon Idigoras gorbataz erregeari gutun bat ematen. Azkeneko aldiz HB Madrilgo Gorteetara aurkeztu zenekoa, ez dut inoiz ahaztuko, ezin dut. HBko diputatu eta senatariak, beraien diputatu agiriak jasotzera Madrilera joan ziren, mezu garbi batekin; Madrilgo Gorteetan Euskal Herriaren askatasunaren aldeko lan politikoa egiteko asmoa zutela adierazi zuten, Kongresuan eta Senatuan Ezker Abertzalearen presentzia izango zela. Alcala hotelean afaltzen ari zirela, estatu terrorismoaren eragileek tirokatu egin zituzten, ondorioz Josu Muguruza hil zuten, Iñaki Esnaola berriz, lau balaz, oso larri zauritu zuten.
Ezker Abertzaleak mezu hori, alegia, «ez zaituztegu hemen nahi» garbi jaso zuen. Ordutik ez da Madrilgo Gorteetara gehiagotan aurkeztu. Bere ibilbide politikoan, eraso asko eta gorabehera asko izan baditu ere, HBk legeak, joko arauak betetzen jarraitu zuen. PP jokoan sartu zenean, Alternatiba Demokratikoa, ETAren bake proposamenaren bideoa, hauteskunde kanpainan zabaltzeagatik, HBren Mahai Nazional osoa espetxeratu zuten. Baina HBk, joko arauen baitan, politika egiten jarraitu zuen, borrokan, plangintzan, kudeaketan, eta Mahai Nazional berria sortu zen. Ondoren, ilegalizazioen lehen zurrumurruak giroan zirela, HB Euskal Herritarrok (EH) bihurtu zen, Lizarra-Garaziren garaiak ziren. Ondoren, EH, Batasuna prozesuak ordezkatu zuen, Batasunak, Ezker Abertzalearen instituzio politikarako egitura Euskal Herri osora hedatu zelarik. Hortik aurrera, irailaren 11k sortu zuen uhin totalitarioaren bultzadarekin eta PSOE-PPk sinatutako Terrorismoaren Aurkako Itunaren babespean, alderdien legea asmatu zuten. Ordura arte erlijiosoki joko arauak halabeharrez bete dituen Ezker abertzalea jokoz kanpo uzteko helburuarekin, joko arauak euren interesen arabera aldatu dituzte. Alegia, Ezker Abertzaleak bete ezin duen araua asmatu dute, ditxosozko botere banaketa prestidigitaziozko esperpento bihurtuz. Hemendik aurrera, Ezker Abertzaleak egin dituen ahaleginak ustelak izan dira, 2006ko su-etenean ASB alderdia estatuko tresneriak bere sorrera unean zapuztu zuenean ere.
Eta ez du etenik. Beraz, norbaitek ez badu ulertzen eskubideen ukatze hau agerian uztea zein garrantzitsua den, ulergarri da Ezker Abertzaleari «zerrenda txuriak» aurkezteko eskatzea. Baina eskubide politikoen zapalkuntza hau, «zerrenda txuriak» aurkezten badira, ez du inork ikusten, eta nork salatuko du?
Apartheid bigun horretara mugatuko zen guztia. «Zerrenda kutsatuetan» aurkeztu diren guztien ekarpena eta militantzia aipatu beharrekoak dira, egoera honen gordintasuna agerian uzteagatik espetxeratuak izaten ari direnean. Baina ez dituzte banku bat lapurtzen harrapatu, inor hiltzen, bahitzen edo jipoitzen; politika egiten harrapatu dituzte, legearen joko arauen baldintzapean hauteskunde plataforma bat eratzeagatik. D3Mren alde sinatu dugun guztiak, notaritza edo udaletxe batean egin dugun bezalaxe, ez diskoteka batean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
