Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:30

IRITZIA;2009-03-03;Ingelesak euskara xurrupatuko ote?

Ingelesak euskara xurrupatuko ote?

Mikel Illarregi

Aresoko eskolako irakasle-zuzendaria

TIL edo Hizkuntzen Trataera Integratua delako egitasmoak aspaldi honetan sortzen duen kezka kontuan harturik, eta honek berak duen eta izan dezakeen garrantziagatik, iritzi ezberdinak mahai-gaineratzea ezinbestekoa ikusten dut, nahiz eta guztiek indar bera ez sorrarazi. Honek eztabaida zabal, luze eta iraunkor baterako nahikoa motiborik eman arren, ideia batzuk llabur azaltzen saiatuko naiz.

Zenbaitetan epe laburrean martxan jarriko bada ere, nire inozentzia guztia onartuz, egitasmo bat besterik ez dela nahi nuke pentsa. Hau guztia aurrera eraman ahal izateko arazo tekniko eta metodologikoaz gain, inplikatuen, hau da, Hezkuntza Komunitatearen kideon, arteko onespena eta horretarako eztabaida beharrezko ikusten dut. Dena den, eredu hau berritzat saldu arren, bere aztarnak ingelesaren ezarpena edo British zeritzan horretan du abiapuntua. Orduan, ezarri nahi kontrako bozak zertxobait altxatu ziren edo genituen; oraingo honetan, «ezjakintasunaren» aitzakian, isilago daramagu guztia.

Duela gutxi irakur zitekeen Mundu Handi honetan datozen urtetan 2.500 hizkuntza eta hizkera desagertzear zirela, epe ertainean batzuk, baina laburrean beste asko. Horien artean euskara ere agertzen zen, eta duela zazpi urte baino emaitza ilunagoak emanez. Horregatik, euskararen inguruan egiten den guztiak, bai indartzeko, baita ahultzeko ere, garrantzi izugarria du. Hizkuntzak elkarren arteko lehian ote daude? Lehian jartzen ditugu? Eleaniztasuna eta hizkuntza bakar batzuen nagusitasuna bateragarri ote?

Nik Hezkuntza eleaniztasunean kokatzea ulertzen dut. Horrezaz gainera, horren alde jarri eta pausoak eman behar direla garbi ikusten dut. Hizkuntza ezberdinetan gaitasuna lortzea nahitaezkoa ikusten dut, gero eta dinamikoagoa den gizarte honetan. Hala ere, onartu gabe ezin utzi saltzen diguten eleaniztasunaren funtsa oso abstraktua dela; gizarte diglosiko honetan non kokatu hizkuntza bakoitzaren funtzioa? Zertarako? Eta beste hamaika galdera egin behar da aurretik. Galderak egin, eta eztabaida baten ondorioz, erantzun bateratua eman. Dena dela, jakina da oso helburu ezberdinak daudela tarteko.

Eztabaida sakon honen aurretik aipatu Hezkuntza sisteman lehentasunak ezarri edota finkatu behar direla. Hezkuntza proiektua definitzerakoan, zertan inbertitu behar dugun garbi izan behar dugu, eta horretan luze iraun, zerbait neurgarria lortu arte. Egun, Kalitatea (?), ikasle banakoaren konpetentziak eta abar ezar ditzagun agintzen ari dira. Eta aspalditik Europatik datorren haizea dela medio, zentroen edota erkidego, estatu edo nazioen arteko lehia dugu jokoan. Gehiegi ez al da? Eta Hezkuntza Komunitate bakoitzaren autonomia non gelditzen da?

Orain, haize indartsu horren barnean, ingelesaren ezarpena gogorazten eta inposatzen digute. Horregatik, hizkuntzaren edota hizkuntzen atala zabala bezain korapilatsua gertatzen ari da. Hizkuntza bakoitza baliabide bat da, helburu bat lortzekotan, baina egoeraren arabera, helburu dira oinarria ezartzekotan. Beste modu batera esanda, banakoaren herriarekiko identifikazio soziala eta afektiboa aurkitu nahian, oso urruti edo, hobeto esanda, bigarren mailan ikusten dut bultzatu nahi den ingeles hizkuntzaren bilakaera. Zalantza askoren artean bat; zein arrazoi objektibo daude aurrerantzean ingelesak orain bezalaxe hainbat esparrutan hegemonia bereganatzen jarraituko duela esateko?

Globalizazioaren alde ilunetik ikusiz,elebakar ez, baina hizkuntza gutxi batzuen mende geratzeko arriskua ziurtatzen ari gara. Ezin ditugu onartu honelako hizkuntza politika inposatzaileak. Hezkuntza proiektuari herri izaera eman nahi diogunok, beste atalen artean, pentsa genezake frantsesak ere lehentasunetan hautazko hizkuntza behar duela izan.

Dena den, nik garbi dut lehentasunezko ildoa eta lana euskaraz bizi ahal izateko tresnak eta baliabideak ezartzea dela. Horregatik, egungo egoera ikusirik, non ikastetxeek «lektiboki» euskaraz funtzionatzen duten arren toki askotan ez den euskalduntze prozesurik, ez den euskara normaltasunez erabiltzea lortzen, premiazko lana eta helburua ikusten da horretan. Nahiko nuke egun ikasleek, eta, oro har, herritar guztiok, gizartearen leku eta esparru ezberdinetan herritar gisara euskaraz bizitzeko ahalmena eta gaitasuna lantzea. Horregatik, TIL honek, eztabaidatu eta onartu gabeko egitasmoak, ez du gizartea euskalduntzeko helburua. Baina nik oso garbi dut Hezkuntza Departamentuak ez duela hori helburua, beste modu garbi batean esanda, hau Euskal Herria ez denez, euskalduntzearen bidea sinesmenik gabeko asmoa da.

Egun dagoen ereduen organigrama ez da egokia, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko aukera ez baitu baimentzen. Baztanen onartutakoa Ttipi-ttapa-n irakurri ondoren, errespetagarria izan daiteke, baina nik neronek ez dut onartzen, ene ustetan kasu konkretu bati besterik ez baitio «soluziorik» ematen. Hor, ustez izan den malgutasuna ez dut fidagarritzat ematen, egungo egoerak ez baitu horrela pentsatzeko motiborik ematen. Atal askotan ikusaraz daiteke (curriculumen erabilera, adibidez), eta hemengo kasua amuaren moduan erabiliko da, besteak beste, euskarazko hezkuntzaren aldekoek kontra izan ez ditzaten. Edo gure artean iritzi bateratua izan ez dezagun. Hemengo egoerak malgutasunaren aitzakian talka egiten du, adibide moduan Sarrigurenen dagoen egoerarekin, non euskarazko eredua ezin daitekeen ezarri, eta gaztelerak eta atzerriko hizkuntzak indar handiagoa duten. Eta berria ez delako, aipatu gabe ezin utzi egun Nafarroa osoan, nahiz eta horrelako asmorik izan, Hezkuntza Departamentuko eskola guztietan ezin daitekeela euskaraz ikasi. Baina ingelesa, lehentasuna izanen duen eredua, ez da sartuko zonifikazio sailkapenetan... Zergatik ote? Nahi duenak uler beza! Amua prestatu dute, baina TILek gu xurrupatu aurretik, zer eginik badugu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia