Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 19:30

IRITZIA;2009-03-01;Globalizazioa eta gutxitutako hizkuntzak

Globalizazioa eta gutxitutako hizkuntzak

Patxi Juaristi

Soziologoa

Hizkuntzak mehatxatzen dituzten faktoreak hiru multzotan sailkatu daitezke. Batetik, faktore politikoak daude. Alegia, indarra zein ezkutuko bideak erabiliz, herri, gizarte edo estatu batek beste bat menderatzen du, gero hizkuntza politika zehatzak inposatzeko. Barnea harro duen alkateak aztaparretan ditu legeak. Bestetik, faktore fisikoak daude. Hondamendi naturalek edo gizakiek eragindakoek hizkuntza baten hiztunen desagertzea edo murriztea eragin dezakete. Ura eta sua gerritik behera! Hirugarrenik, faktore ekonomikoak eta sozialak daude. Hau da, herrialde bat beste baten mende gelditu daiteke, arrazoi ekonomiko edo sozialengatik, eta, ostean, herri menderatuaren goi mailako gizarte-klaseek, apurka-apurka, kanpotik etorritako hizkuntza eta kultura bereganatzen dituzte, euren jatorrizko hizkuntza eta kultura gutxietsiz.

Askotan, hiru faktore multzo hauek bereizita eragiten dute, baina, sarritan, elkarlotuta agertzen dira, aniztasun linguistikoa urte gutxitan desagerraraziz.

Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasa (2009) berritu du Unesco erakundeak (http://www.unesco.org/culture/ich/index.php?pg=00206). Bertan, argi esaten da gaur egun munduan hitz egiten diren 6.700 hizkuntzetatik erdia inguru desagertu egin daitekeela mendea bukatu baino lehen. Gainera, 1950. urtetik desagertu diren 241 hizkuntzen berri ematen da. Besteak beste, Australian sei hizkuntza desagertu dira, Brasilen 12, Txinan bederatzi, Indonesian 10, Papua Ginea Berrian 10, Errusiar Federazioan 19 eta Amerikako Estatu Batuetan 53.

Oro har, hizkuntzen atlas honetan, arriskuan dauden 2.498 hizkuntzen berri ematen da, bost biziberritze/arrisku mailatan sailkatuta:

-Salbu ez dauden hizkuntzak: umeek hitz egiten duten hizkuntzak dira, baina esparru zehatz batzuetan bakarrik (etxean, adibidez). Guztira, 607 hizkuntza daude egoera honetan (arriskuan dauden hizkuntzen %24,3). Unescok dioenez, talde honetan dago euskara (Unescoren arabera, 660.000 eta 700.000 hiztun bitartean dauzka euskarak). Dena dela, Iparraldean euskararen egoera are eta kaxkarragoa da. Unescoren arabera, guztiz arriskuan dagoen hizkuntza da.

-Arriskuan dauden hizkuntzak: umeek ez dute hizkuntza ikasten etxean. Orotara, 632 hizkuntza daude talde honetan (%25,3). Aragoiera (10.000 hiztun inguru) asturiera-leoniera (150.000 hiztun) eta gaskoia (250.000 hiztun guztira, 3.841 Estatu espainiarrean) hemen kokatzen dira, eta zerbait egiten ez bada laster desagertu daitezke.

-Guztiz arriskuan dauden hizkuntzak: aiton-amonen belaunaldiak hitz egiten du bakarrik, eta gurasoen belaunaldiak ulertu egiten du, baina beraien artean ez dute hizkuntza erabiltzen eta ez die euren seme-alabei transmititzen: 502 hizkuntza daude egoera honetan (%20,1)

-Desagertzeko zorian dauden hizkuntzak: aiton-amonak eta belaunaldi zaharrenak dira hizkuntza dakiten gazteenak, eta, gainera, oso gutxitan erabiltzen dute: 538 hizkuntza denetara (%21,5)

- Desagertutako hizkuntzak: hiztunak desagertu egin dira: guztira 219 hizkuntza (%8,8).

Argi dago ezinbestekoa dela munduan gertatzen ari den linguizidioa gelditzea. Izan ere, hizkuntza aniztasuna desagertzen bada, pentsamendu, kultura eta bizitzeko modu gutxi batzuk nagusituko dira munduan, eta, bizpahiru belaunalditan, McDonalds erraldoi batean biziko gara, non denok berdin jan, jantzi eta pentsatuko dugun. Hizkuntzak elkarrekin harremanetan sartzeko eta gure ideiak, emozioak, ezagutzak, oroipenak eta balioak adierazteko tresnarik garrantzitsuenak dira. Hizkuntzak nahitaezko bitartekoak dira kultur adierazpenerako eta ondare kulturala ikusiezina transmititzeko, eta ezinbestekoak dira gizakien eta gizarte-taldeen identitaterako. Arriskuan dauden hizkuntzak babestea ezinbestekoa da, beraz, munduko aniztasuna gordetzeko. Honela, agintariek eta hizkuntza komunitateek hizkuntzekiko jarrerak aldatu behar lituzkete, eta arriskuan dauden 2.498 hizkuntza hauek babesteko testuinguru politiko, fisiko, sozial eta ekonomiko egokiak sortu. Fishmanek dioen bezala, «Gaur egungo globalizazio prozesuaren baitan, hizkuntza txiki asko hil egingo dira. Hala ere, horien kulturek Wallmart edo Coca-cola baino askoz ere dohain humanoagoak dituzte. Beraz, gure mundua hizkuntza txikientzat ere mundu segurua izan dadin lortu behar dugu haiei lagunduz eta haiek gordez, gure hobe beharrez (eta haien hobe beharrez)». Nahikunde duenak indar badu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia